2017.02.01
Engainurik ez. Diskoaren izenburutik bertatik utzi du argi Pecozza United taldeak nondik abesten duten: Eszeptizismoaren poltronatik. «Oso postura erosoa da; ez duzu konprometitu beharrik ezerekin, eta beti duzu aukera ikusten duzuna kritikatzeko, zu zeure poltronan eserita zauden bitartean, behatzik mugitu gabe. Garen bezain mixerable erretratatzen dugu geure burua esaldi horrekin. Ez diogu barkatzen geure buruari ere». Beñat Muguruzak, Xabi Burgainak eta Lander Bidaurrek osatzen dute taldea. Orain bi urte kaleratu zuten lehen diskoa, eta bigarrena da oraingoa. Aurrekoan bezala, oraingoan ere gertuko gaien inguruko satira eta punka uztartu dituzte abestietan.
Arantzak kanporantz, eta arantzak barrurantz, bietara aritzen dira kolpeka taldekoak, eta Durangoko Azokan kulturgileen bilgune izan ohi den Zentro Palentinoari eskainitako abestiak frogatzen du hori. Lelo zuzeneko punk abesti zuzena: «Euskal kultura, euskal postura, euskal tortura… Zentro Palentinoan!». Eta Muguruzak azalpena: «Grazia egiten zigun taberna horretan egoten den girotxoak. Euskal kulturako jet-set hori, euren arteko elkarrizketa interesgarriekin… Gero, egia da, Xabi [Burgaina] eta biok hiru egun oso egon ginela Durangoko Azokan, eta 25 ordu emango genituen guk geuk ere Zentro Palentinoan! Famatukeria horretan gu ere. Bai, penagarria».
Eta antzera beste gaiekin ere. Zirikatzaile beti. ETBko programazioaren aurka, esaterako, “Baxoia euskaraz” abestian: «ETB antenatik at!». Unibertsitateko Bologna planari buruz, bestetik, Bologna ez da plana kantuan: «Bologna ez da plana! Uo!/ Ostiraletan klasera! Uo!/ Bologna ez da plana! Uo!/ Akabo nire siestak! Uo!». Eta zirtolari euskal kulturaz eta folklore zaletasunaz ere “Larrepetit” piezan: «Inor ez da prefeta bere herrian!».
Balio dezake diskoaren iraupenak taldearen musika ulertzeko; izan ere, bederatzi kanta ditu, guztira, diskoak, eta hamalau minutu inguruko iraupena. Abestirik luzeenak, bi minutu eta 36 segundo. «Eta hori, leloa sei aldiz errepikatzen dugulako!». Apaindurarik gabeko punka. Aitortzen du Muguruzak: hitzetan jartzen dute arretarik handiena.
«Zerbait ‘kabroia’ egitea»
Xehetasunetan jartzen dute begia maiz. «Ezingo genuke abestu Euskal Herriak bizi duen egoera orokorrari buruz, adibidez. Ezingo genuke abestu iraultzari edo euskal presoen egoeraz orokorrean, eta, gainera, orokorrean abesteko kanta guztiak eginda daude. Gure asmoa da ñabarduraren bat bilatu eta zerbait polita edo dibertigarria edo kabroia egitea».
HURRENGO KONTZERTUAK