Musika

Poparen eta jazzaren artetik

Beharbada bai, beharbada ez. Izenburu agian ireki, agian itxi horrekin —nondik begiratzen den— atera du Zamarra eta Aterkia talde nafarrak bere lehen diskoa, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin. Xabier Zamargilearen «proiektu pertsonala» da Zamarra eta Aterkia. Hitz batean, diskoa zerbait bada, «plurala» dela dio berak: «Kolore asko ditu, hitzaren eta musikaren aldetik. Nahiko politikoa eta eroa da. Egoera errealetatik abiatu —pertsonalak zein sozialak—, eta surrealismo ukitu bat ematen amaitu dut, mundua oso toki absurdoa eta eroa dela adierazteko, horrela bizi dudala nik behintzat».

Zamarra eta aterkia

Xabier Zamargileak gidatutako Zamarra eta Aterkia laukotea. (Mariaje Fuente)

Gaztaroan zenbait taldetan parte hartu ondoren (Zata, Diot), duela sei-zazpi urte musikari izan nahi zuela erabaki zuen Zamargileak, «modu afizionatuan». Horrela, gitarra klaseak hartzen hasi, partiturak osatzen ikasi, eta abestiak sortzen trebatu zen, talde bat sortzeko moduan sentitu arte. Zamargileak berak azaldu duenez, «musikari izateko bidean azken urteetan egindako lan hori laburbiltzen du disko berriak». 11 kantuko diskoa da, eta poparen eta jazzaren artean kokatu dute.

Oro har, giro alaia eta jostalaria du diskoak, baina, egilearen esanetan, tarteka «180 graduko bira» eman eta «gai larriak» ere landu ditu; horien artean, Mediterraneo itsasoko errefuxiatuen auzia Heriotzaren erresumaren bihotza” kantuan, eta Euskal Herrian izandako indarkeria eta bereziki tortura Plastikozko garaiak” abestian. Tonu aldaketa hori inorentzat «eskizofrenikoa» izan daitekeen arren, nabarmendu du mezu baikorra igortzen ahalegindu dela diskoarekin.

Zamargileak osatu ditu kantu guztien doinuak eta hitzak. Ahotsa eta gitarra akustikoa jarri ditu berak, eta beste hiru kidek hartu dute parte diskoan: Manex Albirak (gitarra), Beñat Artzek (perkusioa) eta Miren Arangurenek (baxua). Teknikari lanak eta teklatuko kolaborazioak Fredi Pelaezek egin ditu.

Abizenetik dator, nolabait, taldearen izena; lagunek Zamar deitzen diote, eta proiektua berea bakarrik ez dela ulertuta, ezpada talde batena, Zamarra eta Aterkia deitzea erabaki zuen. Izen berarekin, Lotara maketa plazaratu zuen aurretik Zamargileak 2014an. Ez, ordea, gaur alboan dituen taldekideekin. Orduko hartan, Jorge Abadia bere gitarra irakaslearekin eta Igor de Castro perkusio jotzailearekin grabatu zuen maketa.

Musika idaztea
Abestia bera idatzi egiten du Zamargileak, beste ezer baino lehen: «Beharrezkoa dut musika idatzita egotea; bestela, oso zaila zait taldeari komunikatzea, haiek nire hasierako ideia hori interpreta dezaten. Ez dut idazten musika klasikoan partiturak idazten diren bezala; akordeak eta melodia idazten ditut modu soilean, jazz musikarien antzera». Taldekideei erakusteko eta grabatzeko ez denean ere, oro har, musika asko idazten duela dio Zamargileak, «ariketa gisa». Idatzizko beste atala, alegia, kantuen hitzena, norabide bitatik osatzen du: «Musikatik saiatzen naiz horrek iradokitzen didan paisaiari hitzak jartzen; eta, era berean, hitz egin nahi dudan kontu horiei musika jartzen. Azkenean, buruan ditudan gaiak sortzen zaizkidan kantuei janztea da».

«Kantautorea infernuko harmoniekin». Hala deskribatzen du Zamargilearen lana haren lagun batek, eta gustukoa du musikariak bere lanaren definizio hori; kantautore baino gehiago, «talde batendako konposatzen duen musikaria» gurago du, halere.

Akustikoa, udazkenerako
Diskoa grabatu aurretik, zenbait kontzertu eman zituen Zamargileak hiruko formatuan, Albisu eta Artzerekin. Aranguren orain hasi da zuzenekoetan taldearekin jotzen, diskoan koroak grabatu ostean. Zuzenekoan ere, laukotea ariko da, beraz, aurrerantzean.

Zamargileak aitortu du diskoa udaberrian kaleratzeko asmoa zutela hasieran, baina, atzeratu egin denez, kontzertu gutxi lotu dituztela udarara begira. «Formatu akustikoa» izanik, beraiena areto txiki eta gertukoetarako proposamena dela zehaztu du. Hori horrela, espero dute udazkenean gehiago heltzea zuzenekoei.

ETIKETAK:Beñat ArtzeFredi PelaezGaztelupeko HotsakIgor de CastroJorge AbadiaManex AlbiraMiren ArangurenXabier ZamargileaZamarra eta Aterkia