2017.03.01
Lou Topet taldea Andoaingo Garate estudiora itzuli da aste honetan Pete Seeger kantari estatubatuarraren omenezko diskoa grabatzeko. Haren lau abesti moldatu ditu Zarauzko laukoteak, Martxel Arkarazo soinu teknikariaren agindupean. Horietako bat, “Norekin hago?” (“Which Side Are You On” jatorrizkoan), dagoeneko entzun dezakezu BADOK atarian.
Martxoaren 26an Loraldia jaialdiaren barruan Bilboko Arriaga antzokian eskainiko duen Eutsiko diogu, Pete! kontzertuan izango da salgai iraupen laburreko diskoa. Emanaldi bakar horretarako propio prestatutako errepertorioa landu du Lou Topetek azken hilabeteetan, eta horren testigantza uzteko asmoz grabatuko du EPa. Pete Seeger gogoan lanaren 300 ale argitaratuko ditu taldeak, eskuz egindako tirada zenbakidunean. Hala ere, euskarri digitalean ere eskuratu ahal izango da, doan. Horretarako webgune bat sortu du taldeak, seeger.loutopet.com, eta bertan izena ematen duenak aldez aurretik jasoko du diskoa.
2015ean argitaratutako Abesti bat gutxiago disko-liburuaren epilogo gisa har daiteke Lou Topeten grabazio berria. Lan hartan AEBetako hainbat kantu-egileren abestiak moldatu zituen taldeak (Jeff Tweedy, Cass McCombs, Bonnie Prince Billy, Damien Jurado, Pete Seeger bera…), Harkaitz Cano idazlearen laguntzaz. Oraingoan ere Cano arduratu da Seegerren kantuak euskarara ekartzeaz. Diskoan kolaboratu dute Joseba Irazoki gitarristak, Golvan Marin Valdivia abeslariak eta Joserra Senperena pianistak. Oier Aranzabalek (ahotsa eta gitarra), Oihan Larrañagak (baxua), Ander Zulaikak (bateria) eta Rafa Ruedak (gitarra) osatzen dute Lou Topet.