2016.11.11
“Aspalditik nenbilen buruko tapoi moduko bat kendu nahian, eta poema hauekin kendu egin dut». Bernardo Atxaga idazlearentzat liberazio ariketa bat izan da Harriaren hiztegia diskorako testuak idaztea. Urte hasieran egin zion Jabier Muguruza musikariak haur eta gazteentzako kanta bilduma bat sortzeko proposamena, eta lehen poema idaztearekin batera igarri zuen eskua askatzen idazleak. Diskoari izenburua ematen dion poema jostariarekin, hain zuzen ere: «Harriaren hiztegiak/ hitz bakar bat du,/ eta hitz hori da harri./ Esaten baldin badiozu,/ zer moduz gaur, harri?/ Berak erantzungo du: Harri! Harri! Harri!/ Galdetuz gero berari,/ aizu harri, nora zoaz?/ Berak agian irribarrez:/ harri, harri-harri-harri./ Zer izen du zure lagunak?/ Berak segituan: Harri./ Zein dira zure gurasoak?/ Harri, Harri-Harri». Testu horrek jarri zuen lehen harria, eta bederatzi kanta biltzen dituen diskoa kaleratu dute orain Mara Mara disko etxearekin.
Atxaga eta Muguruza, diskoko bi kantariekin: Naroa Zamora eta Daniela Etxeberria. (Marisol Ramirez / Argazki Press)
Egin beharrekoa zuten elkarlana. Hori sentitu du Muguruzak, behintzat. 1992ko Nafarroa Oinez festarako “Arraroa noski” abesti sonatua sortzerakoan egin zuten bat lehenengoz bi sortzaileek, eta elkarrekin haur eta gazteentzako zerbait sortzeko gogoz izan da geroztik musikaria. Orain arte. Eta pozik geratu da emaitzarekin. «Atxagaren letrak zoragarriak dira, magikoak. Egin du zerbait haurren mundutik eta haurren sentsibilitatetik oso hurbil dagoena». Gainera, Nafarroa Oinez-erako bildutako musikari talde ia-ia berbera elkartu du oraingoan ere: Michel Longaron baterian, Txema Garces baxu elektrikoan, eta Jon Mari Beasain gitarra elektrikoan. Baina, oraingoan, Naroa Zamora eta Daniela Etxeberria Donostiako Easo musika eskolako ikasleak aritu dira kantari.
Berezia izan da prozesua Muguruzarentzat ere. «Otsailean izan nuen osasun sustotxo bat. Ordurako hitz eginda genuen proiektua zer izango zen, eta, justu, ondo gogoan dut, otsailaren 23an susto hura izan, eta lagun batzuei esan nien. Atxagaren erantzuna izan zen Harriaren hiztegia poema bidaltzea, niri eskainita, eta oraindik ere hunkigarria egiten zait bere keinua. Nik uste ondo ulertu nuela mezua zein zen. Beste lagun batzuek animoak bidaltzen zizkidaten, eta Atxagak bidaltzen zidana zen mezu hori, esanez, ‘goazen aurrera, jarraitu behar dugu, hasi lanean, eta goazen aurrera diskoarekin’». Dioenez, gordeta dauka testu hori oraindik.
«Disko alaia egitea izan da gure obsesioa», azaldu du Muguruzak, eta jostaria da horregatik poema guztien tonua, eta jostariak dira horregatik abestien doinuak ere. 1989an kaleratu zuen Ja! Ja! diskoa eta Atxagarekin sortutako Nafarroa Oinez-eko kanta hartu ditu horretarako erreferentziatzat Muguruzak. «Musika ildo horretatik jotzea zen nire asmoa; pop-rock kutsuko janzkera eman, eta kanta alaiak sortzea». Grabazio prozesua ere bereziki alaia izan dela nabarmendu du Muguruzak. «Estudioko lanak bukatzean bazkari bat egin genuen musikari guztiok, eta denok bat etorri ginen puntu horretan. Grabazioa amaitzeko penaz bukatu zuten lehen grabazioa izan zela esan zidaten. Hori gutxitan gertatzen da, baina giroa halakoa izan da».
Orkestra isiltzea
Tapoiaren metafora hartu du berriz Atxagak, eta, aurreratu duenez, poema bilduma bat darabil orain buruan. «Etiopia atera nuen aspaldi batean, eta gero hainbat poema atera nituen sakabanatuta daudenak, baina poema liburu bat egiteko, nire kasuan, ez dut maite poema solteak bata bestearen ondoan jarri eta ateratzea, beti iruditzen zait behar dutela halako metafora nagusi bat». Eta diskorako poemak idaztean sentitu du metafora orokor hori. Eta, hortik, poema liburuaren aipamena. «Nahi baduzu, harriekin egindako etxe batean, poema hauek izango dira haurren edo gazteen gela. Asko lagundu dit ariketa horrek. Bat-batean libratu naiz, eta hasi naiz idazten».
Jabier Muguruza: “Disko alaia egitea izan da gure obsesioa; pop-rock kutsuko janzkera eman, eta kanta alaiak sortzea”
Hiztegia aipatzen du diskoko lehen poemak, eta beste bederatzi kantetan ere hitzak eta izenak dira testuen ardatz nagusia ere. Bere lan metodoa azaldu du idazleak: «Uste dut poesian egin behar dela orkestra batean bezala dena isildu, dena ekarri zerora, eta berriro hasi hitzak banan-banan hartzen. Nik hori egin dut: isildu, zerora ekarri dena, eta hasi hitzak aukeratzen. Harri, hontz, eta halakoak».
Haur eta gazteentzako diskoa da Muguruzak eta Atxagak kaleratu dutena, baina idazleak azaldu duenez, ez du gehiegi sinesten bereizketa horietan. «Badakit adina eta gure bizitza zatitu egiten dela, eta esaten dela haurtzaroa doala lehenik, eta nerabezaroa, eta gaztetasuna, eta… Egia da gorputzean asko antzematen dela, hori badakit nik ondo, baina buruan, gure gogoan, gure pentsamenduan, gure sentimenduetan ez dago halako alderik. Beraz, nik ez dut gogoan hartu gazteentzako aritzea: nire burutazioak eramaten ditut beste edozein testu balitz bezala».