Musika

Iñigo Astiz

2016.11.29

Iñigo Astiz

Naufragio batentzako abestiak

«Etsaiak taldearen naufragoak gara». Hitz horiekin hasi du EtsaiakEroak taldearen aurkezpena Aitor Ibarra Auo abeslariak. Ez da metafora hutsa. Finean, azken urteetan Etsaiak taldean aritutako musikariek sortu baitute EtsaiakEroak taldea, eta, gainera, talde hark landutako hardcore eta punk doinuak lantzen ditu honek ere. «Abiadura dute kantek, aldarrikapen asko dago, sistemaren, zapalkuntzaren eta gizartearen aurkako kritika hutsa dira hitzak. Eutsi egin diogu gure abiadura handiko arima aldarrikatzaile horri». Abuztuan hasi ziren kantak sortzen, estudiora joan, eta bost abesti biltzen dituen diskoa kaleratu dute orain: Naufragoak (Baga Biga).

7180004

Etsaiakeroak taldeko Jorge baxu jotzailea eta Auo abeslaria diskoa aurkezten, Bilbon. (Luis Jauregialtzo / Argazki Press)

Burutan izan zuten Etsaiak taldearen izenarekin jarraitzeko aukera ere, baina izen berria hautatu dute, azkenean. «Beste kontu bat da hau», azaldu du Auok. Gainera, Etsaiak taldearen sortzaile izandako Iñigo Arrasate Iñigito eta Paul Erdozia musikariak ez dira talde berrian sartu. «Etsaiak, oraingoz, geldi utziko dugu», zehaztu du berriz.

Diskoaren izen bera darama talde berriaren diskoko lehen kantak, eta printzipio deklarazio bat dela dio Auok. «Hor ikusten da nor garen, nondik gatozen eta nora goazen. Destroy batetik gatoz. Denok dakigu zer izan diren azken hogei urteak Euskal Herrian eta zelako egurra egon den. Abestiak esaten du lagun asko galduta daudela, erailak edo kartzeletan, baina gaur egun bizirik gaudela, zutik eta gogoarekin. Eta norantz goazen? Ba beti esan dugun legez, gure askatasunerantz goaz». Politikari ustelen aurka mintzo dira, bestetik, Fucking bastards” abestian, eta musikaren zirraraz ari dira Locos por el ruido” kantan.

Datorren urtean hasiko dira EtsaiakEroak taldekoak kontzertuak eskaintzen, eta talde baten zein bestearen kantak joko dituzte zuzenean. Auok azaldu duenez, ordea, moldatu egingo dituzte kanta zahar horiek, eta zehaztu du nola ere. «Etorkizuna” abestia, adibidez, Etsaiak taldearekin jotzen genuena baino azkarrago jotzen dugu, eta Lepoan hartu”, berriz perkusioarekin». Euskal Herriko hiriburu guztietan aritzeko asmoa dute, eta Bartzelonara, Madrilera, Mexikora eta Kubara joatekoa asmoa ere badute.

Etsaiak-en kanta berriak
EtsaiakEroak taldearen sorrera Etsaiak taldearen despedida ere bada. Auok zehaztu duenez, 1987ko abuztuan sortu zuten Etsaiak, eta urteurren kontzertua eskainiko dute horregatik datorren urteko abuztuan, baina emanaldi horrekin kito taldea. Azken disko labur bat grabatu dute, ordea, eta Bukaeraren hasiera deitu dute. Hiru kanta biltzen ditu CDak, eta Etsaiak taldearen azken estudio lana izango dela iragarri dute. Durangoko Azokan EtsaiakEroak taldearen diskoa erostean opari emango dute Etsaiak taldearen disko hori.

ETIKETAK:Aitor IbarraBaga BigaEtsaiakEtsaiakeroakIñigo ArrasatePaul Erdoiza