2022.06.08
«Nahi nuen atera barnekoa, berriz ere beste zerbaitetara pasatzeko. Nire disko gogor horretan kantu gehiago nituenez, ba, bota ditut. Ziklo baten bukaera da, zinez. Amaitzeko da luzaz izan dudan garai elektro-folka». Txomin Larronde Txo-k hirugarren bakarkako diskoa atera du: Eklektrikoak, eta badok.eus atarian dago entzungai eta erosgai. Instrumentalagoa den lan honek ez du giro intimorik eskas, erran baitaiteke musikariaren barrunbeak musikatu dituela, entzulea burbuila akustiko batean harrapatuz. Txakun taldeko izarrak Harrapa airea bakarkako lehen lana karrikaratu zuen 1999an, eta, dozena bat urtez mutu egon ondoren, Bordagaineko dorretik atera zuen, duela bi urte. Eklektrikoak diskoak ziklo baten bukaera markatzen du: berriz ere abiatzekoa baita akustikora eta talde lanera.
Bordagaineko dorretik II ere dei zezakeen. Disko bakarrean ezin izan baitzuen sartu urte luzeetan isilpean obratzen aritu zen guzia. Bere «garai elektro-folk» deitu duenaren hondar hamabi papurrak jaurtiki ditu, bere burua definitzen duen Eklektrikoak izenburua jarriz: «Izugarri popzalea naiz. Egiten dudanak ez du ez buru ez buztanik batzuetan, pasatzen bainaiz folk arrunt batetik teknora. Ez da rock gogorra enea, eraginak baditut reggae mundutik, afrikar musikatik… Azken batean egiten dut nahi dudana, erritmo batean sekula finkatu gabe. Maite badut zerbait ez diot galdetzen ene buruari egokia den edo ez: egiten dut eta kito».
Hala ere, koherentzia landu du diskoan, kantuak zerrendatzean logika bat aplikatu baitie: nota eta giro aldetik «entzungarriagoa» izan dadin.
Musika brikolatzailea
Berritasunik ez bere buruarendako: kantu guziak aspalditik egindakoak baitira. Konparazione, bigarrena, Esan Ozenki diskoetxeak atera zuen Basque Electronic Diaspora-ren bigarren konpilazioaren barne zen; «bakarra euskaraz». “Xtasio” kantua ere bai, hala-hala. “MontrealDownTown” kantuaren erritmo zalu eta biziak mugitzera akuilatzen du, musikariaren Quebeceko iraganari begi kliska eginez. “Satan” kantua ere ez da egun goizekoa, Harrapa airea diskoan baitu genesia. Diskoek kantuak egonkortzen badituzte ere, Txo teknologia berriez ongi baliatzen da, unean uneko nahien obratzeko.
Horregatik, musikari brikolatzailetzat dauka bere burua: etxeko estudioak nahi bertze moldaketa egiteko parada ematen baitu: «Kantuak eraikitzen ditut artisau batek bezala: notaka, klabierik gabe, eta maite dut. Jo eta ke ari naiz xitxuketan! Normalki, home studio batean baduzu klabiera, eskuz egiteko, baina nik ez dut sekulan ikasi». Hola ditu nahasten instrumentu birtualak eta akustikoak. Argi du: etxeko patchwork hau ez dela zuzenean erakusteko egina. Alta, orain, badu taula gainean aritzeko enbeiarik. Horregatik berrikusiko ditu kantu elektroniko batzuk, akustikoki jendaurrean eman ahal izateko: “Zer nahi izan” abestia da haietako bat.
“Kantuak eraikitzen ditut artisau batek bezala: notaka, klabierik gabe, eta maite dut. Jo eta ke ari naiz xitxuketan!”
Aldi honetan, etxetik jalgi da: Xano Haltzuetengana jo baitu, Urruñara (Lapurdi). Arras bertze lan egiteko manerarat itzuli da: arrunt akustikoa izanen den diskoa lantzen ari baita. Ez dio ezetzik erran, hala ere, ondotik moldaketa elektroniko batzuk egiteari. Lanaren zioa argitu du: «Ene buruari frogatu nahi diot ez naizela guziz iruzur egilea: erraza baitzait musika egitea ordenagailuaren bidez. Etxeko estudioan jainkosaren pare baitzara, edozein tresna eskura duzu. Kasu honetan, berriz, dakidana zuzenean eginen dut. Ahal bezain Txo izaten saiatuko naiz: biluztuko naiz. Etxean zure defotekin akomeatzen zara; kasu honetan, aldiz, behartua naiz zinez lantzera. Ez denean aski landua, Xanok etxerat igortzen bainau!». Etxeko bakardadetik talde lanera itzuli nahiko luke, ahalaz hirukotean, estudioko lanak finitu eta.
Teknologiaren bertuteez profitatzen bada ere, txanponaren ifrentzua gogoeta piztaile zaio: oraingo kontsumitzeko manerek arranguratzen baitute sortzailea. «Klikatzen duzu lehen kantuan; maitatu baduzu, segitzen duzu. Mirakulua da azken kanturaino heltzea». Berriki parte hartu duen mahai inguruaren berri eman du, zeinean diziplina ezberdinetako euskal sortzaileak juntatu baitira, EKEk antolaturik. Konklusioa: badutela denek arrangura bertsua: «Gazteek non dute musika aditzen? Sakelakoan; Youtubera doaz. Hor agertu ezean, ez zara existitzen. Horren biktima zara, agertzen baita zenbatek duten ikusi eta maitatu. Hiper zorrotza eta krudela da. Ohartu gara egoera berean garela».
Biltzar proposamena
Preseski, aspaldi da Txok musikarien biltzarra sortu nahi duela Itsasun (Lapurdi), musikarien ikusgarritasuna bultzatzeko, baina baita gogoetarako ere, halako musikarien sindikatu bat bezala. Bere garaian ZTK egin zuten bezala. Ipar Euskal Herriko sortzaileen babes gisako bat izanen litzateke: «Biltzar bat egiteak erran nahi du hitz egitea elkarren artean, jakinez oraingo belaunaldiak animaleko egoa duela, beraz lan amankomun bat egiteko ideia litzateke: euskal musikaren sor-marka bat. Izugarri zaila baita zure musikaren berri ematea. Behar da joko komertzial batean sartu. Informazioak itota gaude».
Izan ere, sentitzen baitu garaiotan badela «uhin» berri bat: Xofaldikoak, Murgi, Frikun, Xano, Txomin Catalogne, Paxkal Irigoien, Aguxtin Alkhat… Halaxe definitu du tendentzia berria: «Musika mota anitz irentsi dutenez, destrukzio moldakuntza batean ari dira, grafismo oso landuarekin nahasiz». Proiektua du berrikuntza horien halako konpilazio bat egitea USB gako batean bilduko lukeena, jendearen arras eskuragarri, nonahi salgai ezarriz: «Hemengo oraingo taldeen promoziorako litzateke, geure buruari ezagutarazteko, baina baita kanpokoei ere».