Musika

badok

2017.10.19

badok

Musika eta laborantza batuko ditu Baserriko Uzta ekimenak

Urtaro bakoitzean kontzertu bat, baserriko txokoren batean, baserriko lehengaiekin egindako otorduaz gozatu aurretik. Horra hor Baserriko Uzta ekimen berriaren proposamena. Zarauzko Garoa liburu dendak antolatutako Paperezko Kontzertuen ildotik, baserria, laborantza ekologikoa eta musika uztartzen dituen ekimena sortu dute EHKO kolektiboak, Garoak eta ZuZeu argitaldari elektronikoak.

Dagoeneko osatu dute lehen urteko egitaraua: azaroaren 4an, Antzuolako (Gipuzkoa) Pikunieta baserrian egingo da udazkeneko uztari dagokion saioa, eta Anarik emango du kontzertua; neguko uzta otsailaren 3an izango da, Etxarri-Larraungo (Nafarroa) Arbegain baserrian, eta Beltxaren Bikoteak jarriko du musika; udaberriko uzta maiatzaren 5ean dastatuko dute Urduñako (Bizkaia) Santa Clara baserrian, Rafa Ruedarekin; eta zikloari itxiera emateko, uztailaren 28an, Arbonako (Lapurdi) J. Zaldunbideren baserrian, Mikel Urdangarinek abestuko du.

IMG-20171018-WA0001

Paperezko Kontzertuak sortzera bultzatu zituzten arrazoiak daude Baserriko Uztaren atzean, antolatzaileek azaldu dutenez: “Kultura bultzatzeko, elkartzeko eta komunitatea indartzeko gogoak batu gaitu. Efimero eta iheskorra den jendarte digital bizkor honetan, hezur haragizko ekimen ukigarriak maite ditugulako”.

Saio bakoitza hiru zatitan banatuko da, goizeko 11etan hasita. Baserritarrak etxaldea erakutsiko die bertaratutakoei, bere ogibidea azaldu eta ekoizten dituen produktuak dastatzera eman. Ondoren, baserriko ukuilu, ezkaratz edo soroan kontzertua egingo da. Paperezko Kontzertuen antzeko formatua izango dute emanaldiek. Azkenik, EHKO kolektiboak baserrietako lehengaiekin egindako otorduaz gozatuko da.

Saio bakoitzerako salneurria 20 eurokoa da eta izena emateko baserrikouzta@gmail.com helbidera idatzi behar da.

ETIKETAK:AnariBaserriko UztaBeltxaren BikoteaGaroaMikel UrdangarinPaperezko KontzertuakRafa RuedaZuZeu