2017.06.26
Ipar Euskal Herriko musikari zenbaitzuekin solasean hasi, eta usu kezka bera. Hego Euskal Herrian jotzeko aukera eza, eskaerarik ez, kontakturik ez. Kezka horretaz mintzatzen hasi, eta beste bat agertu: Ipar Euskal Herrian Hego Euskal Herriko taldeak entzuteko aukera urria. Eta hasi da inkestatxoa. Zailtasun hori egiaztatu ote daitekeen oro har, ala kasu jakin batzuk diren. Muga administratiboak zer erran nahi duen euskal musikarentzat. Laster agertu dira korapiloak. Mugak ekar ditzakeen zailtasunak beste zailtasun batzuk ditu gordetzen. Mugak ez direla baitezpada uste diren lekuetan. Nondik begiratzen den. Ur handiak.
Kontua ez da musikarena, bakarrik. Kontua anitzez sakonagoa da. Eta horretaz ohartarazi du Ruper Ordorikak. Hor dago korapilo zailenetako bat. «Distantzia areagotzen ari da euskaldunen artean. Administrazio ezberdinetan bizi gara euskaldunok, bai politikoki eta bai, horren ondorioz, askotan, kulturalki». Erreferentzia kulturalen urruntze batekin lotzen du gaia kantariak: «Lehen, euskaldun jendeak mintzo baziren arrantzaz edo kabalez, gauza bertsuez mintzo ziren. Nahiz eta hitz ezberdinak erabili, mundu bati buruz ari ziren. Baztandar bat Baigorriko batekin erabat juntatzen zuten gaiak baziren. Orain, berriz, batek Telecinco ikusten du, eta besteak, France 3. Eta orduan erreferente kulturalak zeharo ezberdinak dira, ez soilik hizkuntzan». Hori aberastasun gisa ikusi nahi luke Ordorikak, baina horretarako badela lan deritzo. Hasiz, ikastetxeetatik, Ordorikaren ustez: «Niretzat izugarriko akatsa da Hegoaldeko ikastoletan frantsesa ez izatea beharrezko, ingelesa den ber. Horrek ere areagotzen ditu distantziak. Iparraldeko ikastoletan ikasi beharko litzateke espainiera, ingelesa ikasten den bezala. Aberasten du gure euskara jakitea iparraldeko %80ek mintzo duten hizkuntza».
Bizkitartean, begirune berezi bat baldin bada, musikan ikusten du Ordorikak: «Harreman handienetakoa ez ote den musikarien artekoa, hain zuzen ere», hori luke galdera. «Nahiz eta oso ttipia izan. Uste dut askozaz ere tarte handiagoa dagoela beste alor batzuetan». Literatura dauka beste alor horietako bat. Diskoak Hego Euskal Herriko argitaletxeetan argitaratzen dituzten hainbat kantari daudela, eta kontzertuak antolatu, antolatzen direla.
Azken aste hauetako zenbait ekitaldiri begiratzea aski da hori baieztatzeko. Maiatzean, MusikaZuzenean jaialdi akustikoan, Lapurdiko Tristtan Mourguyk eta Nahia Zubeldiak jo zuten. Bezperan, Oiartzungo Pagoan, Iparraldearen gaualdia zuten antolatua, Zoo, Fusible eta, berriz ere, Tristtan Mourguyrekin. Bilau taldea Gasteizko Errekaleorren aritu zen, Bilboko Mikel Urakenekin. Atharratzera ere joan ziren biak.
Mugaz gaindiko harremanak sakondu, zubi lanak egin, hori du bere xede aldarrikatua Ziburuko Maitenia ostatuak. Justuki, muga arazo horretaz jabeturik. Larrazken eta neguko igande arratsaldeak eskaintzen dizkio zuzeneko musikari. Hasi da zabaltzen egitasmoa, eta musikarien «eskaerak leku guztietatik» etortzen zaizkiola azaldu du Arturo Villanueva arduradunak; «aurreikuspenak gainditu» dituela. Izaro, Oso Fan eta Montauk arituak dira, adibidez. Gutxitan entzun daitezke horiek Ipar Euskal Herrian.
Publikoa ez da hedagarria
Muga baino haratago, musikaren munduko aldaketekin topo egiten da hor. Miarritzeko Atabal kontzertu aretoko François Maton zuzendariak ere baieztatu du ez dela kontzertu eskasean arazoa. Musikazuzenean webguneko agenda hartzea aski dela dio ikusteko zenbat proposamen baden. «Orain badira kontzertuak denetan, festibalak. Hainbeste talde, kontzertu, areto, jende, kasik zaila bilakatu da hitzorduen zerrendatzea, antolatzea, kontaktuak lortzea», baieztatzen du Willis Drummond taldeko Jurgi Ekizak. Eta horra nolabaiteko paradoxa. Nahiz eta krisia hortik pasatu den, nahiz eta baldintzak ez diren beti hoberenak, nahiz eta gero eta gehiagotan ikusi musika taldea bera antzokien alokatzen. Nahiz eta oraindik gehiago egin daitekeela pentsatu batek baino gehiagok, nahiz eta, beraz, muga administratiboa hor izan.
Ruper Ordorika: “Hainbat erdaldunek ez du inolako beharrik sentitzen folklorikoaz haragoko euskal produkzioa ezagutzeko. Eta hori da gure lana”
Arazoa ez dela eskaintzan, publikoa aurkitzea dela kontua, hori dio Matonek. «Publikoa ez da hedagarria», laburbildu du. Donostiako Luma taldeak Atabalen eman kontzertua dauka adibidetzat. Publiko gehiago espero zuten. Hortik ondorioztatzen duena da Atabal bera ez dela leku egokia horrelako saioentzat. Leku identifikatuak behar direla deritzo Matonek. Sarako Usopop jaialdia horietako bat dela dio. Jaialdi horren antolatzaileetako bat da Maton. Usopop identifikatuago ikusten du euskal taldeentzat, bai eta euskal publiko batentzat ere; identifikatuak orobat Herri Urrats edo EHZ. Iragan Herri Urratsen, adibidez, Ken Zazpi, Zea Mays edo Huntza izan dira talde erakargarrienetakoak, baita Ipar Euskal Herriko gazteentzat ere.
Baina horra arazoaren beste korapilo bat. Talde horiek afixa buruak dira. Beste kontu bat da oraindik afixa buruetan agertzen ez diren taldeentzat. Kasu horretan, anitzetan kilometro kontu bat da. Taldeak etxetik hurbil jotzen duen ala ez. Hurbilago eta lagun gehiago, nolabait sinplifikatuz. Sare sozialen garaian, badira kilometroak aise gainditzen dituztenak ere. Horietako batzuk nitxoak dira; komunitate txikiak. «Facebook sindromea» deitzen dio horri Ekizak. Lagun hautatuak: «Ez dira zure inguruko jendeak, baizik eta mundu guztian zurekin ados direnak. Batzuetan, kanpotik ez du ematen existitzen direnik ere». Mikrokomunitate horietako baten gisan ikus daitezke agian Angeluko Barojako zalditegian La Maisonek antolatzen dituen kontzertuak. Musika esperimentalean berezitua da egitura, arte garaikidearekin uztartzen duena. Bilbotik Jon Mantxi eta Miguel A. Garcia gonbidatu ditu berriki. Hego / Ipar baino, musika esperimentala da ala ez. Musika esperimentaletik Berako Ertz jaialdia ezagutu zuen La Maisoneko François Loustauk, baita Donostiako Nokodek ere. Eta horrela doa osatuz bere sarea Loustau.
Jurgi Ekiza: “Euskal komunitate honekin badut kezka bat. Ez da afizio batean sortua. Eta ez da aski zabala, indartsua, zatikatzeko horrelako gauza txikietan”
Kontua da mikrokomunitate horien erdian euskal komunitatearena pixka bat «arraroa» gelditzen dela, Ekizak azaldu duenez: «Euskal komunitate honekin badut kezka bat. Ez da afizio batean sortua. Eta ez da aski zabala, indartsua, zatikatzeko horrelako gauza txikietan». Norberarena ez den komunitate batean sartzea «zaila» ikusten du Ekizak. «Administrazio aldetik ez da deus blokeatzen», azken finean. Mugak bestelakoak dira. Willis Drummondekin bizi duena dauka adibidetzat: «Taldea aipatzean, rock basque [euskal rocka] dute erraten. Guretako ez du zentzurik. Egiten duguna da rocka. Erraten ahalko lukete sinpleki rocka dela. Gertatzen da euskaraz dela, baina rocka da. Eta guk ere barneratu dugu etiketa hori».
Eta horra beste korapiloetako bat. Betiko ur handiak. Gai hori «oso gai zaharra» dela oroitarazten du Ordorikak: «Zuk egin dezakezu zernahi, baina disko dendan zaudenean, beti egongo zara euskal musikan. Nahiz eta rapa egin. Hori oso gai zaila da. Kulturalki gure artean sare horiek aldatzen baldin badira etengabe, delako administrazio ezberdinen pean bizi garelako, gure harremanak Euskal Herriko erdaldunekin, zer esanik ez». Ordorikak argi du: «Munduak interes handia dauka kontsumitzaileak bilakatzeko». Kontsumitzaile gisa jokatzeko. «Bakoitzak bere gustuaren arabera. Hainbat erdaldunek ez du inolako beharrik sentitzen folklorikoaz haragoko euskal produkzioa ezagutzeko. Eta hori da gure lana. Beti izan da».
Betiko beste lan bat, edo aldarrikapen bat, komunikabide handietan euskal artistei leku gehiago egitea. Gaztea irratia dauka adibidetzat Xabi Etxeberrik (Bilau, Begiz Begi): «Ez dute euskal musika aski pasatzen». Kuotak beharrezkoak ikusten ditu Etxeberrik. Frantziako irratietan bezala. Kantu frankofonoak emititzea inposatzen die legeak. Euskal musikan den «kalitate handia eta dagoen dinamika» ez gehiago baloratzea damutzen da Etxeberri. «Aberasgarriago» litzateke. Baina, hor ere, egoera ez da arras beltza. Komunikabideetan ere, bada nondik hedatu.
‘Badok.eus’ da erreferentzia
Badok.eus dute erreferentzietako bat artistek. Etxeberrik«altxor» bat dela dio, «santza» bat. Ipar zein Hego, gero eta musikari gehiago dira automatikoki beren diskoak horra bidaltzen dituztenak. «Euskal kulturaren munduko jendeak segitzen du Badok. Ate bat da jende hauek hunkitzeko. Eta gero hauek hasten dira aipatzen beren inguruan», Ekizak baieztatua. Willis Drummond taldearekin Entzun! aldizkaria izan zuten zubia. Duela hamar urte sortu zela taldea, aldizkariko webgunean aurkitu hedabideen helbideen zerrendako guztiei bidali zieten diskoa. «Zenbait aste berantago, gure diskoa aipatzen hasi ziren». Eta harritu egin zirela ere gogoratzen du Ekizak. Hala Bedi irratiak disko zerrendak egiten zituela hilero, hilabete hartan lehena ezarri zuten Willis Drummond. «Eta gero kontzertuz kontzertu joan zen. Batean ikusiak, beste batera gonbidatu. Gu gogotsu ginen, eta denetara joaten ginen».
Garaiak aldatu dira, baina metodoak beti balio du. Hazparneko Falta taldea izan daiteke horren adibide. Hegoaldean kontzertu andana bat ematen ari da. Topatu.eus webgunean aurkitu gaztetxeen zerrenda hartu, eta mezu elektronikoak bidaltzen hasi ziren. Lehen fruituak horrela jaso zituzten. Badira sare pertsonalagoak ere. Bilau taldeak horrela eman zuen Errekaleorreko kontzertua. Han bizi den bat laguna dutela-eta, hark zituen ekarrarazi. Hortik hasi, eta haien kasuan ere hasi da hedatzen sarea. Euskal Herria txikia da batzuetan, zentzu onean. Harremanak izan badira, posible dira. Euskal kulturak, euskarak, eremuak, nahiz eta urrunduz joan, beti hurbiltasun bat ahalbidetzen segitzen dute. «Hurbiltasun» bat «sanoagoa» zaiona Xabi Etxeberriri.
Hark gazteago zelarik bizi izana du froga. Su Ta Gar biziki gustuko zuen. Eta Su Ta Garren kontzertuak eskura zituen. Bere auzoko lagunak Metallica zuen gustuko. Hori ikusteko, berriz, zailago. Gainera, euskara ahantzia zuen Etxeberrik, eta Su Ta Gar eta halako taldeei esker hasi zen berreskuratzen bere ama hizkuntza. Diskotik kontzertura, kontzertutik diskora. Musika gozatzeko aukerak ugaritzen. Eta artetik errateko, auzoa ere Su ta Gar maitatzen hasi zen.
(Berria egunkarian, 2017ko ekainaren 25ean argitaratutako artikulua)