2017.10.17
Bost urteren buruan, hirugarren diskoa plazaratuko du Mugaldekoak taldeak datorren ostiralean. Galdemoduen trilogia du izenburu lan berriak, hamasei kantu berri jasotzen ditu eta aurrerapen gisa “Onddo bila” abestiaren bideoklipa zabaldu du taldeak. Bideokliparen grabaketa Joseba Josevisky Larratxeren lana izan da, eta bideokliparen muntaia eta playmobilaren animazioa Raul Garcia Etxeberriak eta Mathilde Brugière-Gardek egin dute.
Mugaldekoak orain dela hamalau urte sortu zuten Edu Zelaieta idazleak eta Beñardo Goietxe eta Raul Garcia musikariek, poesia eta sustraidun musika (folka, countrya, bluesa, rocka…) uztartzeko. Aurretik bi disko argitaratu dituzte: Biziago sentitzeak dakarren muga inguruan (Gaztelupeko Hotsak, 2006) eta Begiak lekuko (Gaztelupeko Hotsak, 2012). Hirugarren lan honetan, nolabait hastapenetara itzuli da Mugaldekoak. Jatorrizko hirukote formatua berreskuratu du —Begiak lekuko-n Mattin Sorzabalbere baxu jolea batu zen taldera—, baina inoiz baino laguntza handiagoa izan du grabazio estudioan. Xavi Perez ‘Bull’ baxu joleak (Inadaptats) eta Ander Barrenetxea bateria joleak (Morau eta Agotak, Juan Mari Beltran) osatu dute oinarri erritmikoa, eta hainbat kolaboratzailek kolorea gehitu diete abestiei: Morau, Petti eta Idoia Gillenea ahotsetan aritu dira, Kotte Berrueta akordeoiarekin, Begoña Rudi pianoan…
Kontzeptu aldetik ere Galdemoduen trilogia gertuago dago lehen diskotik bigarrenetik baino, bertsioak baztertu eta konposizio propietara itzuli baita taldea. Raul Garciak eta Beñardo Goietxek sustraidun musikaren inbentario moduko bat osatu dute, taldearen hastapenetatik Mugaldekoekin erabat identifikagarria den folk-rock ildoari (“Bizitzeko inbentarioa”, “Etsaia”) beste hainbat giro gehitu baitizkiote. Bertan aurkitu daitezke Tom Waitsen giro uherrak (“Hurrup!”), Pascal Comeladeren jostailuzko bihurrikeriak (“Nire balentriak ez bezala”), folk ingelesa (“Bi kopa”), rockabilly peto-petoa (“Onddo bila”), tex mex baladak (“Orabideko errekako balada”), Mississippiko bluesa (“Emazteki langilea”) edota mugaldeko atmosferadun spoken word-a (“Astro-H”). Testu guztiak, Wislawa Szymborskaren poema bat salbu —aurreko bi diskoetan ere agertu zen poeta poloniarra—, Edu Zelaietak sortutakoak dira.
Diskoaren lehen zuzeneko aurkezpena datorren larunbatean egingo du taldeak, Arizkungo (Nafarroa) Kirikoketa jaian.