Musika

Mugako hirukoaren hirukoena

“Duela hamalau urte elkarrekin gertatu ginen mugaldean, Berako aduana zaharrean. Zimurtu zaigu pixka bat larruaren jantzia geroztik, eta buruko ilea bakandu. Nolanahi ere, musika eta literatura senidetzeko gogoak bildu gaitu berriz. Hirugarrenez”. Diskoa entzungailuan jarri, eta horiek dira Mugaldekoak taldearen Galdemoduen trilogia lan berriak dakartzan lehen hitzak.

Mugaldekoak-2

Beñardo Goietxe + Edu Zelaieta + Raul Garcia = Mugaldekoak. (Jon Urbe / Argazki Press)

Edu Zelaieta, Beñardo Goietxe eta Raul Garcia dira duela hamalau urte Berako (Nafarroa) aduana zaharrean elkartu zirenak. Zelaietak Mugaldekoak izeneko poema liburua argitaratu zuen 2004an, eta liburu hartatik «pertsonaia literario batzuk haragiztatu» ziren, Zelaietaren arabera: Goietxe, Garcia eta Zelaieta bera. Bi urtera, Biziago sentitzeak dakarren muga inguruan (GH, 2006) lehenbiziko diskoa atera zuten Mugaldekoak talde gisa, «mugaz eta mugez» ziharduena. 2012an Begiak lekuko kaleratu zuten, «begiradaz eta begiradez» ziharduena, eta bost urte geroago iritsi da Galdemoduen trilogia. «Galderaz, baina, batez ere, galderez aritzeko asmoa duena». Hala azaldu du Zelaietak: «Disko humanoa eta humanizatua da, gure kezkak, gure minak… batzen dituena. Eguneroko galderak, bizitza egunerokoan gauzatzen baita. Nik hala pentsatzen dut; hala pentsatzen dugula pentsatzen dut, asko pentsatzea ez bada».

Umore horrekin aurkeztu du diskoa hirukoteak. Hain zuzen, hirugarren diskoa dela aitzakia, hirukoarekin «jolastu eta jokatu» nahi izan dute diskoan, edukian nola diseinuan —Joseba Larratxe Josevisky-k egin duen azalean, kasurako —. Hirugarrenez sartu dituzte, halaber, Wislawa Szymborska poeta poloniarraren hitzak. «Trilogiaren kutsua indartzeko». Literatura eta musika uztartu dituzte, hala, hirugarren diskoan ere.

«Edu gure hitz irulea da betitik, eta alde musikala Raul eta biona da. Bigarrena bertsioz osatu genuen, eta oraingoan sormenera itzuli gara», azaldu du Goietxek. Alde musikalean, aurreko bi lanekiko aldea gitarren aldetik datorrela zehaztu du: «Hagitzez elektrikoagoa da». Estiloa ez dute aldatu, baina: «Mugaldeko country-folk-rocka da gurea. Bluesa sartu dugu pixka bat, eta oinarrian, batez ere, AEBetako musika dago. Sustraietako musika hori maite dugu».

Bertsioen bigarren diskoan maiteak dituzten musikariak omendu zituzten; Leonard Cohen eta Bob Dylan, besteak beste. Eta oraingoan ere utzi dute omenaldietarako zirrikiturik. Neil Youngen eta Tom Waitsen «itzalak» daudela aurreratu du.

Sormen klonazioa
Sormen lanari «klonazio eta adaptazio lana» moduko sinonimoak bilatu dizkio Goietxek. «Ez baita deus berririk gaur musikan, eta batez ere guri gustatzen zaizkigun estiloetan zaila da deus berririk asmatzea. Eta hori da egiten duguna, maite dugun hori».

“Mugaldeko country-folk-rocka da gurea. Bluesa sartu dugu pixka bat, eta oinarrian, batez ere, AEBetako musika dago. Sustraietako musika hori maite dugu”

«Su motelean» ondu dute diskoa, bi urte eta erdiko denboran. «Ondo etorri zaigu kantuak gureganatzeko, eta zuzenekoetan egin dugun lana defendatzeko». Kantuetan bitako formatuak daudela aipatu du Garciak; diskoari «kutsu elektrikoa» ematen dioten banda formatuko sei pieza batetik, eta kantu akustikoak eta poema kantuak bestetik .

Umorez bizi duten seinale, “Onddo bila” kantuaren bideoklipa zabaldu dute sarean, non Guardia Zibilen playmobil batzuk perretxiko bila ageri diren. «Baztan Bidasoan onddoak biltzea kasik erlijio bat izanen ahal da, eta hain euskalduna den hori kanpokoak egingo balu? Denaren abiapuntuan gure kulturarekiko autoironia eta transgresioa daude».

Azkenera arte umorez, diskotik diskora taldea gero eta musikalagoa bihurtu dela aitortu du Zelaietak, eta hirukoan alde «ez-ezinbestekoa» bihurtzear dela bera. «Argi dago laugarren diskoan ni ez naizela egonen. Zorte ona opa diet; segituko dugu lagunak izaten».

ETIKETAK:Beñardo GoietxeEdu ZelaietaGaztelupeko HotsakJoseba LarratxeJoseviskyMugaldekoakRaul Garcia