2017.01.13
Akerraren semeak direla diote, Independentzia ta Satanismoa dute lelotzat, tatuajeak eta piercingak maite dituzte, eta doinu bortitzen zale dira. Gari Arroyo (bateria) eta Lur Irulegi (baxua) hondarribiarrak, eta Xabier Kai Villanueva (gitarra) irundarra eta Dani Valera (ahotsa) trintxerpearra dira Aker Odol, urtebetean hamahiru kontzertu eman, EP bat grabatu eta ETBko Udazken loreak telebista saioan perretxikotara atera zen metal talde bikingoa.
Lehenago hirukotea ziren, Lur, Gari eta Enetz Larrañaga. Hondarribiko Psilocybeneako entsegu areto batean elkartzen ziren musika egiteko, baina asmo handirik gabe. “Tatuaje bat egitera joan nintzen —esan du Garik—, eta Kai ezagutu nuen. Gitarra jotzen zuenez, gurekin probatzera animatu nuen”. Gero, Kairen bitartez, Dani batu zitzaien, eta Enetzek utzi behar izan zuen. Lau geratu ziren, baina izena falta. Aukera bat baino gehiago aztertu zituzten: “Mikel Laboa Constrictor, Txakolin Bizkit…”, baina bide seriotik jotzea erabaki zuten, eta Aker Odol jarri zioten bandari. Izenean bakarrik ez, akerraren sinbologia askotan erabiltzen dute, itsasgarrietan, letretan, taldearen Facebook orrian ikus daitezkeen bideoklipetan… “Mitologian euskal kulturan indar handia izan du akerrak, eta horregatik bereganatu dugu”, gaineratu du bateriak.
Taldearen beste ikur bat Pablo Escobar narkotrafikatzailea da. “Zilarra ala beruna” abestiko protagonista da kolonbiarra eta bandaren elastikoetan azaltzen da: “Oso ondo saltzen ari dira, kontzertuetatik baino diru gehiago ateratzen dugu elastikoak saltzetik”, nabarmendu du Garik. Letra bortitza da abesti horretakoa eta, oro har taldearenak. “Baina ez dira death metaleko letra horiek —argitu du Lurrek—, tankeak, odol piloa, horrelakoak ez… Politika gehiegi ez dugu sartzen, baina ideologiari begiratuta, errazagoa da guretzat Escobarri buruz idaztea, Rodrigo Ratori buruz baino”.
“Politika gehiegi ez dugu sartzen hitzetan, baina ideologiari begiratuta, errazagoa da guretzat Pablo Escobarri buruz idaztea, Rodrigo Ratori buruz baino”
Entzuterakoan gehiegi ez da ulertzen, “horretarako agertzen dira CDan letrak”, baina Danik euskaraz abesten du, Euskal Herrian jaioa ez den arren: “Niretzat erronka da euskaraz abestea. Ingelesez idazten hasi nintzen letrak, baina esan zidaten euskaraz behar zirela, eta ez dut gaizki ikusten. Horrela, ikasteko aukera dut”. Garirentzat sinplea da: “Euskalduna da, hemen bizi delako. Eta gu Euskal Herriko taldea gara, eta euskaraz abesten dugu”.
Muturrekoa izan gabe, metal gogorra praktikatzen du Aker Odolek, zaleei lepoko mina eragiteko modukoa. “Karteletan begiratzen baduzu —hartu du hitza Lurrek—, denetarik garela esan digute: ‘metal hondarribi’, ‘metal terror’, ‘crust metal’, ‘metal crust terror’, ‘trashcore’… Eta ez dira guk jarritakoak”.
Ezustean harrapatu ditu
“Sekula ez nuen uste musika talde batean joko nuenik”, aitortu du Lurrek. Kai eta Dani gazteagoak dira, baina hainbat taldeetan aritu dira dagoeneko. Hala ere, beraiek ere ezustean harrapatu ditu Aker Odolekin hain azkar lortu dutena. Abuztuan, esaterako, bi egunetan Mairu beso maketa grabatu zutela kontatu du baxuak: “Eraso!-k jo zuen hemen [Psilocybenean] eta guk telonero bezala. Iraun Urkaregi teknikaria laguna da, eta asteburu pasa etorri zen, gurekin egotera. ‘Goazen aprobetxatzera’ esan genuen. Hasierako asmoa zen abesti pare bat grabatzea, gaztetxe eta aretoetara bidaltzeko, baina sei abesti grabatu genituen, ia toma bakarrean dena”.
Baina sorpresa handiagoa izan da laukotearentzat jo izan duten talde askorekin eszenatokia partekatzea. “Ez nuen espero kanpoko hainbeste bandekin jotzea —adierazi du Kaik—. Talde askotan lagunak ditugu, baina horiekin gutxi jo dugu; aldiz, Vancouver, Portugal, Errusia, Belgikako taldeekin jo dugu, eta Hate-rekin [Poloniako death talde ezaguna da]”.
Musika egiten bezain onak edo hobeak giza harremanetan dira Aker Odolekoak, “batez ere Lur eta Gari”, argi du Kaik: “Oñatiko gaztetxean jotzeko, bezperan deitu ziguten. Nik Madrilera joateko txartela erosita nuen egun horretarako eta Lurrek lortu zuen antolatzaileek hurrengo eguneko txartela erostea, afariaz eta gasolinaz gain, txartela ordaindu zidaten”.
Ingurukoek baieztatzen dute Aker Odolekoak saltzaile onak direla, baina gitarristaren arabera, konstantzia da taldea definitzen duena, eta emaitzak horri zor dizkiote: “Asteartero eta asteazkenero biltzen gara, ez dugu huts egiten. Hauek [Gari eta Lur] hasiberriak dira, autodidaktak, baina izugarri azkar ikasi dute”. Edonola ere, kontziente dira hasten ari den banda berri bat baino ez direla. “Orain arte berritasuna ginen —onartzen du Lurrek—. Hori bukatu da, eta gainontzeko taldeekin borrokatu beharko dugu jo ahal izateko”.
Taldekideak ados daude baxuarekin, eta 2017an lurralde berriak konkistatu nahi dituztela baieztatu dute. “Ondo legoke Bizkaia inbaditzea”, esan du Kaik, “edo Madrilen, Bartzelonan, edo Frantzian, edo biratxo bat Euskal Herrian”, Garik.
Akerraren odolak zerikusia izango du, baina batez ere ekinez egin dute bidea, eta urte hasi berrian urrutirago iritsi nahi dute, beste zerbait grabatu… “Eta Anestesiarekin jo”, hori delako Aker Odol taldekoek 2016tik atera gabe duten arantza bakarra.
(Bidasoko Hitza egunkarian argitaratutako artikulua)