Musika

badok

2017.11.02

badok

‘Madrilgo lagunak’, Joseba Tapiaren bideoklip berria

Azaroaren 8an kaleratuko du Joseba Tapiak bere disko berria, Besamotzak taldearekin grabatutakoa. Tapiaren ibilbideko 11 kantu biltzen ditu Besamotzak izeneko lanak, rock formatura eramanak. Horietako bat da “Madrilgo lagunak”, 2006. urteko Real politik diskoan jasotako abestia. Kanta horren bideoklipa plazaratu du Gaztelupeko Hotsak zigiluak.

Duela urtebete inguru jarri zuen Joseba Tapiak Besamotzak taldea martxan, hasiera batean zuzenekoak bakarrik eskaintzeko. Egitasmo horretan bere kantutegiko hainbat abesti rock formatura egokitu zituen Tapiak, beste hiru musikariren laguntzaz: Iñigo Telletxea (baxua), Iker Uriarte (bateria) eta Dani Narbarte (gitarra eta trikitixa). Diskoa hirukote formatuan grabatu du Tapiak, Telletxea eta Uriarterekin batera, eta besteak beste, Morau, Beñardo Goietxek eta Txuma Murugarrenek kolaboratu dute “Real politik” abestian.

Diskoaren lehen zuzeneko aurkezpena azaroaren 12an izango da, Usurbilgo Sutegi kultur etxean.

ETIKETAK:Beñardo GoietxeBesamotzakDani NarbarteGaztelupeko HotsakIker UriarteIñigo TelletxeaJoseba TapiaMorautxuma Murugarren