2016.11.13
Lau elkarrizketatu, bakoitza Euskal Herriko txoko batetik etorria: Ion Arakistain (Getaria), Aritz Ormazabal (Urretxu-Zumarraga), Asier Maiah (Gasteiz) eta Mikel Vega (Bilbo). Hitzordua, Azpeitian. Ezinezko egitekoa dirudien arren, Herbehereetako The Ex taldearen etorrerak posible egin du, eta aukera baliatu dugu kontzertuaren aurretik tartetxo bat hartu eta mahai baten bueltan esertzeko. Lau elkarrizketatuak, zain dugun ekitaldiaren gisakoetan ohikoak izateaz gain, kontzertu bat antolatzeak dakarren lan guztiaren jakitun ere badira. Eguneroko jardunean geldialdiak egin eta gogokoak dituzten talde eta artisten kontzertuak antolatzen dituzte, sona handirik inoiz gutxi lortu arren. Etengabe lurzoruaren pean bazterrak nahasten dabiltzanen ahotsak dira hauek.
2015eko maiatzaren 15a. Ostiral gaua da, baina beste edozein astegun izan zitekeen. Erandioko taberna bateko bigarren solairuko agertoki gainean, Norvegiako hirukote bat, The Geordie Approach. Hari begira, dozena bat pertsona daude: ez espero sold out kartelik horrelakoetan. Antolatzaileak Brown Handia kolektiboko kideak dira; Bilbo inguruko musikazalez osatutako taldea da, lehenago Wombat Booking edo Gure Hitzak kolektiboek hasitako bideari jarraitzen diotenak. Askok ezer gutxi dakite talde eskandinabiarrari buruz (abestiren bat edo beste entzun edo bideoren bat ikusiko zuten agian kontzertua antolatu aurretik, ez besterik). Horixe zen Mikel Vega kolektiboko kidearen egoera, baina, taldea ezagutu ez arren, 2015ean ikusi zuen kontzerturik onena huraxe izan zela dio. Ezohiko egoera irudi dezakeen arren, horrelakoak askotan errepikatzen dira Laudioko Orbeko Etxean, Getariako, Zarauzko eta Urretxu-Zumarragako gaztetxeetan, Azkoitiko Matadeixen, Berako Ostatuan, Tolosako Bonberenean, Bermeoko Kapillan, Baionako Le Magneton, Gorlizko Xurruten, Gasteizko tabernaren batean edota gure inguruotako beste hamaika txoko ezkututan.
Plazeretik eraldatuz
“Badago puntu idealista bat egiten dugun horretan, bestela ezingo baikenuke horrelakorik inoiz antolatu. Plazeragatik eta plazera emateagatik egiten dugu”. Argi du Vegak, eta baita mahaiko beste guztiek ere, eurek gozatuko ez balute ez liratekeela horrelako buruhausteetan sartuko. Konposizioetan arrisku puntu bat hartzen duten musika taldeak, esperimentaziotik edatera ohituta daudenak, noiz eta astegun batean gainera. Eta babes instituzional edo mediatikorik gabe, orokorrean. Nola da posible horrelako zerbait ekonomikoki bideragarria izatea? Vegaren kasuan, adibidez, kolektiboko kideek jarritako diruarekin eta sarreren salmentarekin finantzatzen dituzte ekitaldiok; diskoz osatutako denda ibiltari moduko bat ere badute, diru iturri xume gisa gauzak bideragarriagoak izan daitezen. Merkatuan tokirik ez duenak buruari pixka bat eragin behar dio ezinbestean.
Ion Arakistainere ohitua dago bere poltsikotik dirua jartzen, atzerritik datozen taldeei baldintza minimo batzuk bermatze aldera. Getariako gaztetxeak gaur egun duen kokalekua lortu zuenetik, hamabost urte inguru daramatzate NoIzNaHi kolektibokoek halako ekitaldiak antolatzen. 300 bat emanaldi izan dituzte, eta 600 talde inguruk partekatu dute agertokia bertan; ez dira kopuru makalak autogestioa eta DIY (Do It Yourself, hots, zuk zeuk egin) filosofia ardatz duen lagunarte batentzat. Honatx kolektiboaren manifestu batetik ateratakoak: “Inongo estilori muzin egin gabe, betiere zuk zeuk egina eredu izanda, hau da, inongo diru irabazi asmorik gabe, eta euskal eszena komertzialera irauli gabe, gauzak egiteko beste eredu bat posible dela sinetsaraziz”egin nahi omen dituzte gauzak.
Mikel Vega: “Badago puntu idealista bat egiten dugun horretan, bestela ezingo genuke horrelakorik antolatu. Plazeragatik eta plazera emateagatik egiten dugu”
Aritz Ormazabal bat dator halakoetan sartzeko musikarekiko maitasunaz gain filosofiak eta egiteko molde batzuek ere zeresana badutela. Urretxuko geltoki zaharrean kontzertuak debalde izaten dira, gazte asanbladak ordaintzen ditu gastuak, eta borondatea besterik ez zaio eskatzen ikusleari. “Askotan, gehien txunditzen direnak eta kontzertuak gogoratzen dituztenak interes berezirik gabe bertan harrapatu dituen ikusleak izan ohi dira”, dio Ormazabalek. Jendea ohitu egin omen da horrelakoetara; jada ez zaizkio hain arrotzak egiten doinu horiek. Arakistan eta Ormazabalek argi ikusten dute hausnarketa bat badagoela atzean eta underground delakoa, zerbait izatekotan, politikoa ere badela.
Underground, asko eta agian ezer esaten ez duen hitz hori, horrelakoetan erabiltzen diren beste hainbesteren antzera, esaldi hantustekoetan baino gehiago egunerokotasunean oinarritzen direnak agian. Asier Maiahek argi du: hitzak besterik ez dira, baina badago ideologiarik atzean: “Undergrounda existitzen da; politikoa da, eta beharrezkoa”. Desideologizazio eta moden mamua ere aipatu du, bere ibilbidean ezagutu behar izan dituen antolatzaile batzuenak batik bat: zenbait printzipio ederren izenean inongo fundamenturik ez egin eta minimoak errespetatzen ez dituztenenak. Bere kasuan, askotan kontzertuak antolatzerakoan ez omen du eskaintzen zaizkion taldeen musika entzun ere egiten. Eskaria lagunen batengandik badator, aurrera. Alderdi humanoa lehendabizi eta ororen gainetik. Maiah musikaria da (Viva Bazooka eta Los Nitxos taldeetan aritzen da, eta baita bakarka ere), eta antolatzen dituen kontzertu asko biran, kontzertuetan eta abarretan ezagututako kideenak dira. “Laguntasunagatik egiten dut. Ez da erabilgarritasun kontu bat, nik laguntzen zaitut zuk ni lagun nazazun tankerakoa; astegun buruzuri batean telebista ikusten egon beharrean beste taldeetako kideekin honetaz edo hartaz hitz egiten aritzea gauza ederra da, eta horrek asko betetzen du bat. Guk jaso nahiko genukeen tratua ematen saiatzen gara, eta, era berean, enbaxadore kultural modukoak ere bagara”.
Kontzertu bakoitza antolatzeak, leher eginda amaitu arren, hamabi orduko magia suposatzen duela ere gehitu dute mahaiaren ertz desberdinetatik. Vegak ongi asko daki musikaren mundu honetan ez dela hain ohikoa horrelako baldintzak aurkitzea. Gaur egun, beste hainbat proiektu eta saltsaren artean, Killerkume taldeko gitarrista da, baina aurrez izandako hainbat proiektutan ezagutu ditu industriaren ertz desberdinak. “BBK Live jaialdian jotzerakoan, adibidez, ez duzu halako traturik jasotzen. Ezin da orokortu, baina badago desberdintasun nabarmen bat tratu eta filosofia aldetik. Promotore profesional askok, ez guztiek, interes ekonomiko soilak dituzte; guk, aldiz, ez dugu ezer materialik irabazten. Badakigu Europan zehar biran aritzeak zer suposatzen duen, eta horrelakoetan oso garrantzitsua da zutaz arduratu eta eroso sentiaraziko zaituen norbait izatea”.
Tratua edonolakoa izanda ere, gauza jakina da jaialdi handiak gero eta ohikoagoak direla gurean, eta, segur aski, baita handiagoak ere.“Ez dut uste musikaz edo soinuaz gozatzeko testuinguru ona direnik jaialdi handiak; joan naizen bakoitzean sufritzeagatik ordaindu dudan sentsazioarekin bueltatu izan naiz etxera”. Vegaren hitzak dira, baina Ormazabal bat dator. “Nik ez ditut jaialdi handiak maite, entretenimendu hutserako balio duten sentsazioa baitaukat; zirku bilakatzen dira askotan, benetako esentzia galtzen da. Gainera, diru asko erabiltzen da taldeetan, soinu ekipoetan eta azpiegituretan, eta horrek kontsumo eredu arriskutsua sustatzen du ikusleen artean”. Garbi dago askotan musikazale porrokatuenak ere gustuko talde bat baino gehiago topa dezakeela horrelakoetan, baina ustezko dilemaren aurrean argi hitz egiten du berriz ere Vegak: “Horren atzean nortzuk dauden eta nola jokatzen duten ere gogoratu beharko genuke: entxufe politikoa duten rock enpresariak, multinazionalen publizitatea, langileen lan baldintza eskasak ahalbidetzen dituztenak, janari eta edari azkar eta garestia… Besterik gabe, nagusitxoak ere bagara, eta bakoitzak badaki zertan gastatuko duen bere dirua eta denbora”.
Makrojaialdiei kontrajarriz, argudia liteke kontzertu minoritarioak antolatzen dituztela jakitun derrigorrean finkatu behar dituztela sarrera merkeak, eta balizko filosofia hori horrelako kondizioek finkatzen dutela. Hau da, astegun batean free-jazz, noise-rock edota doom metala jorratzen duen talde baten kontzertua antolatzeak ezinbestean dakartzala muga horiek. Baina mahaian ez daude guztiz ados baieztapen horrekin. Brown Handia kolektiboan, adibidez, aldez aurretik garbi izan zuten kontzertuek prezio merke bat izango zutela, nahi ala ez. Nahiz eta beraiek dirua jarri behar izan edo talde potolo eta gustukoren baten kontzertuak antolatzeari muzin egin. Arakistain are urrunago doa: beraien urtetako lana beti euskaltzaletasunetik eta inguruotako musika aniztasuna sustatu eta talde txikiak indartzeko helburua ahaztu gabe egina dagoela dio, baldintza horiek abiapuntuan zeudela eta ez bideko oztopoek eraginda, alegia.
Rocka eta haratago
80ko eta 90eko hamarkadetan punkak eta hardcoreak gurean izandako eraginaz ez dago ezer askorik azaldu beharrik. Garai horiek izan ziren Andoaingo gaztetxeak edota Laudioko areto okupatuak atzerritik etorritako talde andana bere hormen artean hartu zituztenak. Entzuleen artean egon ohi ziren Arakistain eta haren lagunak. “Dudarik gabe, 80ko hamarkadaren erditik aurrera Euskal Herrian errotu zen DIY mugimenduaren oinordekoak baino ez gara”. Etengabe jarioan dabilen errekako urak beti berberak ez izan arren iturri beretik baitatoz. “Askotan ez gara kontziente Euskal Herriak duen potentzialaz. Inon gutxi dago hain kilometro gutxian hainbeste leku jotzeko. Nahiz eta minoritarioa izan beti. Europan, askotan hiriburuetatik pasatzen dira birak; hemen, askotan herrietara iristen dira. Eta antolatzaileak beti izan dira kontziente zer ari ziren antolatzen. 80ko hamarkadako punk-hardcore eztandatik aurrera”. Europan zehar hemengo gaztetxe zirkuituaz jakitun direla gehitu du Arakistainek.
Ion Arakistain: “Askotan ez gara kontziente Euskal Herriak duen potentzialaz, nahiz eta minoritarioa izan. Inon gutxi dago hain kilometro gutxian hainbeste leku jotzeko”
Kontzertu eta jaialdi sare horretan hezi dira denak. Maiahek eta Arakistainek kontzertuen harira ezagutu zuten elkar orain hamar urte, eta Vegak Urretxu-Zumarragan kontzertua jotzean ezagutu zuen soinu mahaian teknikari lanetan aritzen den Ormazabal. Batek, horrelakoetan, “beti betikoak” dabiltzala esan lezake, eta baita arrazoi izan ere, segur aski. “Batzuetan autismo puntu bat ere izaten dugu. Egiten duguna gehiago zabaldu daiteke agian, baina gutariko inor ez da ona marketing kontuetan”, aitortu du Vegak. Urretxu-Zumarragan saiatu izan dira harago joaten. BixamonaFest antolatu izan dute herri bakoitzeko jaietan, proposamen minoritarioak herrira zabaltzeko asmoz. Oholtzarik gabe egiten da jaialdia, lurrean eta publikoaren parez pare, bertako produktuekin ondutako afari merkea eskaintzen dute, eta bertako zein kanpoko taldeak izaten dira beti, ahalik eta pluralenak, eta ez soilik rocketik edota hardcore-punketik edaten dutenak. Ahal dela, genero aldetik ere ahalik eta parekideen izan dadin saiatzen dira, gainera. Berdin Getarian: bederatzi urtez antolatu dute NoiznahiFest delakoa herriko jaietan, eta Deloreanek jo zuen urtean 600 entzule elkartzea lortu zuten. Kexa baino gehiago nolabaiteko hasperen bat bota du Vegak horren harira, eta honako hau planteatu: zein areto beteko luke Swans bezalako talde batek orain hamabost urte, gerora jaso duten arreta mediatikorik gabe? Moda eta tendentzien joan-etorriek badute, beraz, zeresanik giro hauetan ere.
Gasteiz bezalako hiri batean astero kontzerturen bat ikustera mugitzen diren ehun pertsona egon badaudela dio Maiahek. Baina galdera interesgarri bat egin du: rockak hitz egiten al die gaur egungo gazteei? Dudak badituela ezin ezkutatu. Vegak ez du uste ezer txarra denik hori. “Ni musika irakaslea ere banaiz, eta klasean ikasleei zein musika estilo entzuten duten galdetu nienean honako hauek esan zizkidaten: trap-a, nightcore-a, dubstep-a, j-pop-a… Gure garaian hori galdetu izan baligute, punk, heavy eta technoa aipatuko ziren. Gauzak aldatuz doaz. Gaur egun, gazte asko ez dira kontzertuetara joan ere egiten, edozein estilo dela ere. Youtube dago. Halere, ni baikorra naiz. Gaur egun ikusten dudanaren arabera, jende gaztea ari da inguru hauetara heltzen, eta, punk erroetatik edan arren, ikuskera irekiagoa dute, eta proposamen berrietara adi daude. Estilistikoki zaila da esaten norantz goazen, baina esperimentazioak geroz eta toki handiagoa daukala esango nuke, 30 urtetik gorako musikarien artean batez ere. Nik uste dut jendea geroz eta gehiago animatzen ari dela horrelakoetara. Horrek endogamiara eta bunkerizazio batera eraman gaitzake, egia da, baina baita jende desberdinarengana heltzen lagundu ere”. Zaleen artean ere sortzen dira harremanak, nahiz eta alor honetan ere eboluzio etengabea gertatzen den. Uzta berriak zein zaharrak dira ongietorriak, halere, Vegaren ustetan. “Feedback oro da ongietorria; edozein aurrezagutza duten pertsonengandik etorrita, primeran. Izan ere, aberasgarria iruditzen zait ikus-entzuleen artean profil ezberdinak topatzea: taldearen aldez aurretiko jarraitzaileak zein musika estilo edo kontzertu mota hauekin batere zerikusirik ez dutenak. Bata bestea bezain baliagarria da”.
Aritz Ormazabal: “Publiko interesatua eta inplikatua izan dadin bilatu beharko genuke. Ni ez naiz publikoari begira egoten; etorriko dena etorriko da”
Ormazabalek, berriz, erroa bera kuestionatzen du: publiko masiboa al da bilatzen dena? “Nik esango nuke publiko interesatua eta inplikatua izan dadin bilatu beharko genukeela. Ni ez naiz publikoari begira egoten; etorriko dena etorriko da, eta kitto”. Era berean, Arakistainek mahaira dakar zirkuitu hauetan beti komentatzen dena: beti izan gara gutxi. “Nik euskal eszenan ez dut uste kantitate aldetik asko aldatu denik kontua azken hamazazpi urteetan. Anestesiak lehen baino jende gehiago mugitzen du gaur egun eta Bap edo Dut ikusten ez ginen jende asko egoten, gaur egun nahi bezain mitifikatuak egonagatik”.
Pablo Und Destruktion artista asturiarrari entzundakoak ekarri ditu gogora Maiahek: again, momentu hau ez da publiko berria sortzekoa, daukaguna mantentzekoa baino. “Askotan eztabaidatzen dugu ea nola lortu entzule berriak, baina daukaguna mantentzeko gauzak ondo egin eta ondo egiten jarraitu beharra dago. Gerta daiteke daukazuna galdu eta bilatzen duzuna inoiz ere ez lortzea. Helldoradok, Ibu Hots-ek eta AhotsGorak Gasteizen egindakoa handia da, adibidez. Erroak bota dituzte hirian, eta publikoa zaindu eta gauzak maitasunez eginez gero gauzek funtzionatzen dutela erakutsi. Ez dira masiboak izango, baina, nahikoa, gero etor dadila datorrena”.
Bertako lurzorua
Kontzertuak emanez Txinaraino iristekoa den talde frantziarra, hiru bateriarekin jotzen duen talde ingelesa edota poesia eta disonantziak nahasten dituen talde amerikarra euskal publikoari gerturatzea oso ondo dago, baina ba al du eraginik horrek guztiak Euskal Herriko taldeengan? Aho batez erantzun dute guztiek: bai, dudarik gabe. Gehienek antolatutako ekitaldietan bertako talderen bat ere programatzen dute, atzerritarrekin agertokia parteka dezaten. Ormazabalek Klak!son eta Jalai taldeetan jotzen du baxua, besteak beste, eta argi ikusten du afera. “Kanpotik datozen taldeak ikustea oso aberasgarria da bertako musikarientzat, talde horiek beti baitute ezaugarri interesgarriren bat. Gainera, kanpotik datozen musikariekin hitz egiteko tartea izaten duzu, eta gehienetan haiek ere desiratzen egoten dira hitz batzuk trukatzeko. Musikaria bazara, zertaz hitz egin izango duzu, eta horrek guztiak, modu txiki batean izan badaiteke ere, entsegu lokalera zoazen hurrengoan eragina izango du”.
Kontzertu hauek guztiak antolatzen dabiltzanak ezagutzeko asmotan bildutako lau lagunetatik hiru musikariak dira; estatistikoki korrelazio bat badagoela ezin uka, beraz. Ekitaldi horietakoren batean egondako edonork erraz ondorioztatuko luke, eta Vegak ere arrazoia eman digu. “Bertoko underground mundutik gatozen musikariongan emanaldi mota horiek eragin nabarmena izan dutela esango nuke. Gure Hitzak, Xurrut, Orbeko Etxea, Deustuko Gazte Lokala, Wombat eta abarren hasierako garaitik zirkuitu hau nahiko era aktiboan aritu izan da Bilbo inguruan adibidez, eta musika taldeetan ibili garenoi sekulako interesa sorrarazi digu. Guk nola edo hala lan honekin jarraitzearen beharra sentitu dugu, DIY espazio eta antolatzaileei esker ez baikenituzke gure talderik gogokoenak hemendik pasatzen ikusi izango, eta, askotan, zuk zeuk antolatzen ez baduzu ez baitu inork zure ordez egingo. Guztiz konbentziturik esaten dut nire bizitzan ikusitako kontzertu edota esperientzia sonikorik harrigarrienak testuinguru honetan bizi izan ditudala”.
NoIzNaHi kolektibokoek antolatutako kontzertuetatik pasatu dira, besteak beste, Akauzazte, Gaizkiñe, Dut, Borrokan, Lisabö, Autoa, Eten, Viva Bazooka, Killerkume, Fly Shit, Anari, Arrotzak eta Joseba Irazoki. Arakistainek dio hain zuzen talde horiek izaten direla gero prentsa espezializatuan arreta jaso eta goraipatuak izaten direnak, baita estatu mailan edo atzerrian ere sona izatera iritsi direnak. Estatu osotik datozenek ezagutu ohi dituzten taldeak dira, eta hemengo zirkuitua Europa osoan zehar ere ezaguna eta miretsia izan ohi dela dio. Era berean, euskal taldeek ere baliatzen dituzte harreman horiek kanpora biran joan nahi izanez gero. Ormazabal bera, adibidez, On Benito Joseba Irazokiren bikote formako proiektuari kontzertu bat antolatzerakoan sartu zen saltsa honetan guztian, orain hamar bat urte. Gerora beratarrak bidalitako eskaintzetatik tiraka osatzen joan da bere agenda, eta antolatu ditu munduko edozein txokotatik etorritako taldeen emanaldiak. Haritik tiraka eta tiraka, nodo bat gehiago bilakatu da atzerriko eta bertako taldeek eta antolatzaileek osatzen duten sare honetan.
Orain eta hemen
Arakistainek dioenez, bere kide batek askotan esan dio Internetik ez zegoen garaian giro berezi bat sumatzen zela beren ekitaldietan: askok ez zuten ikusi behar zutenari buruzko inongo informaziorik. Akorde bat bera ere ez zuten ezagutzen askotan, ezta taldeak akorderik joko zuen ere. Era berean, kexu da, tabernetan bildumak jartzen zituztenean beren abestirik gustukoenak pasatzen omen baitzituzten. Gaur, 2016ko urriaren 14an, Azpeitian gaude, eta The Ex ikusteko 400 bat pertsona batu gara, horietatik asko elkarrizketatuen musikari eta musikazale ezagunak. Beste askok agian lehen aldiz ikusiko dute taldea, segur aski Interneten abestiren bat edo beste entzuten aritu ondoren.
Asier Maiah: “Askotan eztabaidatzen dugu ea nola lortu entzule berriak, baina daukaguna mantentzeko gauzak ondo egiten jarraitu beharra dago”
Orain dela hamar urte, alboko herrian jo zuen talde berberak, Azkoitiko Matadeixen. Orduan ere aretoa bete zuten, euskal talde asko hartu dituen areto berbera hain zuzen, nahiz eta horrelakoetan gaurko arrakasta izatetik urrun egon askotan. Badaude taberna zuloan hasi eta jaialdi handietara salto egin duten taldeak, baita inoiz jauzi egin nahi izan ez dutenak ere. Dena dela, gu mahaitik jaiki gara, Jupiter Jonek gaua irekiko baitu, eta ez daukagu hori galtzeko inongo asmorik. Penaz, baina solasaldia nahi baino lehen amaitu behar izan dugu. Bidean, airean geratu diren kontuez ari garela, jaialdi handien inguruan honako hau bota du Ormazabalek: “Herriko azokako baserritarrari barazkiak erosi eta harekin tertulia eder bat izan edo merkataritza zentro batera joatearen artean aukeratzea bezala da”.