2017.10.04
Bi urtez behin kantu berriak argitaratzeko aspaldi hartutako ohiturari jarraikiz, bere ibilbideko 15. diskoa plazaratuko du Jabier Muguruzak urrian. Leiho bat zabalik du izenburu, eta zortzi kantu biltzen ditu. Diskoari izenburu eta hasiera ematen dion abestia estreinatu dugu BADOK atarian. Hemen entzun dezakezu.
Jabier Muguruzaren disko berriak aldaketa nabarmena dakar instrumentazioaren aldetik. Bakarlari moduan hastapenetatik lagundu dion oinarri akustikoa alde batera utzi, eta gitarra elektrikoak (Ander Mujika) eta elementu elektronikoak (Javier Carasueño) ditu ardatz oraingo honetan; modu horretara, soinu-paisaia berri batera eraman ditu abestiak Muguruzak. Hala ere, aldaketak aldaketa, Irungo kantariaren jarraitzaileak berehala ezagutuko ditu haren ohiko estiloa eta nortasuna: tempo lasaiak, hitz intimistak belarrira xuxurlatuak, dotorezia melodietan, emozioen alkimia…
Ahotsetan, aurreko zenbait diskotan bezala, Mireia Otzerinjauregiren laguntza izan du Muguruzak, eta gonbidatu gisa Miren Iza kantariak (Tulsa) hartu du parte. Hitzak, berriz, Iñigo Astiz, Angel Erro, Lourdes Oñederra, Jose Luis Padron, Gerardo Markuleta, Iñaki Irazu, Harkaitz Cano eta Iban Zalduarenak dira. Hainbat urtez Resistencia diskoetxearekin lan egin ondoren, bere zigilu propioarekin argitaratuko du Muguruzak Leiho bat zabalik, eta hilaren 25ean aurkeztuko du komunikabideen aurrean.
Diskoaren grabazioari buruzko erreportaia irakurtzeko, sakatu hemen.