Musika

Gotzon Hermosilla

2017.10.26

Gotzon Hermosilla

Leiho bat doinu berrietara

Gustura zegoen Jabier Muguruza (Irun, Gipuzkoa, 1960) azken urteotan jorratu duen ibilbidearekin. Eroso. Jazz laukote baten laguntzaz, gitarra eta piano akustikoetan oin hartuta, Mikel Azpiroz piano jotzaile eta kolaboratzaile fidelaren abaroan, molde hori giro sotil eta intimistak sortzeko baliabide egokia zelakoan zegoen kantaria. Baina orain «konfort gunetik», eroso sentitzen zen esparru horretatik, atera eta zerbait desberdina egiteko beharra sentitu du. Emaitzak Leiho bat zabalik (Mara Mara, 2017) du izena, zortzi abesti biltzen dituen disko argitaratu berria.

Jabier_Muguruza-2

Jabier Muguruzak ‘Leiho bat zabalik’ aurkeztu zuen atzo Bilboko Kafe Antzokian. (Luis Jauregialtzo / Argazki Press)

Muguruzak aitortu du «zail» egiten zaiola azaltzea zergatik utzi duen esparru ezagunaren epela jorratu gabeko bideetan barrena abiatzeko. «Erabaki baten ondorioa izan da, baina erabakiak ez dira momentu zehatz batean hartzen; norberaren barruan joaten dira pixkanaka-pixkanaka gauzatzen eta mamitzen», esan du. Eta horretan, Garik egindako adierazpen batzuk pizgarri izan zitzaizkiola azaldu du. «Konfort gunetik» irten beharraz mintzo zen Gari adierazpen horietan, eta horrek zer pentsaturik eman zion Muguruzari.

Arrazoiak baino gehiago, bide horretan «intuizioak» gidatu duela esan du Muguruzak: «Intuizioa oso inportantea da, eta kasu honetan intuizioak esaten zidan beste bide batetik beste paisaia baten bila joan behar nuela». Senak «doinu ez hain abegikorrak» bilatzeko eskatzen zion, eta hori «gaur egungo egoerarekin» eta bereziki kulturak bizi duen abagune «ilunarekin» lotu du musikariak.

Batez ere, bi dira bide ezezagun horietan barna abiatzean Muguruzak erabili dituen lanabesak. Alde batetik, gitarra elektrikoen soinura jo du, «soinu ez oso garbia, apur bat gogorra eta lakarra», esan duenez. Horretarako, Ander Mujika izan du bidelagun. Mujikak Napoka Iria taldean egindako lanetik ezagutzen zuen Muguruzak, eta horrek eraman du haren laguntza bilatzera.

«Proiektua Jabierrena [Muguruza] da, bere konposizioak eta ideiak dira», esan du Mujikak. «Nire parte hartzea izan da kantuak janztea, soinuari buelta bat eman nahi ziolako. Modu horretan aritzea eta orain emaitza esku artean edukitzea plazer bat izan da».

Elektronikaren hautua
Bigarren lanabesa izan du Muguruzak eskura lortu nahi zuen soinu berri horretarako, lehenengoa baino harrigarriagoa: elektronika, hain zuzen. Egileak nahi zuen zenbait abesti elektronika doinuen geruza batez apaintzea, eta, horretarako, Carasueño izen artistikoz ezagunagoa den Javier Vicente musikari eta ekoizlearengana jo du. Batez ere, Tulsa taldearekin egindako lanak erakarrita egin du Muguruzak Carasueñoren aldeko hautua.

Hala ere, eta aldaketa horiek guztiak gorabehera, Jabier Muguruzaren diskoa izaten jarraitzen du Leiho bat zabalik lanak —15.a kantautore gisa egindako ibilbidean—, eta Muguruzaren lan moldearen ezaugarri izan direnak agertzen dira diskoan: «Nire kantuak hor daude, nire abesteko modua eta abar», azaldu du. Kantu samur eta intimistak dira, «entzulearen belarrira xuxurlatuak», eta, esan duenez, diskoa argitaratu aurretik entzutea izan dutenek nabarmendu diote betiko Jabier Muguruza aurkitu dutela diskoan, aldaketak aldaketa.

Bestelako kolaborazioak ere baditu Jabier Muguruzaren lan berriak, Carasueño eta Ander Mujikaz gain. Ohi bezala, Mireia Otzerinjauregik ahotsa jarri du, eta, horretaz gain, Tulsa taldeko Miren Iza kantaria ere agertzen da. Diskoaren grabazio prozesua luzea izan da —zortzi hilabete, «ia haurdunaldi bat», Muguruzaren esanetan—, eta bi zatitan egin da: lehenengoa, Beran (Nafarroa), Iñigo Irazokiren gidaritzapean, eta, bigarrena, Carasueñok Zaragozan (Espainia) duen estudioan. Azala, berriz, Joseba Apaolaza aktoreak egin du.

Testuetan ere «puntu ilun bat» badagoela aitortu du Muguruzak, disko honetan hartu nahi zuen norabide berriarekin ondo uztartzen den zapore gazi-gozo bat

Kantuetako hitzei dagokienez, ohiko kolaboratzaileengana jo du Muguruzak, eta Iñaki Irazu, Gerardo Markuleta, Lourdes Oñederra, Jose Luis Padron eta Harkaitz Canoren testuak erabili ditu.

Horiez gain, aspaldiko bi kolaboratzaile ere berreskuratu ditu: Iban Zaldua —«oso hitz maltzurra» egin du, Muguruzaren esanetan— eta Angel Erro, eta, berrikuntza gisa, Iñigo Astizen poema bat ere erabili du, diskoari izenburua ematen dion Leiho bat zabalik” kantuan hain zuzen.

Testuetan ere «puntu ilun bat» badagoela aitortu du Muguruzak, disko honetan hartu nahi zuen norabide berriarekin ondo uztartzen den zapore gazi-gozo bat. Diskoaren izenburua jarri du horren adibidetzat: zabalik dagoen leihoak «argi printzak eta esperantzari irekitzen zaion zirrikitua»iradoki dezakeela onartu du, bai eta ideia hori zuela buruan izenburu gisa aukeratu zuenean, baina gaztigatu du oso bestelakoak direla izen bereko abestirako Astizek idatzitako hitzak.

Zuzenekoak prestatzen
Orain, Leiho bat zabalik zuzenekoetara nola eraman prestatzen dabil Jabier Muguruza. Data batzuk jada hitzartuak dituzte: aurkezpena azaroaren 10ean izango da Donostian, abenduaren 10ean Plateruenean (Durango, Bizkaia) joko du, urtarrilaren 18an Bilboko Kafe Antzokian, eta, geroago, Bartzelona, Elgoibar (Gipuzkoa) eta beste zenbait etorriko dira.

Zuzenean, Ander Mujikarekin batera arituko da, eta sanplerren bidez erreproduzituko dituzte diskoan agertzen diren doinu elektronikoak. Zenbait kantu zahar ere berreskuratuko dituzte, oraingo jantzi berriekin apaindurik aurkeztuko dituztenak.

ETIKETAK:Ander MujikaAngel ErroGerardo MarkuletaHarkaitz CanoIban ZaldiuaIñaki IrazuIñigo AstizJabier MuguruzaJose Luis PadronLourdes OñederraNapoka Iria