Musika

Mikel Izarra

2018.02.26

Mikel Izarra

Kvalvika, Garazi Gorostiaga (High aretoa)

Mise-En-Scène gure eszenan ezinbestekoa den Reuben Weedianaut kultur-astintzaile xededunaren alter egoa da. Ezinegonez jantzita behingoz jarri da lanean, eta undergroundaren zentzu zabal eta klasikoenean gainera. Argitalpen txikiak (Conteiner taldearena izan da lehenengoa) eta kontzertu ez ohikoak. Aste barruan, toki ez ohikoetan eta, batez ere, proposamen oso berezi eta gutxietsiak. Bizardunak bere maitasun guztia jartzen du, eta igartzen da. Data honetarako Eclectic Reactions diskoetxearekin bildu ditu indarrak. Izan ere, harreman estua izateaz aparte, hark atera baitu Garazi Gorostiagaren lehen lana: Irauten. Eclectic Reactionsek urteak daramatza material fina ateratzen: drone-a, ambient-a, live coding-a, dj saio bereziak… Dena tirada oso txikietan eta mimo handiz, normalean kasete formatuan. Eskertu behar zaie horrelako musika proposamenak beste mota bateko kartel batean txertatuta ez egotea, eta bakarrik primeran funtzionatzea. Bi indar hauek gidatuta heldu ginen High aretoko sarrerara. Areto ezohikoa benetan, itxura arraro eta iluna duena, baina ekitaldirako oso aproposa, ateko berba saioek erakusten zuten bezala (pitch-a gora eta behera, begira efektu hau, entzun duzu azkenengo hori…).

ArantxaElejabeitia

Lore sorta bat eman zioten Garazi Gorostiagari kontzertuaren amaieran. (Arantxa Elejabeitia)

Garazi Gorostiagak diskoa estreinatzen zuen. Drone, ambient eta esperimentazioz betetako 40 minutu dira. Hamar abesti, batzuetan anbientalagoak, bestetan erritmikoagoak, ia klub soinuetara hurbilduz. Kandela eta ordenagailuaren argien artean hasi zuen kontzertua. Ordenagailu eta kontrolagailuz prestatutako saioa ekarri zuen taula gainera. Urduri igartzen zitzaion eta ez zen gutxiagorako: lan honek duen energia eta intentsitatea zuzenean islatzea ez da lan makala. Argi eta drone soinuen artean Garazik publikoa ikuskatzen zuen. Bere begiradak publikoa erakartzen zuen, eta baita adi ez zegoena zigortu ere.

Entzuleen artean Magmadam, Kris II, Fernando Carvalho eta bestelako tokiko soinu artistak, begi eta belarriak zabal-zabal. Horrela, eta intentsitatea gutxika igoz, diskoko abestiak aletuz joan zen. Hiru edo laugarren soinu korterako Noe agertu zen. Fffist noise orkestran diharduen performer eta abeslaria frantsesez kantatzen hasi zen, normalean egiten duena baino askoz ere erregistro suabeagoan, umetxo baten tankeran xuxurlatzen. Abesti lasaiago eta onirikoetan bakarrik aritzen zen Garazi, eta erritmikoagoetan, soinu perkusiboez lagunduta, Noe sartzen zen. Biolin elektrikoa ere atera zuen Gorostiagak, zertzelada politak gehituz jaurtikitzen zituen soinu pistei. Bukaeran estasia, biek “laino guztien gainetik sasi guztien azpitik” errezitatzen. Txaloaldia, lore sorta eta guzti. Merezita.

Kvalvikak ez zuen bost minutu ere itxaron, eta atzean iada prestatuta zuen seta martxan jartzen hasi zen. Eibartarra gutxika hasi zen giroa berotzen, baina argi zegoen hau proposamen mugituago eta poperoagoa zela. Bigarren diskoa kaleratu du David Karbak. Aurrekoak proiektuari izena eman zion, eta Islandiatik ekarritako soinuen konposaketa ambientala zen. Oraingoan I’m your social network. I’m your talent show dakar, eta argi dago planteamendu aldaketa bat dagoela. Kolaborazioez gainezka dator Ruben Ramosen azala duen lan berri hau, eta bertan Karbak asko abesten du.

Horrela egin zuen zuzenean ere, ia bigarren abestitik bere ahotsa jarriz. Kantuok poperoagoak dira zentzu guztietan: melodia gehiago, arpegiatzeko gailuak, oinarri dantzagarriak… Ahotsarekin batera monotronarekin zirikatzen ibili zen Kvalvika, Andoni Gomez taula gainera igo zen arte. Gitarraz eta ahotsaz lagundu zuen eta nahasketa bitxia sortu zuten bion artean. Publikoa dantzan zegoen jada eta Davidek, hardcoreta keinuak eginez eta momentuz jarrera oso punka erakutsiz, musika industrialaren ertzetan dantzatzen duten konposizioak jorratu zituen. Oki Moki punk bikote gipuzkoarraren kamiseta izerdiz betea bukatu zuen kontzertua, irribarrea ahoan zuela eta bertaratutakoei eskerrak emanez.

Bilbon futbolak aisialdia monopolizatu duela esaten dutenentzat: hiri guztia hooligan-en mehatxupean zegoelarik, guk ostegun arratsalde lasai eta inspiratzailea pasa genuen soinu artean, eta istiluez jabetu ere ez ginen egin. Dena Mise-En-Scène, Eclectic Reactions, Garazi eta Davidi esker.

ETIKETAK:Andoni GomezDavid KarbaEclectic ReactionsFffistGarazi GorostiagaKontzertuakKvalvikaMise-en-ScèneNoeReuben WeedianautRuben Ramos