Musika

Iñigo Astiz

2017.04.05

Iñigo Astiz

Korrontearen aurkako kantak

“Ezinegona badut askatasunaren gaiaren inguruan, eta gaur egungo gizarte honetan aske izateak esan nahi duenaren inguruan. Denok ibai zabal baten barruan sartuta gaude, eta korronteak garamatza jomuga bererantz, eta nik neuk ere sarri ikusten dut neure burua korronte horren barruan, baina kantuak korronte horri kontra egiteko ahalegin bat dira nire kasuan. Kantuak askatasun lurraldea dira, eta alienazio horri kontrapisua egiteko nahian datoz». Askatasunaren aldeko defentsa hori eginez aurkeztu du Mikel Urdangarinek Margolaria diskoa (Elkar). Izan ere, sentipen horrek gidatu du oraingoan, dioenez. «Gizon librea ekartzen da gogora, gauza ederra iruditzen zaidalako libre sentitzea, nahiz eta libertate sentipen horrek momentu bat iraun. Horren aldeko aldarri bat dago». Kalean da jadanik lana, eta apirilaren 8an eskainiko du zuzenean aurrenekoz, Bilboko Campos Eliseos antzokian, Loraldia jaialdiaren amaiera ekitaldi gisa.

Mikel_Urdangarin_Durangoko_Azokan

MIkel Urdangarinek Loraldia jaialdian aurkeztuko du ‘Margolaria’, larunbatean. (Monika del Valle / Argazki Press)

Ohartu gabea zen Urdangarin, baina kazetari batek egindako aipamenak jarri zuen abisuan: hogei urte bete ditu aurten musikagintzan. «Zer edo zer berezia egiteko intentzioa oso presente izan dut. Itsasargi horrekin aritu naiz. Eta oso modu bortitzean sentitu dut hori. Aprobetxatu beharra nuela aukera hau esateko non nagoen, zer kezka ditudan, zerk mugitzen duen nire arima musikala oraintxe bertan, eta saiatzeko hori erakusten». Horregatik erabaki du taldera bueltatzea ere, azken urtean bakarkako bira eskaintzen aritu ostean. «Sentitzen nuenagatik, banekien emozionalki oso indartsua izan behar zuela diskoak, eta horrela abiatu ginen kantuen bila», azaldu du.

«Diskoa nahi nuen freskoa, bizia eta indar handikoa». Zuzenean izan ohi duen soinuaren biluztasuna du diskoak, Urdangarinen hitzetan, eta estudioan ahalegin berezia egin nahi izan du horretarako, eta batera grabatu dituzte abestiak. Urdangarin bera gitarra akustikoarekin, Rafa Rueda beste gitarrak jotzen, Angel Celada baterian, Jon Cañaveras baxuan, Koldo Uriarte pianoan eta teklatuetan. Aparte grabatu dituzte gero ahotsak eta Nika Bitchiashiviliren biolinak, baina, Urdangarinen hitzetan, garrantzitsua izan da estudioan batera grabatutakoaren gainean aritzea. «Bihotza, edo bihotzetariko bat, behintzat, musika, batera grabatuta dago». Bereziki gustura aritu da, gainera, prozesu horretan. «Dena eman nahi nuen, ez nuen ezer gorde nahi; hustu egin nahi nuen interpretatzean».

Bizitza kantatzea
Kanten artean badira 2014an sortutako pieza batzuk, baina, musikariak zehaztu duenez, abenduan idatzitakoak dira hitz guztiak. «Azkeneko lanetan nahita konfinatzen dut hitzak idazteko sasoia grabatu aurretiko azken hilabete horretara, bilatuz, batez ere, ardatz bat hitzetan, eta kantuen arteko bustidura bat». Askatasuna da diskoaren gai nagusietariko bat horregatik. Hitz guztiak ez dira Urdangarinenak, ordea: Gerardo Markuletak idatzi ditu, esaterako, Itsasoan euria” eta Dena neure baitako” abestien hitzak, eta Xabier Amurizaren testua darama Mendian gora” kantak. Imanol Larzabal abeslariak ere musikatuak zituen aurrez Amurizaren hitzak, baina bertsio propioa sortu du Urdangarinek.

«Sentitzen nuenagatik, banekien emozionalki oso indartsua izan behar zuela diskoak, eta horrela abiatu ginen kantuen bila”

Bere bizitzako «soinu banda» izan da Imanolen abesti hori musikariarentzat, eta omenaldia egin nahi izan dio horregatik. Dioenez, «bortitza» izango da akaso bere moldaketa aurrez ere Imanolen moldaketaren zale direnentzat, baina berak hitzak ulertu dituen ikuspegitik egokitu du musika, eta bertsio alaiagoa egitera eraman du horrek. «Diskoaren funtsa laburbil dezake kanta horrek. ‘Kantatuko dut bizitza’, dio une batean, eta nik ere kantatu nahi dut bizitza, bere alde ilun eta guzti». Eta abestiaren azken lerroak aipatu ditu horren froga gisa: «Bestela datozen penai/ ez diet surik bota nahi/ ni hiltzen naizen gauean behintzat/ eizue lo lasai». Imanolek abestitik kanpo utzitako Amurizaren bi ahapaldi ere berreskuratu ditu, gainera, bertsolari eta idazleak hala eskatuta.

Bihozkadei adi
Bihozkadek gidatzen dutela dio, eta halaxe hautatu zuen diskoaren titulua ere; bihozkada betean. Eskutik eskura deitzekoa zen berez diskoa, eta abian zuten jadanik sustapen kanpaina ere izenburu horrekin. Baina nahasketa eta masterizazio lan guztiak bukatu berritan, eta Victor Sanchez estudioko teknikoa CD amaituari errotuladorez izena idazteko zorian zenean, Urdangarinek ezetz, diskoaren izena ez zela ordura arte pentsatu bezala Eskutik eskura izango, baizik eta Margolaria. Diskoaren azala egin dion Alain Urrutia artistari ere egiten dio erreferentzia izenburuak, musikariak dioenez, hain justu harekin egin zuelako amets diskoari izena ematen dion abestiaren hitzak bukatu ezinik zebilenean. «Oihal zuri erraldoi baten aurrean ikusi nuen amets hartan Alain Urrutia, ni neu kanta haren aurrean nengoen bezala. Amildegi ertzean nengoen, zerbait idatzi behar nuen, eta Alainek gidatu ninduen. Frenesi moduko batean ikusi nuen, zoro, pintura kolpe batean irudikatu nuen, eta hura hala ikusteak lagundu egin zidan hitzak idazten».

ETIKETAK:Alain UrrutiaElkarGerardo MarkuletaImanolMikel UrdangarinRafa RuedaXabier Amuriza