Musika

Kontrako bulkaden tentsioa

Tristtan Murgi (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1982) eta Horeba taldea gustura daude dUAL 1/2: Gordeka diskoaren aurkezpen kontzertuetan jasotzen ari diren erantzunarekin. Murgik idatzi eta konposatutako kantek osatzen dute disko bikoitza izango denaren lehen erdia. Dualtasunari buruzko lana da, Murgiren beraren bidaia eta bizipenetatik abiatzen dena, eta kontrako bulkadez, emozioen gorabeherez, mintzo da. «Bizian, batzuetan alai gara, besteetan triste. Batzuetan, abestiak hasten dira nahiko azkar; besteetan, oso leun, eta pixkanaka aberasten dira. Esan nahi nuen zer den niretzat dualtasuna», azaldu dio musikari lapurtarrak BERRIAri.

tristtan

Tristtan Murgi eta Horeba taldeko kideak.

Bakarlari klasikoen estilotik abiatuta, «gaurko egunari eta etorkizunari begira» jarri nahi du Murgik. Nahasketa oso pertsonala egitea lortu du, bossa nova, pop, rock progresibo eta elektronika koloreak elkarrekin uztartuz, kantautoreen ohiko gertutasun eta giro akustikoei uko egin gabe. Murgik aipatzen dituen erreferentzia eta iturrien artean dira, besteak beste, Mikel Urdangarin, Petti, Caetano Veloso, Nick Drake eta King Crimson.

dUAL 1/2: Gordeka (Ipar Orratza Diskak) lanak bederatzi abesti biltzen ditu. Maitasuna eta bidaiak dira abestietako gai nagusiak. «Bizi izan ditudan uneak, zirrarak, kontatzen ditut. Nire bidaia munduan. Beti sentitzen gara ezberdin beste lurraldeetan. Beti joateko gogoarekin, baina, han naizelarik, pentsatzen dut Euskal Herrian. Hor sartzen da dualtasuna. Nahikaria beti da deskubritzea mundua, aberriaren mugak haustea. Azkenean, beti sentitzen naiz preso, baina bere presondegia hautatzen duena».

Musikan ere islatzen da bidaietako mugimendua. Horeba taldeko kideen —tartean Murgiren arreba Flore-Elise eta Arthur anaiaren— ekarpenak laguntzen du kolore askotariko paisaiaren esplorazio horretan: tronpeta, arrabita eta klarinete soinuekin. Aymeric Gnimassouren nahasketa lanak, berriz, dimentsio elektronikoa gehitu die kantei, sampler, efektu eta gitarra elektronikoen ukitu zainduekin.

“Nahikaria beti da deskubritzea mundua, aberriaren mugak haustea. Azkenean, beti sentitzen naiz preso, baina bere presondegia hautatzen duena”

Diskoaren izenburua osatzeko aukeratu du Gordeka” abestia Murgik. «Kontatzen du musika munduan nondik hasi nintzen. Hasi nintzen pentsatu gabe zer bilakatuko zen. Momentu batean gordean egin nituenez, askatu behar nuen; jendearen aitzinean nire musika aurkeztu behar nuen».

Murgiren azken lana orain arteko bere bigarren diskoa da. Aurretik, Trobador plazaratu zuen. Orduan, Murgik gitarraz bakarrik lagundu zituen abestiak. Lehen lanetik bigarrenera abestiak gehiago landu dituela adierazi du. Murgik berak jarri du kanten oinarria, ahots eta gitarrarekin, eta, ondoren, taldeko kideek zabaldu dituzte abesti bakoitzaren mugak. Lan egiteko modu berari eutsi diote disko bikoitzaren bigarren atalaren grabazioan ere. Murgik grabatuak ditu dagoeneko ahots eta gitarrak, eta Horebako kideak ari dira instrumentuak gehitzen, pixkanaka. Urrian aurkeztea espero dute.

dUAL 1/2: Gordeka-n zalantzak eta galderak proposatzen ditu, eta hurrengo diskorako erantzunak iragarri ditu Murgik. «Atzematen duzu konponbidea ez egoteko beti zalantza horietan, betiko kezkekin edo galderekin. Azkenean, askatu behar dira galdera horiek osotasun handiago batean sentitzeko».

Oraingoz, diskoaren aurkezpen kontzertuekin jarraituko dute Murgik eta Horebak. Tokiaren arabera, formatu desberdinetan eskaini dituzte emanaldiak. Kantariak guztiak ditu gustuko. «Bakarka edo binaka giroa sortzea da garrantzitsua, pertsonalagoa izaten da. Taldean, aldiz, gakoa da nola eman bakoitzak berea, kantuak erran ahal duen guztia erran dezan».

Hurrengo kontzertua urtarrilaren 21ean izango da Ainhize-Monjolosen (Nafarroa Beherea), Laborantza Ganberaren aretoan, 19:00etan hasita. Ondoren, taldeak etena egingo du disko bikoitzaren bigarren atala grabatzen bukatzeko, eta martxoaren 25ean Gasteizen itzuliko da, Parral tabernan eskainiko duen emanaldian. Horrez gain, maiatzaren 14an, Herri Urrats festan joko dute, Senperen (Lapurdi).

ETIKETAK:I.O. DiskakMikel UrdangarinPettiTristtan Mourguy eta Horeba