2018.01.10
“Katalintxu, lora ederra” kantua Euskal Herri osoan ezagutzera eman zuen Gorka Knorr abeslariak 70eko hamarkadan. Txalaparta diskoan (Movieplay, 1976) grabatu zuen kantari arabarrak. Gerora, Oskorrik ere jaso zuen abestia The Pub Ibiltaria 6 diskoan. Abestiko Katalintxu Otxandiokoa zen (Bizkaia), Kattalin Arruabarrena zuen izena, eta bere edertasuna loriatzeko sortu zuen herriko udal bandak aipatu abestia, XX. mendearen hasieran. Kantaren sorrerari buruzkoak haren iloba baten ahotik jaso zituen Ahotsak egitasmoak bere atarian.
Kantu herrikoi hori izan zen Hibai Etxebarriak joan den abenduaren 28an Gernikako Lizeo antzokian jazz hirukote formatuan eskaini zituen abestietako bat. Bertan, Euskarazz izeneko proiektu berria aurkeztu zuen Etxebarriak (ahotsa eta pianoa), beste bi musikarik lagunduta: Carlos Sagi (bateria) eta Ander Garcia (kontrabaxua). Euskal musika herrikoiaren eta jazzaren arteko uztarketa landu du hirukoteak laster argitaratuko den egitasmo horretan. “Katalintxu” abestian, gonbidatu berezi bat izan zuten: Maren Berzosa abeslaria, alegia, Kattalin Arruabarrenaren hereniloba. Iaz La Voz Kids telebista saioan parte hartu ondoren egin da ezagun Maren, eta hil honen amaieran bere lehen diskoa kaleratuko du. Bartzelonan grabatu du John Caballes ekoizlearekin. Halaber, Hibai Etxebarriaren ikaslea da Maren.
Marenen parte-hartzea jasotzen duen bideoa duzu ikusgai jarraian.