Musika

Iñigo Astiz

2017.03.01

Iñigo Astiz

Kantuz igortzeko penak ihesi

“Ze pisutara zoaz?». Igogailuan sartu dira bi pertsonaia: 48. solairura doa bata, 47.ra bestea. Isiltasuna gero. Ezeroso daude biak, zerbait esan behar, eta hasten da bata, azkenean, zerbaitekin: «Itsasoa laino dago». Besteak baietz: «Baionako barraraino». Segi batak: «Eurixe da, ha, ha». Eutsi besteak: «Bai, nausia, euria da/ gure lurra bustia da». Eta erdi kantuan jadanik: «Esan euriari berriz ez jausteko!». Batak segi: «Asteartea, euria goitik behera,/ lanik ez egiteko…». Eta biek bukatu: «… ez goaz lanera!». Euskal musikagintza hartu du ardatz oraingoan Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek osatutako antzerki bikoteak, eta ohi duten bezain jostalari eta umoretsu landu dute gaia Ez dok hiru antzezlanean. Eta horregatik piezaren azpititulua: euskal musikaren benetako istorioa. Telleriak idatzi du testua, eta, zehaztu duenez, 200 abesti puska baliatu ditu igogailuko esketxekoaren pareko elkarrizketak osatzeko. Martxoaren 7an eta 8an estreinatuko dute pieza Bilboko Arriaga antzokian, Loraldia jaialdiaren eta Korrika Kulturalaren egitarauen barruan.

Mikel_Martinez_eta_Patxo_Telleria_bikotearen_'Ez_Dok_Hiru'_ikuskizuna

Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktoreak, ‘Ez dok hiru, euskal musikaren benetako istorioa’ ikuskizunaren entseguetariko batean. (Guillermo Casas)

«Ikonoklasta». Hitz hori aipatu du lehenik Patxo Telleria aktore eta antzerkigileak Ez dok hiru antzezlana deskribatzeko, baina berehala egin du zehaztapena: «miresmenetik barre egin nahi dugu». Euskal musikari egindako omenaldi ironiko bat izango da emanaldia funtsean, baina omenaldi bat, halere. Telleria: «Iruditzen zaigu musika altxor bat dela, eta euskal musika euskararen eta kulturaren altxor bat dela, gure memoria emozionalean iltzatuta dagoen ondare bat, eta guk indar hori baliatu nahi genuen gure ikuskizunean umorea eta emozioa elkartzeko, zeharka bada ere, eta inolako handinahitasunik eta seriotasunik gabe gure omenaldi txikia egiteko musikari».

Musika da funtsa, eta hiru musikari ere arituko dira horregatik oholtzan bi aktoreekin batera: Adrian Garcia de Los Ojos, Maria Arriaga Telleria eta Ivan Allue. Haiek ere batzuetan aktore lanak egingo dituzte, eta aktoreek ere musika joko dute pasarte batean baino gehiagotan. «Momentu batzuetan kontzertu itxura ere hartuko du», zehaztu du Martinezek.

Umorea eta emozioa
Bi musikologoren rolean arituko dira Martinez eta Telleria oholtzan. Telleria doktorea izango da bata, eta Martinez doktorea izango da bestea, eta mintegi moduko bat eskainiko diete ikusleei. Ileorde zuri bana buruan, bibotea, eta traje zahar bana. Umoretsu hasiera-hasieratik, eta baita elkar zirikatzen ere. Bere curriculuma aurkeztuko du Martinez doktoreak, esaterako: «Nire tesi doktorala inprentan dago. Pandero elektronikoa hamaseigarren mendean». Eta segidan Telleria doktoreak jarraipena: «Nirea, txistuari buruz. Txistua jo daiteke boxeo guanteekin?». Eta hori entzunik, lagunak galdera berehala: «Eta?». Harrituta Telleria doktorea: «Zer?». Martinez: «Jo daiteke [txistua]? Guanteekin?». Telleria: «A! Ez dakit. Nik galderak egiten ditut. Ikasleak aurkitu behar ditu erantzunak!». Eta tonu horretan hurrengo elkarrizketa gehientsuenak ere.

Ez da umore hutsa izango, ordea. Jokin Oregik zuzendu du antzezlana, eta, zehaztu duenez, emanaldian umore asko izango den arren, umoreaz gain, emozioa ere egongo da. «Patxok [Telleriak] idatzitako testuetan orain arte beti egon da oso umore ganberroa, baina intelektuala ere badela esango nuke. Eta, oraingoan, musika sartzean, oso uztarketa kuriosoa gertatzen da. Musika zuzenean iristen den artea da, inolako galbaherik gabe; bihotzeraino sartzen da, eta gure memoria emozionalean txertatzen da. Eta, horregatik, oraingoan uztartu egiten dira esketx askoren abilezia tekniko eta intelektualak eta komikotasun hori sentipenekin eta gure memoria emozionalarekin. Dotorea, fina eta askotan hunkigarria izango da».

Liburu formatuan
Neolitikotik gaur egunera arteko euskal musikaren historia kontatzea da Telleria doktorearen eta Martinez doktorearen asmoa, eta hemezortzi ikasgaitan antolatzen dute horregatik hitzaldia. Lantzen dute musika tresna tradizionalen gaia, esaterako, baina lantzen dute Ez Dok Amairu mugimendua ere, zentsura politikoa ere bai, eta lantzen dute sexuaren eta musikaren arteko harremana ere, besteak beste, baina umorea lagun harturik beti. Herri kanta ezagunak erabili dituzte horretarako, eta baita 60ko hamarkadatik hona sortutako abestiak ere. Telleriak eman du azalpena: «Denon gogoetan dauden kantak eta letra zatiak erabiliz sortu ditugu esketxak, gure memorian iltzaturik dauden abestiekin».

Irainik ez dago emanaldian. «Enpatia da giltza», azaldu du Telleriak. «Zuk zeuk ere lantzen duzun material horri publikoak besteko maitasuna badiozu, ez duzu ondare hori traizionatuko, umorea erabilita ere. Emanaldiko pertsonaiek maite dute musika hori, eta aktoreok ere bai». Publikoa kantuan jarriko duten? «Ez dugu jendea behartuko, ez zaigulako hori gustatzen, baina izango da une oro abestia ezpainetan ibiliko den jendea, ia abesti guztiak direlako abesti ezagunak».

Bestalde, liburua ere kaleratu dute antzezlaneko testuarekin. Elkar argitaletxeak argitaratu du, eta, piezaren gidoiarekin batera, Spotify atarian entzuteko moduko kanta zerrenda batzuk ere badakartza azken orrietan. Antzezlanean aipatzen edo kantatzen diren kantak entzun daitezke bertan.

ETIKETAK:Ez Dok AmairuJokin OregiMikel MartinezPatxo Telleria