2017.10.11
Azaroaren hasieran argitaratuko du Joseba Tapiak bere disko berria, Besamotzak taldearekin grabatutakoa. Tapiaren ibilbideko 11 kantu biltzen ditu Besamotzak izeneko lanak, rock formatura eramanak. Horietako bat estreinatzen dugu gaur BADOK atarian, “Putzuz putzu”. Koldo Izagirrerekin ondutako Apoaren edertasuna diskoan jasotako “Bizi naizen putzuak” abestiaren moldaketa da.
Duela urtebete inguru jarri zuen Joseba Tapiak Besamotzak taldea martxan, hasiera batean zuzenekoak bakarrik eskaintzeko. Egitasmo horretan bere kantutegiko hainbat abesti rock formatura egokitu zituen Tapiak, talde baten laguntzaz: Iñigo Telletxea (baxua), Iker Uriarte (bateria) eta Dani Narbarte (gitarra eta trikitixa). Diskoan Tapiak berak grabatu ditu tresna gehienak, baxu eta bateria batzuk kenduta. Diskoaren lehen zuzeneko aurkezpena azaroaren 12an izango da, Usurbilen.
Azken hiru diskoak —Real politik (2006), Eta tira eta tunba (2010), Tximela kapitainaren izarrak (2013)— Zakurraren Biolina zigilu propioaren bidez argitaratu ondoren, Gaztelupeko Hotsak diskoetxera itzuli da Tapia lan berriarekin.