2020.12.26
“Xabier Lete ez dut lotzen erabat Ez Dok Amairurekin. Lete lotu behar da Lourdes Iriondorekin. Lourdes Iriondo zen izarra garai hartan, izugarrizko izarra. Behin idatzi nuen poema batean munduko koadjuktore guztiak berarekin enamoratuta zeudela, eta halaxe zen. [...] Ez dakit imajinatzen erraza den gaur egun, baina halaxe zen”. Bernardo Atxagaren hitzak, Xabier Leteren heriotzaren hamargarren urteurrenaren harira Baleuko ekoiztetxeak egindako Ni naiz Lete dokumentalean. Duela bost urte, Lourdes Iriondo (Donostia, 1937 Urnieta, Gipuzkoa, 2005) hil zela hamar urte bete zirenean, inor gutxik ekarri zuen gogora nor zen izar uxo hura; egunkari honek ere ez zion artikulu berezirik eskaini. Horrela zail da izar baten erorialdia imajinatzea.
Gaur, 22:00etan, Ez gaude konforme. Lourdes Iriondo eta hamaika lore emango dute Euskal Telebistaren euskarazko katean. Agurtzane Intxaurragak zuzendutako ikuskizuna da, eta hauek parte hartu zuten bertan, hilaren 4an: Olatz Salvador, Paule Bilbao, Josune Arakistain, Antton Valverde, Alaia Martin, Noemi Viana, Myriam Perez Kazabon, Oihana Vesga, Idoia Hernandez, Oinkari dantza taldea, Bihotx txalaparta taldea eta Easo abesbatzak. Andoainen (Gipuzkoa) grabatu zuten ikuskizuna, Iriondok herri hartan kantatu zuelako euskaraz lehen aldiz jendaurrean, herriko ikastolaren alde, 1964an. Urte hartan hasitako taula gaineko ibilbidea 1978an eman zuen amaitutzat. Hamabost argi urte, eta, ondoren, itzal handiko izan zena itzaletan geratu zen.
Hamabost urte
«Nik Lourdes Aizarnan [Gipuzkoa] ikusi nuen lehen aldiz kantatzen, Santakutz festetan, 1965eko maiatzaren 8an. Ez nekien kantatzen zuenik, eta Aizarnako Baserri Gazteriak antolatutako jaialdi batean Lourdes Iriondo izeneko batek kantatzen zuela ikusi nuenean, Arantxa [Orbegozo] emazteari esan nion: hau ez da gure artekoa izango, Urnietakoa? Eta halaxe izan». Joxemari Iriondo, lehengusu txiki zuena kantuan lehen aldiz entzun zuenekoa gogoratzen. «Han ikusi, eta etxera eraman nuen, Azpeitira [Gipuzkoa]. Gurean egin zuen lo, eta hurrengo egunean lau kanta grabatu genituen Loiolan, Herri Irratian. Gitarra lagun kantatu zuen». Haiek dira aireratu ziren Lourdes Iriondoren lehendabiziko grabazioak. «Dozena erdi bat kanta bakarrik zituen», eta sei haietatik lau grabatzeko, astelehen goiza hartu zuten. «Astelehenean bertan jarri genituen lehenengo aldiz, eta, handik atzera, kantu bakoitza egunean hiruzpalau bat aldiz bai».
Toki askotatik hasi zitzaizkion deika, eurenean kanta zezan. Horren erakusle, Lourdes Iriondok berak handik hilabetera, 1965eko ekainaren 12an, Zeruko Argia aldizkarian zioena: «Herri askotatik hots egiten didate abestera joan nadin. Inor ez dadila haserretu, baina ezin naiz denetara iritsi». Irratiak eragindako eztandaren uhinak Gipuzkoa osora eta Bizkaiako parte bateraino heldu ziren, Loiolako Herri Irratiaren audientziak Lea-Artibai eta Durangaldea ere hartzen baitzituen. 35-40 jaialditan abestu zuen 1965eko uda-udazkenetan, aitak urtebete lehenago oparitua zion gitarrarekin. Gurasoak kezkatuta zeuzkan oso, bihotzeko gaitz larri batek eraginda soprano izateko prestaketak eta ametsak baztertu ostean emanaldiz emanaldirako ibilera berriek onik ez ziotelakoan egiten. «Gehiegi zebilen, eta osasun arazoa ere bazeukan», Iriondoren arabera.
«Eromena izan zen. Handik txoratu zen Joxean Artze», kazetariaren ustez; eta handik piztu zen Ez Dok Amairu sortzeko pospoloa. «Lourdesek hots egin zidan esanez Usurbildik [Gipuzkoa] Joxean Hartzabal batek hots egin ziola, eta harekin eta neurekin gustura egingo lukeela bilera bat». Urriaren 13an egin zuten hitzordua, Zarauzko Euromar kafetegian (Gipuzkoa). «Zortzi kiloko magnetofonoa hartuta azaldu nintzen, zer grabatu, badaezpada ere. Bilera hartan itsututa ikusi nuen Artze». Handik hamabost egunera, Azpeitiko Belaetxen egin zuten bigarren bilera, magnetofoizalearen etxean. «Han erabaki genuen Donostian egitea hurrengo bilera. Gutako bakoitzak bere ezagun batzuk deitu zituen», erantsi du kazetariak. San Martin kalean, Iturrioz tabernako sotoan egin zuren hirugarren bilera hura. «Ez Dok Amairuren motorra Lourdes izan zen. Izena Joxan Artzeren ideia izan zen, eta Jorge Oteizari komentatu zion. Hari izugarri gustatu zitzaion, baina aukera Artzek egin zuen, Azkueren Euskalerriaren Yakintza liburutik hartuta».
1965 hartan, funtzio hau ematen zion Lourdes Iriondok kantagintzari: «Beharbada, lehenago abestia gauza polit bat bezala kontsideratzen zen, eskakizun handirik gabeko gauza arin bat bezala. Gaur, berriz, eskakizun handiak ditu herriari kantatzen zaion abestiak. Beste kontzientzia batekin kantatzen da gaur. Herriaren prolemak kantatzen dira… Gaur inoiz baino gehiago, abestia herriari bere prolemetaz hitz egiteko modu bat da».
1966ko martxoaren 6an agertu zen taldea lehen aldiz jendaurrean, Ez Dok Amairu izenarekin, Irunen (Gipuzkoa). 125 pezeta izan ziren egun hartako irabaziak, lokala, bozgorailuak, Artze anaiak eta beren txalaparta oholak Usurbildik Irunera eramateko taxia eta beste ordaindu ostean. Diru horrekin ezin izan zuten pagatu talkide guztientzako afaria. Etorkizun zuenaren iragarle izan zen irabazi urritasun hori Ez Dok Amairuren ibilbide hastapenean, zenbaitek gogor kritikatu bazuen ere taldeak bere emanaldiak kobratzea erabaki izana.
Bien bitartean, Iriondoren emanaldiek ez zuten etenik. 1967an 170 jaialdi egin zituen —Ez Dok Amairukoekin batzuk; bakarka besteak—, kantariaren beraren oharren arabera. Aurreko urtean, 1966an, Gabriel Aresti poeta entzule izan zuen Bilbon, eta «Euskal Herriko nobia» deitu zion. «Ohituta geunden otxoteetara eta koraletara, baina bakarkako kantaririk ez zebilen ia. Eta Lourdes bakarka, gitarra batekin, eta emakumea. Irudi bikaina ematen zuen oso. Jendea maitemindu egin zen harekin».
“Lourdes bakarka, gitarra batekin, eta emakumea. Irudi bikaina ematen zuen oso. Jendea maitemindu egin zen harekin”
Jendea Lourdes Iriondorekin maiteminduko zen, baina Lourdes Iriondo Xabier Leterekin gustatu. «Lourdesek Xabierrengan eragin handiagoa izan zuen alderantziz baino, hori garbi dago. Lourdesen emana, hartua baino askoz gehiago izan zen, dudarik ez». 1968ko urriaren 11n ezkondu ziren, Tolosako Izaskungo Andre Mariaren elizan. «Lourdes haurdun zegoen ezkondu zenean, eta umea galdu egin zuen. Medikuak esan zion horri eskerrak zegoela bizirik», gogoratu du Iriondo kazetariak.
Bizitzak aurrera egin zuen; Ez Dok Amairu taldeak ere bai. Lourdes Iriondok, kantatzeaz gain, bileretan esandakoak oharretan jasotzen zituen. Ez hori bakarrik: «Lourdesek eramaten zituen telefonoak, non zen hurrengo jaialdia, zein joatea nahi zuten, prezioak eta beste. Taldearen ardura osoa hartzen zuen. Managerra, idazkaria, dena izan zen, eta denera iritsi ezin zelako, Nekane Oiarbide hartu zen idazkari».
Etena
«Nik 15-16 urte nituela ikusi nuen kantuan lehen aldiz, Errenteriako [Gipuzkoa] Don Boscon, Flor silvestre campesinakantatzen. Ahots lirikoa zeukan. Gero etorri zen Lourdes Iriondo kantari euskalduna, eta orduan ikusi nuen Ez Dok Amairuren jaialdietan eta. Baina, ordurako, hark egina zuen ibilbide bat». Mariasun Landa idazlearen begietara, Parisen hainbat emakume abeslari ezagutzetik Euskal Herrira bueltan, Iriondo oholtza gainean ikustea ez zen arraroa.
1972. urtearen azkenetan, Ez Dok Amairurenak egin zuen, mesfidantzak eta nekea tarteko. Ikilimilikiliklik ikuskariari ekin zioten Joxanton eta Jexux Artze anaiek, Mikel Laboak eta Joxemari Zabalak. Lourdes Iriondok Zazpiribai ikuskaria sortu zuen, Lete, Benito Lertxundi, Pantxoa eta Peio, Pantxika Erramuspe, Iñaki Urtizberea, Ugutz Robles-Arangiz, Manex Pagola, Loli Ansa eta besterekin batera. Hiruzpalau hilabete egin zituzten ikuskari horrekin, 1973an. 1974an eman zuen Lourdes Iriondo diskoaren ale bat etxean dauka oraindik ere Mariasun Landak; oso maiteak ditu horko “Hala ere”, “Ixiltasuna”, “Hitzak dira” eta beste.
Franco hil berritan, Iriondo atzera taula gainean zen, Antton Valverderekin eta Peio eta Pantxoarekin. 1978ko maiatzean eman zuen azken kantaldi ofiziala, Galarreta pilotalekuan (Hernani, Gipuzkoa). Bihotzeko beste ebakuntza gogor bat egin zioten, Madrilen; musikari jarduna utzi zuen. «Nortasun handiko emakumea zen», nabarmendu du Landak. «Kantari bezala izan zuen ibilbidea, akaso, ez zen izan espero zitekeena, baina esango nuke horretarako arrazoi nagusia haren osasun arazoak izan zirela».
Kantatzeari utzi zionean, Iriondo bere herriko, Urnietako haurrekin hasi zen lanean; Buruntza antzerki taldea sortu zuen haiekin, besteak beste. «Antzerkia beti gustatu izan zait; baina une hartan ez zegoen ezer umeentzat, eta, laburrak eta luzeak, obra pila idatzi nuen», kontatu zuen Iriondok berak, 1987ko uztailaren 30eko elkarrizketa batean.
Farandula osteko Iriondorekin egin zuen topo Landak, 1980ko hamarkadan, pedagogia berria zela-eta antolatutako antzerki tailer batean. «Han agerian geratu zen zeukan izaeraren neurria. Hark bere erabakiak hartzen zituen, eta horri eusten zion».
Joxemari Iriondo bat dator Landarekin: «Lourdesek ez zuen ahalegin handirik egin izandako idolotasunari eusten. Lourdes nekatuta zegoen. Ibili zen tokietan ibiltzeko behar zen zerbait, eta karakter handiko emakumea zen. Goxo itxurakoa zen, baina hark ezetz esaten bazuen, alferrik hasiko zinen». Eta halaxe eutsi zion kantagintzari esandako ezetzari. «Ez dut uste nostalgiarik sentitu zuenik atzean utzitakoaz. Ez zuen sekula kontrakoa adierazi, behintzat».
Erabaki hark eman zuen fruitu ederrik, Landaren ustez. Ikastolako irakasle hasi zenean, asko eskertu zituen Iriondoren antzezlanak eta narrazio liburu bi. «1976-1977. urteetan, esku artean euskaraz genituen liburu apurretako bat haren Buruntza azpian antzezlana zen, eta Martin arotza eta Jaun deabrua ere asko erabili genuen. Hainbeste hutsune zegoen momentu hartan espazioa bete zuela zin egiten dut. Haur eta gazte literaturaren historian agertu behar luke Lourdes Iriondok. Garrantzi handia izan zuen, urte haietan ez zegoelako ezertxo ere». Euskarazko haur eta gazte literaturaren boom-a, izan ere, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan gertatu zen —Landaren lehenengo ipuin bilduma, adibidez, 1982koa da—. «1980ko urteetan-eta izan zen urgentziazko produkzioa, baina Lourdes Iriondoren lanak ordurako bazituen urte batzuk».
Beste hamabost urte
«Nik gogoan dut herriko frontoian, Orozkon [Bizkaia], gurasoekin Ez Dok Amairuren kontzertu batera joanda nintzela, nola agertu zen, trentzekin eta gitarra jotzen, minigona soinean. Irudi hori daukat. Gure etxean entzuten zen haren musika». Agurtzane Intxaurraga antzerkilariaren umetako oroitzapena. Oraindik baditu Iriondoren diskoak. «Ezaguna nuen. Gero, urteetan, ahaztu eta arrastoa galdu nion. Desagertu egin zen. Nik neuk ere, ahantzi egin nuen. Ez baduzu ikusten edo entzuten, ahaztu egiten duzu. Eta gero, denborarekin, haren erreferentzia bilatzen hasten zara, eta zail egiten zaizu topatzea, inork ez dizulako erdigunera ekarri».
Hika Teatroako kidea Lourdes Iriondo erdigunera ekartzen saiatu da, bada, Baleuko ekoiztetxearen enkarguz. Hainbat elkarrizketa egin, eta Ez gaude konforme. Lourdes Iriondo eta hamaika lore ikuskizuna prestatu du horretarako. «Haren ahizpa txikiak esaten du, grabatu genituen bideoetako batean, gizarteak zor diola hainbeste Iriondori. Emakume bezala ere bai. Erreferente bat zelako orduan, eta erreferente galdu bat delako orain». Itzalitako izar bat. Iriondok berak hala aukeratuta, neurri batean: «Argi dago berak ere izan zuela desagertzeko gogo bat. Urnietan segitu zuen lanean, osasunak utzi zion arte, umeekin. Baina hor emakume bat egon da, aitzindari, eta zor diogu ausardia hori. Merezimendu osoz zegoen zegoen tokian, eta orain ez dago».
Joxemari Iriondo bat dator erabat Intxaurragarekin: «Lourdesi ez zaio aitortu ezer ere. Eta euskal kanta berriaren linea Soroak laukoteak hasi bazuen, gero etorri zen Mixel Labegerie, eta segidan Lourdes; eta Lourdes izan zen mugimendu guztia abian jarri zuena. Mitoak bakoitzak bereak egiten ditu, baina Ez Dok Amairuren arima eta gorputza Lourdesen lilura izan zen».