Musika

Itzaletik doa euskal metala

Bizirik irauteko erritmo egokia topatu du euskal metalak. Euskal Herrian uste baino talde gehiagok jorratzen dute rock gogorra eta metala. Ordea, ikusgarritasuna nabarmen galdu dute eremu hainbatetan. Itzaletik azaleratu zena pixkanaka itzalera itzuli da estiloa gustuko duten jarraitzaileekin batera.

Hilotz hirukoa, Lasarte-Oria, Donostia eta Tolosako kideez osaturikoa. ITSASO URKIA

Hilotz hirukoa, Lasarte-Oria, Donostia eta Tolosako kideez osaturikoa. (Itsaso Urkia)

Euskal Herriko metal banden artetik herenek abesten dute euskaraz. Estiloari berari dagokionez, joera aldaketa esanguratsua izan da azken urteetan. Heavy metal klasiko zein melodikoa jorratzen zuten taldeak desagertu egin dira. Aldiz, muturreko doinuak eta modernoagoak hautatu dituzte sortu diren metal banda berriek.

Su Ta Gar eta Anestesia dira familiako zaharrenak, Soziedad Alkoholika arabarrekin batera. 80ko hamarralditik irauten dutenak dira. Hiru talde horiek aurrera egin duten heinean, zenbait banda bidean geratu dira, eta beste asko sortu. Urteak agertoki gainean pilatu dituzten beste bi talde dira Eraso! zarauztarrak eta OST bermeotarrak. Euskal metalak izan duen sorrera eta bilakaera ondo jasotzen du BADOK atariak Historia atalean.

Azken denboran agertu diren taldeen artetik lau dira nabarmentzekoak: Hilotz, Ankhar, Elbereth eta Gabezia. Aurreneko biek thrash eta death metal doinuak jorratzen dituzte, eta haien estreinako diskoak —Giza ankerkeria eta Deshumanizazioa, hurrenez hurren— dira horren adibide. Beste biek ere aldarte gordina estimatzen dute, baina joera berriagoen zale ere badira. Elbereth legazpiarrek duela gutxi atera dute Karma laugarren diskoa.

Ez dira bakarrak. Euskal Herrian badira aipatzekoak diren beste zenbait talde. Besteak beste, Aker Odol, Kraussk eta Kudai talde gipuzkoarrak, Bullets Of Misery bizkaitarrak, Katez eta Hibakusha nafarrak, eta Ztah lapurtarrak. Horiekin batera, iluntasunean dabiltzan euskarazko black metal taldeak daude, gordinak eta emankorrak: Nakkiga, Helde, Numen, Aiumeen Basoa eta Sentimen Beltza.

Hori gutxi balitz, aurten hiru banda itzuli dira iraganetik. Pi.L.T. bizkaitarrek bira txikia antolatu zuten beraien bilakaera berriz ere agertoki gainean erakusteko. Elgoibarko Ehun Kilo heavy metal banda klasikoak hogei urteko etena hautsi du, Hatortxu Rock jaialdian jotzeko. Beroketa moduan, beste bi kontzertu eskaini dituzte. Arrasateko Ekon taldea bigarrenez itzuliko da, Lakuntzako jaialdian parte hartzeko.

Itzaletik dabilen arren, euskarazko metalak bere bideari eusten dio. Argitalpenak eta kontzertuak ez dira falta, aparteko oihartzunik ez badute ere. Bakoitzaren gaurkotasuna eta informazio orokorra Herriko Burdina webgunean irakur daiteke: http://www.herrikoburdina.eus/. 

(Berria egunkarian, 2017ko uztailaren 28an argitaratutako artikulua, Egungo euskal musikaren erradiografia bat seriearen barruan)