2017.04.20
Antton Olariagaren irudiak, Harkaitz Canoren hitzak eta Jexuxmai Lopetegiren musika batzen dituen Itzal zaunka album ilustratua (Elkar, 2016) oholtzaren gainean aurkeztuko dute hiru emanalditan. “Kontzertu irudikatuak” izango direla azaldu dute egileek, Iban del Campo zinema zuzendariak sortutako ikus-entzunezkoek lagunduko baitituzte Lopetegik eta bere taldeak zuzenean jotako abestiak. Oraingoz hiru emanaldi baino ez dituzte iragarri:
Iban del Campok prestatutako bideoetan presentzia berezia du Antton Olariagaren marrazkigintzak, baina Lorena Martinez marrazkigilearen collage batzuk ere agertuko dira. Zenbait kasutan baina, Del Campok berak hartu ditu irudiak —Txingudiko badian edota Hernaniko gune industrial batean, esaterako— Lopetegiren abestiak ilustratzeko. Del Campo bera izan da Itzal zaunka-ko bi abestiren bideoklipen egilea. Horietako batean, Bob Dylanen “Don’t Look Back” bideoklip mitikoa imitatu du Del Campok, Harkaitz Canoren laguntzarekin.
Bost musikarik lagunduko dute Lopetegi eszenatokian: Satxa Soriazu (pianoa), Xanet Arozena (gitarra), Aitor Arozena (baxua), Ander Zulaika (bateria) eta Lidia Insausti (ahotsa eta koruak). Horrez gain, Petti eta Andrea Lopetegi (Mor More) abeslarien kolaborazioa izango du Lopetegik.
Itzal zaunka album ilustratua iazko urrian plazaratu zuen Elkar argitaletxeak.