Musika

Nora Arbelbide

2017.09.01

Nora Arbelbide

Instintuak dio beti biderik egokiena erakusten

Ez du kalkulatua zenbat musika taldetan parte hartu duen, 12 urtetan bere aita akordeoi jotzailea laguntzeko bateria jotzen hasi zenez geroztik. Aitak galdeginik hasi zen Jimmy Arrabit (1954, Donaixti, Nafarroa Beherea). Aitaren bateria jotzailea eritu zelarik, ezkontza baten animatzeko norbait behar, eta semea hortxe. Laster lotu zitzaion lanari semea, eta laster gustua ere jin. Eskola ere utziko zuen, larunbatak eta igandeak musika jotzen iraganik astelehen goizak «lo» pasatzen zituela eta. Bateria baten atzealdean du bere lekua Arrabitek.

Jimmy Arrabit bateria jolea. (Isabelle Miquelestorena)

Jimmy Arrabit bateria jolea. (Isabelle Miquelestorena)

Zirriborro eta zikinontzi guti Arrabitekin. Zenbait musika partitura baditu, baina gutxi, bere eskuetan gordetzen duen jakintzari konparatuz gero. Gutxi horiek segidan erabiliko ez duen zerbaiten ez ahazteko ditu, edo entzun duen zerbaiten argitzeko, ez badu lehen ukaldian konprenitua. 

Beti dena dudan ezarri beharra, instintua, talentua, esperientzia, memoriaren gimnastika, lagunak eta bidaiak; hala defini daiteke, Arrabiten kasuan, sorkuntza prozesua. Hiru talderekin ukan hiru kontzertuen artean elkarrizketarentzat denbora tarte bat aurkitzea lortu du azkenean artistak, Clermont Ferrand (Frantzia), Heleta (Nafarroa Beherea) eta Ezpeleta (Lapurdi) artean.

Beti ari baita etenik gabe. Erretretarako gelditzen zaizkion urteak esku bakarreko eriekin konta ditzake. Baina, dena dela, erretretan ere musika jotzen segitu nahiko duela, hori lagunek segurtatzen omen diote. Hark, baina, ez dakiela oraindik. Damu bakarra, bizikleta egiteko ez aski denborarik izatea.

Mementoko, bizikletaren ordez, bost musika talde: Patxi eta Konpania taldearekin, Xabaltx artistarekin, Maddi Oihenart kantariarekin, eta baita Imuntzo eta Belokirekin ere; badu beste bat ere: Ronnie Lynn Patterson piano jotzailearekin eta Jean-Christian Irigoien akordeoi jotzailearekin osatutakoa. Heletan eman berri dute beren lehenetariko kontzertua.

Bost mundu, bateria jotzeko bost modu, baina arazorik ez batetik bestera nabigatzeko. Berrogeita hamar urtetik gora musika munduan murgildurik, esperientzia izugarria zaio metatu Arrabiti. Eta, horri esker nolabait, zikinontzi gutxi aurki daiteke haren sorkuntzan.

«Esperientziarekin, badakizu nondik joan hobeki eta lasterrago». Ez du anitz grabatzen orain, baina denbora kontuak barneratuak ditu Arrabitek, grabatzen aritzen zen garaietan garrantzitsua baitzen estudioetan pasatu denboraren neurtzea. Orain, digitalarekin grabaketak moztu, itsatsi, beste gisa batez nahasi, denetarik egiten ahal da, hasierako grabaketan hutsak izan arren. Lehen, berriz, «ez zen tronpatu behar, eta dena segidan egin behar zen». Eta horrek «ez tronpatzeko usaia» sarrarazi dio. Eta nahiago du horrela. 

Memoriaren gimnastika
Kontua ez da zer botatzen den eta zer ez den botatzen. Zer ahanzten den eta zer ez den ahanzten izan daiteke elementuetako bat. «Gimnastika egitea bezala da. Praktikarekin, memoria martxan jartzen da. Estudioetan ikasi nuen hori, batez ere. Ideia bat sortzen duzun puntutik, berriz egiteko gai izan behar duzu. Norbaitek erraten dizularik: Egin ezak hori berriz, behar duzu berriz egin. Eta berriz. Zerbait sortu bezain laster, memoriara sartzen duzu».

Hark behin eta berriz egiten ditu kateamenduak, eta hark berak argi ditu ideiak: «Eni ez bazait komeni, aldatzen dut ene gisara». Gehiago dena: badaki ilusioarekin jostatzen. Beste musikari baten ustez «detaile bat eskas» bada bere jokoan, «zerbait ez bazaio komeni», baina Arrabiten ustez alderantziz bada, jotzen duenean ez bada aldaketarik behar, segitzen du berdin. «Baina besteak uste du egin dudala hark eskatu detaile hori», bota du, irria ezpainetan.

“Musikariak behar du beti dudan ezarri bere jakintza. Ezin da lokartu. Nik hala pentsatzen dut. Ezin da egon automatismoekin”

Dena ez da beti erraza izaten. Batzuetan, konbinazioa ezin harrapatuz aritzea gertatzen zaio, nahiz eta, «beharrik», gutxitan izan. «Orduan, sinpleki, uzten duzu pausatzera, eta biharamunean edo beste egun batez berriz hartzen duzu».

Baina, ororen buru, bada zerbait dena borobiltzen duena. Hau da, instintua. «Gauza franko horrela egiten ditut nik, hasteko. Ez dut prozesu intelektualik erabiltzen». Duda bat duenean, esaterako: «Nik beti instintuari uzten diot azken hitza. Eta, esperientziarekin, ohartu naiz hori dela hoberena». Bi aukeren artean duda duelarik, zein duen gehien sentitzen, hori du hautatzen.

«Norekin ari zaren», horrek ere bideratzen du haren sorkuntza. «Xabaltxekin egiten dudana ez dut eginen Maddi Oihenartekin. Ez da mundu bera». Xabaltxekin muntatu duten hirukoterako, adibidez, erratz formako makilak ditu erabiltzen. Jazz aire bat eman nahi dio bere jokoari. Gainera, Xabaltx bera gitarra akustikoarekin ari denez, makila arruntekin baino «politago, goxoago» zaio. «Eta ber denboran azkar jo dezaket. Nahiz eta azkar jo, halere suabe geratzen da, akustiko». Oihenartekin, berriz, bibrafonoa du jotzen, metalezko notekin. «Duela bost urte erosi nuen bibrafonoa. Jeremie Garat haren gitarristak nahi zuen bibrafonoa, eta horrela jarri ginen harremanetan».

Esperientzia dela medio, azkenean batzuetan trukoak izan badira, artistak dioenez, baina ez da horiekin jokatu behar. «Musikariak behar du beti dudan ezarri bere jakintza. Ezin da lokartu. Nik hala pentsatzen dut. Ezin da egon automatismoekin». Kasu horretan aspertzeko arrisku handiegia lukeela uste du.

Trukoak baditu bai, baina justuki, ez enoatzeko. Adibidez, soinu berrien bilaketa lanean. Azkenaldian, esperimentatzen ari da oinarekin mugiarazten duen kalabazarekin. Shekere moduko bat da. Bada urte bat baduela. Normalean, eskuekin da mugiarazten, baina bateriarako bi eskuak okupatuak ditu, eta beste aukera hori ikusi zuen aldizkari batean. Alemanian fabrikatzen dutela ikusi zuen, eta bat ekarrarazi. «Beste soinu bat ekartzen du. Reggaean erabiltzen da batez ere».

Arrunt beste estilo batean, mutxiko dantzak ere jotzen ditu Arrabitek, Patxi eta Konpainiarekin ematen dituenak. Eta hor ere bilaketa lanetan dabil. «Aspaldiko dantzak dira, eta musika beti bera da». Baina, halere, automatismoetan ez erortzeko, beti entseatzen du zerbait ezberdina. Azkenaldian, erratz formako makilekin ditu jotzen, jazz soinu bat erantsiz dantzari. «Normalean, atabal militarra da, Napoleonen garaitik etorria. Hori litzateke soinu akademikoa. Nik, aldiz, jazz doinu batekin jokatzen dut. Goxoago da, eta, aldi berean, dantzariak ez du sentitzen ezberdintasunik».

Jimmy_Arrabit-2

Jimmy Arrabiten partiturak. (Isabelle Miquelestorena)

Jazza gustukoa du. «Beti entzun dut, eta, jotzen ez badut ere, jazza beti hor da: eragiten dit». Edozein gisaz, zera dio: «Danbor akademikoa ez dut sekula maite ukan. Musika hasi nuelarik, lehen sosekin irratikasete bat erosi nuen. Eta irratian Pop-Club emankizuna entzuten nuen gauero. Hor bazen musika amerikanoa, kontrakultura famatu hori. Nik hori entzun nuen 12 urterekin, eta, geroztik, horrekin segitzen dut». Hasi zen garaietan instrumentu berria zen bateria bera. Dena zen egitekoa.

Aitaren taldea utzita, bere lehen taldeetakoa Tinka izan zuen. Niko Etxartekin, hura Paristik sartu berria zelarik. Lehen euskal rock taldea edo, 1972koa. Niko Etxart, gitarra elektrikoan; Arrabit, baterian. “Euskal rock and roll” kantuan parte hartu zuen bateria jotzaile gisa, Niko Etxart Madrilera grabatzera joan baino lehen. Arrabit euskal rockaren lehen bateria jotzailea izan dela erran ote daiteke? «Parte bat bai», dio, luzatu gabe. Arrabiten beste ezaugarrietako bat apaltasuna dela zehaztu behar, agian. Erritmoaren aldetik, “Euskal rock and roll” kantuko bateria jokoa ez da «hain konplikatua», baizik eta «klasikoa». Hori bai, jazza bezala, rocka ere bihotzean dakar Arrabitek. Jimmy izena Jimi Hendrixenetik zaio etorria. Erramun du egiazko izena. Guk taldeko Beñat Davantek zion bota izengoitia, beti Hendrix entzuten zuelako. Geroztik, nehork ez du deitzen Erramun.

Minxoriak, Itoiz, King Mafrundi, Anje Duhalde eta berak sortu Jimmy Arrabit Trio izan ditu beste taldeetako batzuk.

‘Egun motela’
Arrabiten gaitasunen panoramaren zabalera doi bat hunkitzeko edo, behin kalabaza edo mutxikoak aipatu, eta, horra, Egun motela” kantua. Itoiz taldearen kantua da. 1981. urtean sartu zen taldean Arrabit, taldea lehendik existitzen zela. Bateria jotzaile bat xerkatzen zutela jakin, audizioa pasatu, eta sartu. Taldearekin sortu lehen diskoa Musikaz blai izan zuen. Nola pasatu zen diskoaren sortze lana? Batek ideia bat bota gitarrarekin, kantatzen hasi hitz zehatzik gabe, eta hark segitzen zuen baterian. Gertatzen zen Arrabitek berak izatea ere lehen ideia. Hori da “Egun motela” kantuaren kasua. Espaloian diskoko (1985) kantua da. «Zubiak bateriatik datoz. Bi errepiken artekoak». Sarrera ere harena da. «Erran zidaten: ‘Atzeman sarrera bat’». Eta hark atzeman. «Segituan. Gitarrak zer egiten duen, baxu jotzaileak… eta hara».

Hitzez zuhurra da Arrabit. Sinplea dirudi denak mintzo delarik. Baina behin esplikazioetan galtzeko partez bateria jotzen hasten delarik, itxuraz sinple dirudien horren gibelean den lana eta talentua ageri da. Izan ere, diskretuki eta apalki ari bada ere, argi du «nagusia» bateria jotzailea dela. «Tempoaren atxikitzailea zeu zara. Eta besteak zure gainean pausatzen dira. Horretako erraten da nagusia zarela». Eta nola moldatzen ote den bera nagusi rolean? «Instintuarekin».

(Berria egunkarian, 2017ko abuztuaren 17an argitaratutako artikulua, Zirriborroak eta zaborrontziak seriearen barruan)

ETIKETAK:Anje DuhaldeImuntzo eta BelokiItoizJimmy ArrabitKing MafrundiMaddi OihenartMinxoriakNiko EtxartXabaltx