Musika

Gorka Erostarbe

2016.05.24

Gorka Erostarbe

Ikerketa «serioetarako» tresna

“Ikerketa serio eta zorrotzak egin nahi dituenarentzat, tresna baliagarria izan dadila». Horixe opa dio Marisol Bastidak Mikel Laboa kantariaren inguruan sortu berria den www.mikellaboa.eus webguneari. Musikariaren alargunak hasiera-hasieratik erreparatu dio webgunearen sortze prozesuari. Haren lankidetza estua ezinbesteko izan da guneak duen informazio saldoa biltzeko. Informazio iturri ezinbestekoa. Bastidaren hitzetan, «ahalik eta dokumentazio landu eta zehatzena erabili behar dute historialari eta ikerlariek». Mikel Laboa katedraren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez ondu dute musikariaren inguruko webgunea. Itziar Zubizarretak koordinatu du lana, eta Itxaso Mezzacasa izan da diseinatzaile eta informatikaria.  

Mikel Laboa katedra

Itziar Zubizarreta, Marisol Bastida, Mikel Irizar, Juan Kruz Igerabide eta Itxaso Mezzacasa. (Juan Carlos Ruiz / Argazki Press)

Mikel Laboa katedrako zuzendari Juan Kruz Igerabidek duela hiru urte pasatxo proposatu zion Bastidari webgunea egiteko ideia: «Seme-alabekin kontsultatu, eta esan genuen proiektu interesgarria iruditzen zitzaigula. Lehenik, planifikazio orokor bat egin genuen Igerabiderekin batera, eta, ondoren, Elkar eta Eresbilekin batera lanean jarraitu genuen. Orain, jendaurrean aurkezteko unea iritsi da, baita iritziak jasotzekoa ere. Nik uste dut informazio inportantea dagoela bertan, eta gustatuko litzaiguke jendea gune honetan sartzea, hainbeste lan egin eta gero».  

Kantuak eta haien bertsioak
Eta hala da egiazki: webguneak informazio asko eta zabala biltzen du, nahiz eta, Bastidak atzo Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egindako aurkezpenean gogoratu bezala, «oraindik badauden gauzak osatzeko». Oraingoz, euskaraz eta gaztelaniaz irakur liteke. Frantsesez eta ingelesez egotea ere nahi luke Bastidak. Zuri-beltzeko diseinu dotorea dauka guneak, eta Laboaren lagun Jose Luis Zumetaren txori irudiz hornitua dago.

Bost gune nagusi dauzka: Biografia, Grabazioak, Kantak, Bibliografia, eta Hemeroteka eta Zenbait Dokumentu. Biografiaren atala «ez da oso sakona», Itziar Zubizarreta gunearen koordinatzailearen hitzetan: «Datu biografiko jakin batzuk ematen dira, Mikelen bizitzan eta obran garrantzizkoak izan zirenak». Timeline batean kronologikoki ordenaturik ere ikus daitezke une jakin horiek, eta, zenbait kasutan, abestiak ere entzun daitezke Youtube plataforman.

Grabazioak atala garrantzitsua da oso, egileen hitzetan, Laboaren diskogintza guztia azaltzeaz gain, «informazio osagarri handia baitauka». Diskoaren kantuak, grabazio lekua, partaideak eta kolaboratzaileak eta beste hainbat datu topa daitezke, baina baita ohar moduan emandako informazioa ere. Esaterako, 1969an argitaratutako Mikel Laboa lau kantuz osaturiko lanaren estekan barneratuz gero, honako ohar hau irakur liteke: «Disko hau deskatalogatua dago. Hala ere, kanta guztiak jasoak daude 60ak+2 diskoan, garaiko bertsioetan nahiz ondorengo bertsioetan».

Mikel Laboaren kantuek bertsio asko dituzte, bai berak landutakoak eta bai gainerako musikariek egindakoak. Horiek guztiak biltzen ditu, jatorrizkoez gain, Kantak atalak. Adibidez, Baga Biga Higa (Lekeitio 2)” kantura joan, eta, Laboak berak egindako bost bertsioen informazioaz gain, Amodiok, Kiowakek eta Iñaki Salvadorrek egindako bertsioena topatuko du irakurleak. Kantuetako zenbait entzungarri daude Youtube atarian. Bibliografiaren atalean, musikariaren inguruan idatzitako liburuen inguruko informazioa dago, eta, hemerotekari eta dokumentuei dagokienez, 400 artikulu eta dokumentu inguru aurki daitezke: «Askoz ere material gehiago dago, baina galbahe bat egin dugu», nabarmendu zuen Zubizarretak.

Beken deialdiak
Bestalde, atzoko aurkezpen ekitaldian, Igerabidek gogoratu zuen abian direla aurtengo ikerketa eta sormen lanerako beken deialdiak. Tesia garatzeko lau urteko kontratu bat, ikerketa monografikoak egiteko hiru beka (2.000 euro) eta dantzarekin lotutako sormen lanerako (3.000 euro) deialdiak irekita daude. Interesa duenak webgune honetan eskura dezake informazio osoa: www.ehu.eus/eu/web/laboakatedra.

ETIKETAK:AmodioMarisol BastidaMikel LaboaMikel Laboa Katedra