Musika

Jon Eskisabel

2017.03.17

Jon Eskisabel

Iker Zia: “Disko bat kontzeptuala da definizioz”

The Icer Company ez da jada Iker Zia eta konpainia. Helbide elektronikora iristen diren mezuak erantzuteko ardura lau taldekideen artean banatzen dute orain. Belurbe-k ekarri du aldaketa (El Dromedario Records). Izen horrenpean kaleratutako bigarren lana bada ere, talde gisa pentsatutako, sortutako eta grabatutako lehen kantu bilduma da. “Talde bezala konposatzen ikasi behar izan dugu, eta buruhauste handia izan da. Laurok oso apasionatuak gara, konpromiso handia dugu egiten dugunarekin, eta asko eztabaidatu eta borrokatu gara. Bide luzea izan da”, laburbildu du Ziak.

rsz_the_icer_company-0383

Iker Zia + Arkaitz Ezkai + Xabier Valverde + Ruben Matilla = The Icer Company

Kasik bilatu gabekoa izan zen The Icer Companyren sorrera. Ur abisalen espedizioa (Gor, 2013) kaleratu ondoren hasi baitziren Zia (ahotsa eta gitarra), Arkaitz Ezkai (bateria), Ruben Matilla (gitarra) eta Xabier Valverde (baxua) elkarrekin jotzen. Arima Sutan taldean aritutakoak ziren Zia eta Ezkai —“nerabezaroak eskatzen duen musika kañero hori egiten genuen, baina kantuak nola egiten diren ikasteko balio izan zigun”—, eta etenaldi luze baten ostean hasi ziren berriz elkarlanean. “Etxean modu prekarioan grabatutako kantu batzuk nituen, garai pertsonal zail batean sortutakoak, akustikoak eta kutsu malenkoniatsukoak. Zerikusirik ez zuten Arima Sutanekin, baina Aritzi erakutsi nizkion eta haiekin zerbait egin behar genuela esan zuen”. Ezkai bera arduratu zen kantuak zabaltzeaz. Ruben Matilla Kerobiako kide ohiari bidali zizkion eta hark gitarra elektriko batzuk grabatu zituen bere etxean. Matillak halaber, Xabier Valverderi pasa zizkion baxua gehitzeko, eta azkenik, Ezkaik berak bateria grabatu zuen. “Mimo handiz egindako artisau lana izan zen, baina prozesua guztiz alderantzizkoa. Diskoa genuen, baina talderik ez, ezta luzerako proiekturik ere”, gogoratu du Ziak.

Hain zuzen, kantuak aurkezteko kontzertu batzuk jo eta uztea zen asmoa. “Kontzertuetan oso feeling ona sentitu genuen. Kantuak oso ondo ateratzen ziren, eta jendeari ere gustatu zitzaion·. Diskoaren ale bat Gor diskoetxera heldu zen, eta berrargitaratzea erabaki zuen. Horrek beste bultzada bat eman zion taldeari, kontzertu gehiago etorri ziren, Nafarroako Gobernuak antolatutako Encuentros lehiaketako lehen saria irabazi zuten gero, “eta jarraitzea erabaki genuen”. Aldiz, taldea ez zen diskoaren ildoarekin erabat identifikatzen. “Taldea askoz alaiagoa zen diskoko kantuek adierazten zutena baino, kolore gehiago zuen. Ni neu ere ez nengoen eroso iluntasun horrekin, eta zerbait berria egitea erabaki genuen”.

Batera konposatzen ikasteari ekin zioten. Entsegu lokalean jotzen hasi eta berehala ateratzen ziren gauzak. “Onerako zein txarrerako”, dio Ziak, “taldea oso ona da. Arkaitz, Ruben eta Xabi oso musikari onak dira, musika asko entzuten dute, eta oso modu aktiboan”. Ifrentzua zera da: “Hainbeste musika gustatzen zaienez, zaila da asmatzea zein den bakoitzaren gustuko ildoa une bakoitzean. Hori gakoa da gurean, kide bakoitza saiatzen baita garai horretan entzuten ari dena taldearen musikan islatzen. Alde horretatik, ez gara oso egonkorrak, baina eraginen nahasketa horretatik sortu da gure soinua”.

Izaki Gardenak, Sen, Kerobia eta Ken Zazpik zedarrituriko pop-rockaren lauki zabalean sartzen da Belurbe. “Asko landutako kantuak dira, arau gisa sinpletasunaren bila aritzen garen arren, eta oso ezberdinak euren artean”, azaldu du abeslariak. Diskoa grabatzeko Haritz Harregi soinu teknikariarengana jo zuten, besteak beste Ken Zazpirekin egindako lanaren erreferentzia hartuta. “Bai, egia da. Ni Sen taldearen oso fan handia izan nintzen, eta hortik ezagutzen nuen Haritz. Banekien oso langilea dela, oso profesionala eta oso zehatza eta zorrotza. Haritzen estiloko talde bat garela uste dut. Demoa entzun zuenean berehala esan zuen: hau da nik grabatu nahi dudana”.

“Autoprodukzioa probatu ondoren, superprodukzio bat egin nahi genuen. Kantu hauek tratamendu mantsoa behar zuten, sinpleak izan arren detaile asko baitaude”

Estudioan hilabeteko lana aurreikusi zuen taldeak: bi aste grabatzeko eta beste bi nahasketak egiteko. “Autoprodukzioa probatu ondoren, superprodukzio bat egin nahi genuen. Soinu kalitate profesionala lortzeko baliabide onak izan. Soinu zikin eta organikoa oso ustiatuta dago. Aldiz, oso ondo produzitutako disko bat entzutea gozada bat da. Kantu hauek tratamendu mantsoa behar zuten, kantu sinpleak izan arren detaile asko baitaude”. Gor diskoetxea ordea, ez zegoen taldearen eskakizunei erantzuteko moduan, eta beste ate batzuk jotzen hasi ziren. Alen Aierdi Marea taldeko bateria joleak sorturiko El Dromedario Recordsek eman zien baiezkoa. “Musikariek sortutako diskoetxe bat da, eta badakite zer dagoen: edo zaintzen da eszena edo 10-15 urtetan hilko da. Apustua egin dute gure alde eta nahi genuen bezala egin dugu diskoa”.

 

Testuak, hitzen abiapuntu
Lirikoki, kontzeptu baten inguruan osatutako diskoa da Belurbe. “Asmatutako hiri bat da Belurbe, inguruko edozein izan zitekeena. Belurberi buruz hitz egitea gure inguruari buruz hitz egitea da, gure errealitatea bezalako gauza korapilatsua ulertzeko saiakera bat”, dio taldeak promozio orrian. “Krisialdi” batean sortutako ideia izan zela argitu du Ziak. “Niretzat, disko bat kontzeptuala da definizioz. Ezin dituzu kantu batzuk irizpiderik gabe bildu izenburu baten azpian. Horrekin nahiko obsesiboa naiz”. Ondorioz, kantu guztien doinuak amaitu zituztenean “arazo handia” sortu zitzaion, ez zuelako diskorako kontzepturik buruan. “Erantzukizun handia zen: 15 abesti on genituen, baina ez nekien zer kontatu. Ur abisalen espedizioa-n hustu egin nintzen, eta geroztik ez zait ezer pasa bizitzan”. Halaber, kezka sortzen zion hitzak musikaren maila berean ez egoteak: “Letrari garrantzia handia ematen diot, eta nik kantatu behar badut zerbait, benetazkoa izan behar da, bestela ez naiz ondo sentituko. Letra ez da moldaketa bat, abestiaren erroa baizik”.

“Diskoko kolaboratzaileen testuetan islaturiko hiria barnerakoia eta esperantza izpirik gabekoa da”

“Esperimentu bat” egitea erabaki zuen: testu bana idazteko eskatuko zien hainbat laguni, eta testu horietatik abiatuta sortuko zituen kantuen hitzak. “Zerbait kontatzeko, istorio, gogoeta edo sentimendu bat azaltzeko eskatu nien, eta marko bat sortu nuen horiek guztiak biltzeko: alegiazko hiri bat, Belurbe”. Oso talde heterogeneoa osatu zuen: musikariak (Eneko Zabalza, Jurgi Ekiza, Tristan Crowley, Xabi Bandini…), idazleak (Gotzon Barandiaran, Goiatz Labandibar, Alejandro Pedregosa, Miren Amuriza, Asier Triguero…) eta gertuko lagunak. “Saiatu naiz zerbait esateko duen jende interesgarria bilatzen, baina, azkenean, taldearen inguruaren kontakizun baten moduan geratu da”. Taldearen web orrian irakur daitezke testuak, kantuen hitzekin batera. “Oso ariketa interesgarria izan da, eta oso balorazio positiboa egiten dut. Metodo tradizionalean egin izan banitu, ziur nago hitz batzuk erredundanteak eta mami gutxikoak izango zirela”. Kolaboratzaileen testuetan islaturiko hiria “barnerakoia, ez oso aktiboa eta esperantza izpirik gabekoa” iruditu zaio Ziari: “espero nuen disko hau argitsua izatea, baina letretan iluna geratu da, agian jo dudan jendea joera horretakoa delako”.

The Icer Companyk Iruñeko Subsuelo aretoan aurkeztuko du Belurbe martxoaren 18an, eta ondoren Lizarran, Oiartzunen, Elizondon, Bermeon eta Portugaleten joko du. Uztailean, Hatortxu Rock jaialdian parte hartuko du.

ETIKETAK:Arkaitz EzkaiEl Dromedario RecordsGor DiskakHaritz HarregiIker ZiaIzaki GardenakJurgi EkizaKen ZazpiKerobiaRuben MatillaSenThe Icer CompanyXabi BandiniXabier Valverde