Musika

Jon Eskisabel

2017.07.10

Jon Eskisabel

Hunkituta, eskertuta

Balio beza kronika honen izenburu soil eta zehatzak musikariek eta entzuleek ostiral iluntzean Eibarko Koliseo antzokian partekatutako sentimenduak laburbiltzeko. Napoka Iria bikotearen agur kontzertua zen, eta despedida gehienetan bezala, denetariko osagaiak nahastu ziren ia bi orduko emanaldian: emozioak, barreak, nostalgia, musuak, besarkadak, belarrira esandako hitzak, esker onekoak, malkoren bat edo beste… Baina beharbada taldearen azken kontzertua berezi egin zuena musikarien eta aretoa bete zuten entzuleen arteko batasuna eta konplizitatea izan zen. Familia ospakizun batean egon izanaren sentsazioa aipatu du txiolari batek eta, bai, balio lezake zenbait unetan sortutako giro intimoa azaltzeko.

DSC00894-2

Miren Narbaizak eta Andoni Mujikak besarkada batez itxi zuten kontzertua. (Jon Iraundegi)

Minutu bateko txalo zaparradarekin hartu zituzten entzuleek Miren Narbaiza eta Ander Mujika oholtzan agertu zirenean. Bi musikariek txaloak itzuli zizkieten, irribarre zabala aurpegian, norbere aulkian eseri eta lehen kantuari ekin aurretik. “Kea” aukeratu zuten emanaldia irekitzeko, hain zuzen ere taldearen lehen maketa zabaltzen zuen kantu bera. Kantu zaharrak oraindik oso fresko dituztela zioen Miren Narbaizak atari honetan argitaratutako elkarrizketan, eta taldearen amaierari ondo egokitzen zaion “Kea” abestiko letra aipatzen zuen: “belar txarrak eta zaharrak erre egin behar dira, sua egin behar da eta ke hori purifikazioa izango da”. 2006ko grabazio hura berriz arretaz entzutea eskatzen duten beste zenbait kantu ere berreskuratu zituzten kontzertuaren lehen zatian: “Egun denak” edota “Inoiz”. Azken hori jo edo ez zalantzan egon ziren, “oso kantu iluna delako, beharbada egin dugun kanturik ilunena”, Ander Mujikak azaldu zuenez, baina hain dute gogoko ezin zutela kanpoan utzi. Lehertarazi edifizioak diskoko kantuek osatu zuten “harremanak eta horrelako gauza iluntsuak”, Narbaizaren hitzetan, hizpide dituzten abestiez osaturiko lehen zatia: “Lur idor”, “Erantzun”, “Negua” Azken horretan, Narbaizak azaldu zuenez, “amodioaren ikuspegi bat” jaso zuen 14-15 urterekin idatzi zuenean, baina denbora pasa ahala mezuak karranka egiten zion eta “orain badakit banaizela zu gabe ere” esaldia gehitu zion letrari.

Abesti horietan agerian geratu ziren Napoka Iriaren nortasun propioaren osagaiak: erregistro ezberdinetan abesteko dohainak dituen abeslari bikain bat, moldaketetarako gustu fineko gitarrista bat eta blues arima duten abestiak. Autoafirmazio eta ahalduntze pertsonaleko kantuak dira Napoka Iriaren asko. “Ez dakit zergatik egiten ditugun horren kantu ilunak”, galdetu zuen Anderrek. “Beharbada gure izaera alaia konpentsatzeko”, erantzun zion barre artean Mirenek. “Zure atzetik” Su Ta Gar taldearen kantuaren bertsio ezagunarekin itxi zuten lehen zatia, kalinba eta ukelelea eskuetan hartuta.

DSC00861

Felix Buff bateria jolea izan zen gonbidatuetako bat Napoka Iriaren azken kontzertuan. (Jon Iraundegi)

Agur kontzertuaren harira EITBko Kultura Transit saioak landutako erreportajeak eta hamabi urteotako argazkiekin egindako muntatzeak bete zituzten bigarren zatia hasi arteko minutuak. Berriz eszenatokira bueltan, Arnasten ikasteko berriz diskoa osorik jo zuten. “Etxeorratz” aletu zuten lehenengo, gonbidatuei ongi etorria eman aurretik. Maite Arroitajauregik biolontxeloarekin lagundu zituen “Nik ere” abestian, eta jarraian Felix Buff (bateria), Ibai Gogortza (gitarra) eta Andoni Mujika (baxua) taularatu ziren “Ibiltzeko gertu” abestiaren bertsio hauskor eta delikatu bat eskaintzeko. Une hori baliatu zuen Ander Mujikak urte hauetan ezagututako musikari, kontzertu antolatzaile, kazetari eta zale guztiei eskerrak emateko. “Txalo bero bat haientzat ere”, eskatu zuen nabarmen hunkiturik.

Ondoren Joseba Baleztenak hartu zuen Gogortzaren lekua, eta harekin iritsi ziren gaueko doinu elektriko eta zaratatsuenak “Disonantziak” eta “Kontra” rockeroetan eta akoplez eta distortsioez girotutako “Erantziz jantzi” bihotz eta ahots urratzailean. Azkenik, Gogortza eta Arroitajauregi itzuli ziren oholtzara, saxofoiarekin eta biolontxeloarekin hurrenez hurren, “Distantziatik” abestiarekin kontzertuari lehen bukaera emateko. Bisean, lehen maketako beste abesti bat ekarri zuten, “Ezin baitut”, eta kontzertuak goia jo zuen Miren Narbaizaren interpretazio itzela medio. Eta hasi bezala amaitu zuten azken emanaldia, suaren ahalmen garbitzaileari aipamen eginez (“eman su, barrua errez, duzun guztia hustu arte”) “Izotzetan erre” abesti zoragarrian. Miren Narbaiza eta Ander Mujikaren arteko besarkada estuak jarri zion azken zigilua kontzertuari, zutik jarritako entzuleen txalo beroen artean. Pixka bat beherago, Jon Iraundegik grabatutako bideoan ikus daiteke momentu hori.

“Bidean ikusiko gara”, agindu zuten bi musikariek. Ez da asko itxaron beharko horretarako. Abuztuan Narbaizak bakarkako lehen diskoa grabatuko du Mice izenpean eta Mujikak Jabier Muguruzaren disko berrian parte hartuko du, uztailean bertan..

ETIKETAK:Ander MujikaAndoni MujikaFelix BuffIbai GogortzaJabier MuguruzaJoseba BaleztenaMaite ArroitajauregiMiren NarbaizaNapoka IriaZuzenekoak