2017.07.08
Bi helburu nagusirekin sortu zuten Hatortxu Rock. Batetik, euskal preso politikoek, iheslariek eta deportatuek bizi duten egoera salatzea. Eta, bestetik, sakabanaketa pairatzen duten senideei elkartasun ekonomikoa ematea. Hemezortzi urte eta hogeigarren jaialdiaren atarian, bere horretan diraute bi-biek. «Edozein musika jaialdirentzat hogeigarrenera iristea kristoren arrakasta litzateke; guretzat, kontrakoa da», azaldu du Aitor Agirrezabalek, Hatortxu Rocken antolatzaile eta boluntarioetako batek. Uztailaren 27tik 30era bitartean egingo dute, Lakuntzan (Nafarroa).
Hogeigarrena izateak ahalbidetu die zerbait «berezia» egitea, baina jakitun dira ez dutela «ospatzeko ezer»: «Hogeigarrenera iristeak esan nahi du urruntzeak eta sakabanaketak jarraitzen dutela: oraindik 335 euskal preso politiko daude, horrek senideei dakarkien guztiarekin, arrisku fisikoa, gastu ekonomikoa…». Dokumental bat estreinatu berri dute, Ahotsa.info-ko lantaldearen laguntzarekin, izenburuan bertan jaialdiaren izaera jasotzen duena: Hiltzeko jaiotako jaialdia. «Errepikaezina izango da hogeigarren Hatortxu Rock, ez baitaukagu asmorik 25.a edo 30.a egiteko». Sakabanaketak jarraitzen duen artean, ordea, ez diotela antolatzeari utziko azaldu du Agirrezabalek: «Indartsu gaude oraindik ere presoen senideei elkartasun guztia adierazteko eta haiek behar duten bitartean lanean jarraitzeko».
Agirrezabalen esanetan, hausnarketa egin dute: aurtengoa zenbaki «biribila» izan arren, lanari eusteko arrazoiek bere horretan jarraitzen dute. «Bost urte dira borroka armatua eten zenetik, eta presoen egoeran ez da aurrerapauso handirik eman oraindik: ikusi genuen gure alorretik, ahal dugun heinean behintzat, kolpe bat eman behar genuela mahaian, zerbait handia eta berezia egin, sakabanaketa amaitzeko». Izan ere, sinesten dute nork bere auzo, herri edo hirian «gauza txikiak» eginez lor daitezkeela helburu handiagoak. Kasu honetan, sakabanaketa amaitzea: «Badakigu gure esparrua mugatua dela; musika jaialdi bat egiten dugu, baina uste dugu hori dela gizarteari zabaldu behar diogun mezua».
Urtez urte handituz joan den jaialdia izan da Hatortxu Rock, eta horrek indar handia ematen diela azaldu du Agirrezabalek. Izan ere, egun dituen dimentsioetatik urrun gelditzen dira hasieratako zenbakiak: frontoi txiki batean egin zuten lehenengo aldian, eta lau lagunek antolatu zuten. «Ikusten dugu elkartasuna gero eta handiagoa dela, eta gero eta gehiago garela lanean ari garenak helburuak lortzeko: horrela baino ez da posible horrelako lau eguneko jaialdi erraldoi bat antolatzea». Elkartasuna eta auzolana, horiexek dira gakoak, Agirrezabalen esanetan: «Euskal Herriak dituen bi altxor nagusiak izango dira ziurrenik, eta horiei esker egiten dugu jaialdia».
“Elkartasuna eta auzolana dira Euskal Herriak dituen bi altxor nagusiak, eta horiei esker egiten dugu jaialdia”
Boluntario andanari esker egiten dute Hatortxu Rock urtero. Aurten, zenbat txanda bete behar dituzten ezagutarazi dute, jendeak bere alea jar dezala eskatzeko: 6.718 txanda, zehazki. Denbora daramate boluntarioak bilatzen, eta erantzun ona jasotzen ari dira, Agirrezabalen esanetan: «Hainbeste jende lortzea ez da batere erraza, eta falta zaigu pixka bat zenbaki horretara iristeko, baina bidean gaude». Mota guztietako lanetarako behar dute jendea: barran aritzeko, segurtasunean, sukaldean, muntaketa eta desmuntaketan… «Uste dugu mundu guztiak egin dezakeela zerbait». Baina, batez ere, garbiketako txandak nabarmendu ditu Agirrezabalek. «Horrelako jaialdi batek Lakuntzako herri txikian eragiten duen zabor kopurua oso-oso handia da, beraz, garrantzitsuak dira garbiketa txandak».
Jaialdia antolatzen boluntario aritzeak sakabanaketak jarraitzearen zapore gazia arintzen diola azaldu du Agirrezabalek: «Sartzen dituzun ordu guztiak sartuta, senide baten esker oneko hitzak nahikoak dira ikusteko egiten duzunak zerbaitetarako balio duela».
84 talde, lau egunetan
Sona handiko talde ugarik parte hartuko dute aurten: Berri Txarrak, Gatibu, Sorkun, Willis Drummond, Anari, Esne Beltza, Corazon de Sapo, Amparanoia… Guztira, 84 talde arituko dira ostegunetik larunbatera bitartean —iragarrita zegoen Bizardunak taldearen emanaldia bertan behera geratu da—. Horrez gain, sakabanaketaren aurkako ekitaldi nazionala antolatu dute iganderako, uztailaren 30erako. Ekitaldi ahalik eta jendetsuena izatea nahi dute: «Horretarako, familiei begira antolatu dugu egun horretako egitaraua: Hatortxu lotzen da gauarekin, parrandarekin, jende gaztearekin, eta eskema horretatik atera nahi izan dugu igandea».
Lakuntzara autobusez edo garraio publikoz joateko eskatu dute antolatzaileek. «Milaka pertsona espero ditugu Lakuntzan, eta, herri txikia izanik, aukera mugatua dago aparkatzeko». Divertis bidaia agentziarekin akordio bat egin dute, eta egunero egongo dira autobusak Iruñetik, Gasteiztik, Bilbotik, Donostiatik eta Baionatik, baita igandean ere. Horrez gain, trenez ere irits daitekeela jakinarazi dute.
Jaialdiko kontzertuen egunez eguneko ordutegiak ikusteko, sakatu hemen.
(Berria egunkarian, 2017ko uztailaren 7an argitaratutako artikulua)