2019.02.22
Hertzainak taldearen lehen diskoa argitaratu zenetik 35 urte igaro direla-eta, emanaldi berezia eskainiko dute Garik eta Josu Zabalak datorren asteazkenean, hilak 27, Bilboko Arriaga antzokian. Gasteizko taldeko bi kide historikoek lehen disko hartako kantuak eta beste diskoetakoak eskainiko dituzte —“Aitormena”, “Bi minutuero” eta “564″, besteak beste—, eta hainbat gonbidatu izango dituzte lagun: Marino Goñi, Iñaki Uoho (Platero y Tú), Jon Agirrezabalaga (WAS taldeko kide eta Gariren azken diskoen ekoizlea), eta Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariak. Emanaldi honetarako sarrera guztiak saldu dira jada.
Hertzainak-en lehen diskoaren urteurrena ospatu aurretik, kontzertuaren lehen zatian Beste denbora batean aurkeztuko du Garik. Bere bakarkako ibilbideko hamargarren diskoa da, Maldandabera taldearekin grabatzen duen bigarrena. Oholtzan Oier Aldekoak, Natxo Beltranek eta Miguel Moyanok lagunduko diote Gariri.