Amaitu da: hamar urteren ondoren, plaza berpiztu duen seikoteak agur esan du. Bilboko azken festan errepertorio osoa jo eta giroa goritu zuten, ia hiru orduz: poza, lilura, agurraren tristura… Larunbatean Bilbo Arenan bizi izandako festa totala izan zen, aldarrikatzailea eta dibertigarria. Euskal Herria ospakizun eta amorru adierazpenen beharrean dago, eta Huntzak bere agurra euskal izatearen aldarrikapen festa bihurtu zuen. Euskaldunentzat autoestimu pizgarria: 8.000 pertsona elkarrekin dantzatzen, kantatzen, jauzi egiten eta txunditzen.
Kontzertuari ekiteko Iruñeko Burutik taldea aukeratu izana sinbolikoa izan liteke etorkizunean; nork daki, larunbat gaueko izar nagusien oinordekoak ez ote diren izango. Inor ere ez izatekotan eskusoinuak edertutako pieza da, adibidez. Baina rockaren pisua nabarmena da pieza askotan. Energia handiko emanaldia egin zuten, eta Huntzak eman zien aukera gogoz probestu zuten: Balantzaren jokoa-ren festa giroa, triki-rap izpiritua eta komunikazio zuzena; Uxoa kantuaren boterea; eta azken agurrean, Atzoko gai bera, eskusoinua eta rocka ulertzeko duten era modu abilean erakusten duena.
Ordu erdi pasatxoko etenaldiaren ostean, Baga Biga-Higa kantua entzun zen bozgorailuetatik. Segidan, irrintziak aretoko hainbat lekutatik, azkenik oholtzara iristeraino. Eta, horrekin batera, Promesetan abestiaren eztanda. Beren onena ematera irten ziren hasiera-hasieratik. Odoletan gero, errepertorioko beste altxor bat. Kanturik berrienen eboluzioa erakusten du: konposizioen egitura konplexuagoa, fase ezberdinetan txertatutako zubiak… Eta hasi orduko, ikusleentzako mezua: “Gorde mugikorrak, eta gozatu”.
Lehen diskoko hiru pieza jarraian eskaini zituzten gero: Kalabazak triki-rock suzkoa izan zen lehena. Ondoren, lehenengo gonbidatua igo zen: Xabi Solano. Bere aldarriarekin sutan jarri zuen aretoa, eta Hautsetatik kantuarekin segida eman. Gero, Gaztetxeak bizirik, Kataluniako Ebri Knight taldeko kide batzuen laguntzarekin, kantuari ukitu berezia eman zion, zeharkako flauta barne.
Azken hamar urteotako singleak errepasatuz gero, Huntzak 2017an atera zuen Lumak lehenengo postuetan jarri beharko litzateke. Lehenik, Elurretan jo zuten. Kontzertuaren amaiera aldera jo zuten bestea (Zer izan). Elurretan bereziki ondo geratu zitzaien, Josune Arakistainen ahots zoragarria, koordinazio landua eta Aitor Huiziren biolinak ematen dion nortasun berezia zirela eta.
Triki-poparen aitzindariak
Olatz Salvador eta Iraitz Agirre taularatu ziren Haizeak kantatzeko. Badauka kantu horrek Amak taldearen kutsu bat, nahiz eta haiek sortu baino lehenagokoa den. Orduan, Franco Battiatoren kantu baten bertsioari Hemendik At taldearen Sex-sua lotu zioten; gogo onez dantzatu zuen jendeak. Bartzelonako Stay Homas taldeko bi partaide irten ziren kantu horretan abestu eta dantzatzera. Damutu asko bat-batean gelditu, eta bateria solo motz baino eraginkorra egin zuen Peru Altubek, Uxue Amonarrizen panderoak lagunduta: emaitza ikusgarria izan zen. Deabruak gara dantzagarriak ikusleengan sortu zuen orroa ere gogoratzeko modukoa izan zen.
Taldean eragin zuzena izan zuten txikitako heroiei gorazarre egin zien jarraian Huntzak: Maixa ta Ixiar, Alaitz eta Maider eta Kristina eta Amaia taularatu zirenean emanaldiak gailurretako bat jo zuen. Txandaka kantatu zuen bikote bakoitzak Huntzarekin, beste bi bikoteek atzean kantatu, dantza egin edota soinua jotzen zuten bitartean. Hala bada, Amaia eta Kristinak M-en Ezten taldean zeudenean grabatu zuten 104 izan zen lehena, gero Maixa ta Ixiarrek Bexamela eta pastela-ri ekin zioten —betiere Huntza taldearekin batera—, eta, azkenik, Alaitz eta Maiderrekin Txanpon baten truke jo zuten. Leherketa sortu zuten, eta euskal musikaren garai txundigarri hura, triki-poparena, gogoz biziberritu zuten. Amaitzean elkarri eman zizkioten besarkada estuek eta maitasun keinuek asko esan nahi dute.
Emanaldiak 32 pieza izan zituenez —bertsoak barne, Ekaitz Goikoetxea eta Maialen Akizuk kantatuak—, deskantsu momentuak ere nahitaezkoak ziren. Lau partaideko soka sekzioak lagunduta, bost kantu jo zituzten: Olatu bat eta Parent(h)esiak, azken hori Desgaraian taldeko Jon Gurrutxaga lagun zutela, eta hurrengo hirurak rock formatura egokituta: Gauerdiko biolinak zoragarria, Agur Itaka —Pablo Novoa Huntzaren azken diskoko ekoizlearekin— eta Poema nekatu bat, zeinaren bukaeran Josunek eta Uxuek elkarri besarkada luze eta sentitua eman baitzioten. Abiadura moteltze taktikoa izan zen, ordura arteko erritmo itogarriari aurre egiten lagundu zuena.
Gigi D’agostino DJ italiarraren L’amour Toujours-en zati bat jo zuten gero, oker ez bagaude, eta, horri lotuta, eurodance estiloko Alemaniako Cascada taldearen Everytime We Touch, aretoko gazteria osoa saltoka jarri zuena. Kantutegi propiora bueltatuta, Izan nahi dut baliatu zuten jendea lurrean kukubilko jartzeko. Gero, zutik jartzearekin batera, pabiloi osoak jauzi egin, eta oihu hunkigarri kolektiboa bota zuen.
ETS-ko Iñigo Etxezarreta eta beste bi partaidek Buruz behera kantatu zuten, eta Niko Etxart-ek Euskal rock & roll mitikoa. Estiloagatik kantu hori apur bat lekuz kanpo zegoen arren, laster hartu zuen oholtza, eta bukaeran jaso zituen animoak nabarmenak izan ziren. Nogen taldekoek Zelatari-n lagundu zuten, 17:21-ren leherketa apartekoa baino lehen.
Azken txanpa frenetikoa izan zen: Aldapan gora —”honekin hasi zen dena”, haiek esan zuten moduan—, Pont Aeri-ren Flying Free —jendea sutan zela—, lehen aipatu singleko bigarren kanta, Zer izan —Tremenda Jauriakoak eta dantza talde bat lagun hartuta—, Ilusioz bete, Iñundik iñoare, eta dena amaitu zela zirudienean, Lasai, lasai-ren azken errematea.
Josune eta Uxue, oholtzaren jabe eta emozioen transmititzaile, malkoei ezin eutsirik egon ziren hainbatetan. Ez da gutxiagorako: hamar urteko ibilbidea gailurrean utzi dute, eta azken agurra, Hertzainak taldeak egin zuen modura, euskal izatearen aldarri festa bilakatu dute. Bejondeiela.