Musika

Aitor Biain

2022.02.26

Aitor Biain

Hemen eta orain gozatzeko

Passepartout ziren lehen, Bulego dira orain. Eta orainaldi hori abiapuntu hartuta ari dira bidea egiten Tomas Lizarazu (ahotsa, gitarra), Itziar Beitia (teklatua), Xabier Arrieta (bateria), Jontxu Ape (baxua) eta Ruben Lizarralde (gitarra). Izurria iritsi atarian ekin zioten proiektuari, izen aldaketa baino gehiago izango zela aintzat hartuta. Egitasmo oso bat jarri zuten martxan, musikatik hasi eta estetikaraino. Eta, ohartzerako, lehen ez bezalako dimentsioa hartu du denak, entzuleak erakarri ez ezik jarraitzaileak ere kateatu dituztelako. «Pribilegio hutsa da proiektu baten alde apustu egin eta jendeak erantzuten duela ikustea», aitortza Lizarazuk. Lehen lan luzea eman berri du argitara taldeak: Erdian oraina.

Bulego argazkia

Bulego taldeko kideak.

Poparen kanonak ardazten du Bulegoren musika: erritmo dantzagarriak, melodia goxo eta baikorrak, behin eta berriz errepikatzen diren pasarteak eta erraz itsasten diren leloak. Hala aurkeztu zuten beren burua jendaurrean orain bi urte, aurreneko bi disko laburrak argitaratu zituztenean: Bulego (DeepSoda, 2020) eta Ilun dagoen arren (DeepSoda, 2020). Ildo horri eutsi diote lan berrian ere. Zortzi kantuz osatu dute lana, eta Oso Polita zigiluarekin argitaratu dute.

Disko «kontzeptuala» da, eta «aurrerapauso bat» emateko baliatu nahi izan dute, soinua findu ez ezik proiektuaren ezaugarriak ere zehaztu dituztelako. «Iruditzen zaigu lehenengo diskoa garrantzitsua dela talde batentzat, bere nortasuna erakusteko balio diolako. Atera ditugu bi EP, dena eman dugu estilo bat definitzen hasteko, baina disko honekin hori guztia behingoz finkatu egin nahi genuen», azaldu du Lizarazuk.

Eñaut Gaztañaga izan dute bidelagun horretarako, musikaria eta Gaztain estudioko soinu teknikaria. Aurrez ere harekin lan egindakoak dira. Diskoa grabatu aurretik, «denbora luzez» jardun zuten Lizarazuk eta Gaztañagak produkzioa fintzen. «Lan egin dugu euskal pop talde bat soilik izateari utzi eta estilo propio bat definitua duen talde bat izateko». Bada, Bulegoren proposamena «landuagoa» da orain, aurreko diskoen aldean, baina hasierako moldeei eusten die.

«Taldekideen sentsazioa da lortu dugula disko batekin proiektatu nahi genuena proiektatzea». Eta entzuleek ere gustura hartu dute taldearen proposamena. Hala nabaritu dute orain arte eskaini dituzten kontzertuetan. «Antzeman dugu jendeak gustura hartu duela diskoa. Lehen kontzertutik aritu da kantuan, eta guretzat adierazle ederra da hori. Apustu egin genuen, eta jendeak balioa eman dio horri, eta eskertu egin digute».

Ez diete aterik itxi bestelako doinuei, halere. Eta horren adibide da Maren abeslariarekin batera egindako “Ezer ez da berdina” kantua. Sintetizadoreak eta gitarra elektrikoak alboratu, eta modu akustikoan osatu dute abestia. «Barrutik hala atera zitzaigun, eta ez genion barruko sormen puru horri ezetz esan nahi izan».

“Lan egin dugu euskal pop talde bat soilik izateari utzi eta estilo propio bat definitua duen talde bat izateko”

Oso Polita zigiluak ere lagundu die proposamena osatu eta proiektua janzten, Lizarazuk azpimarratu duenez. Sektorean urte luzeko esperientzia baitu diskoetxeak. «Azken batean, gure helburua da proiektua martxan jarri, mantendu eta hazten jarraitzea. Eta profesionalizatzeko bide horretan Oso Politakoak bidelagun egokiak iruditzen zaizkigu».

Zortzi pieza orainaldiaz

Azken urtean ondu dituzte diskoa osatzen duten kantuak. Zortzi atera zaizkie azkenean, baina gehiago ere izan zitezkeen. «Ez genuen mugarik jarri. Sormenari ateak ireki genizkion, eta gauzak etorri ziren bezala joan ginen sortuz». Orainaldia jarri dute diskoaren erdigunean, eta prisma horretatik mintzo dira abestietan ere. «Erdian oraina kontzeptua sortu zitzaigun gaur egungo garaiei begiratzen hasi ginenean», esan du Lizarazuk. «Hausnarketa horretatik atera zen disko bat egitea orainari buruz hitz egingo zuena, eta orainaldiaren eta momentuan presente egotearen garrantzia aldarrikatuko zuena».

Askotarikoak dira mezuak: «Ez galdu denbora»; «Egin dezagun dantza/azken gaua balitz bezala»; «Ta ze inporta du/erlojuak bostak ematen baditu»; «Denbora gelditu nahian nenbilen». Azalpena Lizarazuk: «Diskoa hiru bloketan bana daiteke: hasierako kantuek iraganari buruz hitz egiten dute; erdiko blokean daude orainaldiko esperientziak kontatzen dituztenak; eta, azkenik, bukaerako kantuak etorkizunari buruzko gogoetak dira. Baina hiru blokeak orainaldiko prismatik kontatzen dira».

Aleka eta bideo banarekin argitaratu dituzte kantuak Interneten. Izan ere, Bulego «diziplina anitzeko proiektutzat» daukatela azaldu du Lizarazuk. Garrantzi berezia eman diote estetikari oro har, eta horri esker lortu dute «proiektu osoago bat» eskaintzea» entzuleei. «Guztiari koherentzia bat ematen saiatu gara».

Miarritzeko (Lapurdi) Atabal aretoan aurkeztuko dute lana gaur, eta Bilboko Kafe Antzokian hurrengo ostiralean. Kontzertu gehiago ere badauzkate lotuta datozen egunetarako. «Asko ari gara disfrutatzen Bulegoren inguruan pasatzen ari den guztiarekin. Guretzat ere gozatzeko egunak izaten ari dira. Ari gara gu ere oraina erdian jartzen». Eta diskoan egin dute ohartarazpen bat: «Bozgorailuak apurtu arte/gu hemendik ez goaz/hasi ohitzen».

 

ETIKETAK:BulegoDeepSodaOso Polita