Musika

Gorka Erostarbe

2017.08.26

Gorka Erostarbe

Handian txiki, txikian handi

Iragan berria den BBK Live jaialdiaren kartelari erreparatu baino ez dago. Hirurogei talde inguruko programazioan, apenas izan dira %10 Euskal Herrikoak, eta horietarik hiru baino ez euskaraz aritzen direnak: Izaro, Niña Coyote eta Chico Tornado eta Zazkel. Enpresa pribatu batek —finantza etxe batek— antolatzen duen jaialdia izanagatik, ez dirudi oso proportzio orekatua, ez hizkuntzaren hautuaren aldetik, ez gertutasunaren aldetik, kontuan izanda diru laguntza publikoa jasotzen duela. Eta jendetsua dela. Zazpi milioi eurotik gorako aurrekontu orokorretik, 1, 4 milioi Bilboko Udaletik datozkio, adibidez. Euskal taldeak eta euskaraz aritzen direnak aukeratzeko zein irizpide erabiltzen dituzten galdetu dio BERRIAk Last Tour ekimenaren enpresa antolatzaileari, baina erantzunik ez du jaso.  

EHZ_JAIALDIA

Aurten EHZ bertan behera gelditu dela-eta hari laguntzeko bildutako musikari taldea, uztailaren 2an, Bukowski aretoan, Donostian. (Maköki)

Ez da Euskal Herriko fenomeno esklusiboa, baina gurean ere gertatu da azken hamarkadan. Perretxikoak bezala ugaldu dira enpresa pribatuek antolaturiko musika jaialdi erraldoiak. Makroek bereganatu dute mikrofonoa, eta estali mikroa. Hor dira, BBK Livez gain, Azkena Rock (Gasteiz), Kutxa Kultur (Donostia), BIME (Barakaldo) eta Biarritz Big Festival jaialdia, aurten desagertua. Zuzeneko musikaren ekosistema fagozitatu du fenomeno horrek. Koldo Otamendik ondo asko ezagutzen du Euskal Herriko musika agenda, Musikazuzenean.com atari digitalaren arduraduna eta kontzertu zenbaiten antolatzailea baita. «Enpresa handiek antolatzen dituzten jaialdietan, euskal taldeen programazioa oso eskasa da, eta euskaraz egiten dutenena, are eskasagoa. Normalean, gainera, musika lehiaketetan —Gaztea, Kutxa fundazioa, Bilbo Hiria…—saritutako taldeak dira, bertan aritzen direnak, sari gisa. Ordutegi aldetik, arratseko lehen orduetan jotzen dute, normalean, oso ikusle gutxiren aurrean». 

Otamendiren iritzia honela sendotu du Ihintza Orbegozok, Durangoko Plateruena Kafe Antzokiko kultur arduradun eta BERRIAko musika kritikariak: «Jaialdiak behartuta sentitzen dira euskal taldeak, eta euskarazkoak, euren karteletan jartzera, hainbat diru laguntza jasotzeko eta euskal publikoaren eta kritikaren artean ahalik eta kexa gutxien izateko. Horregatik, izugarrizko dirutzak ordaintzen dituzte nazioarteko talde gutxi batzuk ekartzeko, kartelburu diren horiek; askotan haiek eskatu baino diru gehiago ordaintzen diete, eta esklusibotasuna eskatu, eta bertako taldeentzat ez da ia ezer izaten, baina talde askok onartu egiten dute eskaintza, halako jaialdi batean jotzeak eman dezakeen sonagatik».

Sergio G. Cruzado Ginmusica musikaren sustapen etxeko arduradun eta Kutxa Kultur jaialdiaren antolatzaileak ñabardura egin du; uste du jaialdiek sentsibilitate bat izan behar dutela talde euskaldunekin, baina ezin zaiela politika publikorik exijitu: «Programazioak urte osoan egiten ditugu, eta euskarazko musikarekiko sentiberatasuna izaten saiatzen gara. Kuotek ez gaituzte obsesionatzen; egunerokoan ezagutzen dugunak kezkatu eta erakartzen gaitu. Urteotan, besteak beste, gurean izan dira Audience, Anari, Gose, Ainara Legardon, Borrokan, Belako, Niña Coyote eta Chico Tornado, Berri Txarrak, Izaro…».

Imanol Ubeda: “Uste dut lehen kritikoagoak ginela jaialdi handiekin. Duela hamabost urte ez dakit joango ginen halako batera; orain bai”

Jaialdi handi horietan zein euskal talde dabiltzan begiratuta, joera nabari bat ageri da. «Egun modan dagoen estiloa nahiko dantzagarria da, indie deritzon hori eta elektronikoa uztartzen dituena gehienbat. Eta kasualitatea izango da, baina gaztelaniaz eta, batez ere, ingelesez abesten dute horietako askok: Grises, Delorean, Rural Zombies eta Belako, nahiz eta euskaraz zertxobait abestu azken horiek», esplikatu du Orbegozok. Bada rockaren bueltan mugitu eta jaialdietan erantzun ona izaten duen talderik ere: Berri Txarrak, Zea Mays eta Niña Coyote eta Chica Tornado, kasurako. «Horrek erakusten du ez estiloa eta ez hizkuntza ez dela inongo muga talde bat taula gainera igo eta publikoa konkistatzeko». Bide beretik egin du gogoeta Otamendik: «Esango nuke atzerritik datozen taldeen maila berekoak edo hobeak ditugula gure artean. Uste dut bat baino gehiago harrituko zela festibaletan jotzen duten taldeei ordutegi hobea emanez gero».

Musikari eta taldeen aldetik ere jarrera aldaketa bat egon da jaialdi handien inguruan. Hala aitortu du Imanol Ubeda Bide Ertzean taldeko kideak. «Uste dut lehen kritikoagoak ginela halakoekin. Duela hamabost urte ez dakit joango ginen halako batera; orain bai, guk geuk egin dugu. Iruditzen zait konplexu gutxiago dugula halakoekin». Amoranteri, ordea, zalantzak eragiten dizkio makrojaialdien joerak: «Ez nago ziur musikarioi onura baino kalte handiagoa ez ote digun egiten festibalak izateak oraingo eskaparaterik ohikoenak. Espazio berriak behar dira, arriskatzeko gogoa eta publiko endogamiko gutxiago».

EHZ, beste eredu bat  
Aipaturiko makrojaialdi komertzialen publiko kopuruetara iritsi gabe, Euskal Herria Zuzenean jaialdia da jendetza biltzen dutenetako bat, uda hastearekin bateratsu egin ohi dena, Lapurdin —Lekornen azken urteetan—. Ezberdintasun agerikoak ditu haren antolakuntza eta finantzaketa ereduak, ordea. Otamendi: «EHZ no logo filosofiaren barnean da, babesle gabeko jaialdia izaki. Oso koherentea den heinean, zailtasunak ditu, ez baitu modurik ordainsari izugarriak pagatzeko zenbait talderen kontrataziorako. Baina EHZ jaialdi bat baino askoz ere gehiago da». Orbegozok bat egin du: «Jaialdi honen helburua beste era bateko herri eta jai eredu bat aldarrikatzea da. Langile guztiak borondatezkoak dira, proiektuan sinesten dutelako; horregatik ematen zaie hainbesteko garrantzia bertako produktuei, eta, nola ez, bertako kultur eskaintzari ere bai». Eta filosofia horregatik berarengatik, zerbaitek huts egiten badu, antolatzaileak ez ezik zaleak eta musikariak berak ere arduratu eta mugitzen dira. Aurten, eguraldi txarrarengatik, bertan behera utzi behar izan zuten jaialdia, eta bi egun geroago, uztailaren 2an, hainbat musikari zuzenean aritu ziren Donostiako Bukowski tabernan, jaialdiari babesa azaltzeko. Tartean ziren Anari, Morau, Lumi, Napoka Iria, Joseba B. Lenoir, Pelax & Trenor, Mursego, Jon Gurrutxaga, Jon Basaguren… Gero, Euskal Herriko beste hainbat lekutan egin ziren elkartasun kontzertuak.

Urte osoan programazioa
Jaialdiak urte osora zabaltzen ari dira, baina euskal musikaren sostengu nagusia «herri eta hirietako leku txikiagoetan» dago, Orbegozoren iritzian: «Areto, gaztetxe eta hainbat taberna dira euskal talde ezagun eta ezezagunak taularatzen dituztenak». Leku pribilegiatua. Hala ikusten du Otamendik Euskal Herria zuzeneko emanaldietarako: «Zirkuitu askotarikoa da, eta jotzeko aukerak asko dira. Ohiko aretoek —Atabal, Kafe Antzokia, Doka, Zentral, Jimmy Jazz…— urteko programazioa dute, eta atzerriko eta bertako taldeak programatzen dituzte. Gaztetxeen zirkuitua ere garrantzitsua da, eta batez ere bertako taldeen sostengu dira. Ezinbestekoak dira talde hasiberrientzat».

Txikiak ematen die bazka euskal musikariei. Han dira handi. Baina kezkarako arrazoirik ere bada. Honela bota du azken puntua Orbegozok: «Musikariek ez dituzte baldintza egokienak duin lan egiteko: gaztetxeek, duten funtzionamenduagatik, sarri ezin eskaini diete nahi luketen baldintzarik. Eta aretoek, nahiz eta teknikoki ondo prestatuta egon, musikariei soldata duina emateko ez dute izaten, diru laguntza batekin ez bada. Eta halakoak ez dira ugariak. Gero eta jende gutxiago joaten da urte guztian kontzertuetara, makrojaialdien fenomenoak asetzen baitu gizartearen zati handi baten musikazaletasuna».


‘KATU KALE’-AK HUTSIK DAUDE

Oroimen ariketa itzela egin beharra dago euskal telebista publikoan musikari propio eskainitako saio bat gogoratzeko. Urrun geratzen dira Kaki Arkarazok 80ko hamarkadaren erdialdera aurkezturiko Popazoro eta urte gutxi batzuk geroago Edurne Ormazabalek gidaturiko Katu kale. Tartekako saioak egon izan dira ETBn, oihartzuna izan dutenak; duela pare bat urteko Tumatxak solte haiek, adibidez. Baina euskal musikari buruz jarraipena izan duen saiorik ez da izan ia hiru hamarkada luzez. Literaturan Sautrela izan denaren parekorik ez.

Musikari komunitateak ahotsa altxatu izan du noizbehinka, baina solte hark ere, ez ahots batez. Oier Aranzabal musikari (Lou Topet) eta kazetaria da hedabide publikoetan musikak bestelako tratamendu bat behar lukeela esaten nabarmendu direnetako bat. «Nola uler daiteke euskal musika sorkuntza ezagutaraziko duen programarik ez egotea? Eta, horren ordez, X factor estiloko kaka zaharrak egitea? Amorratzekoa da». Aranzabalen ustez, euskal hedabide publikoari, «denon diruaz egiten den horri», oinarrizko exijentziak egin behar zaizkio: «Hedabide publiko batek ezin du telezaborra izan eredu. Hedabide publiko batek kultura bultzatu behar du. Euskaraz egiten den sorkuntza. Musika».

Irratietan, bai baina ez
Irrati publikoan desberdina da egoera, hein batean. Euskal musikarien sorkuntzetako askori buruz jarduten dute Maite Iturbek gidaturiko Arratsean saioan, Euskadi Irratian; Jon Basagurenek aurkezturiko Zidorrean saioan ere egiten diote leku eta aipamena. Musikari ordu gehienak Gaztea kateak eskaintzen dizkio egun: euskal musikak hor duen trataera ez da etxafuegoak botatzekoa, Aranzabalen hitzetan. «Euskadi Gaztea zena, orain Gaztea dena, erreferentziala izan zen 90eko hamarkadan entzule zein musikari belaunaldi askorentzat. Eta, justuki, 90eko hamarkada amaierako talde eta bakarlariak dira orain euskal musikaren elitean daudenak: Zea Mays, Berri Txarrak, Mikel Urdangarin, Ken Zazpi, Anari eta abar. Haiei ere ez die jaramonik egiten EITBk. EITBk bizkarra emanda… zein izango da hurrengo belaunaldia? Egongo al da?».

Jon Basaguren, irrati esatari izateaz gain, musikaria da, Izaki Gardenak taldeko kantaria. Zidorrean saioa osatzeko, «askatasuna» izan zuen hasieratik. Baina bere buruarekin egin du ariketa: «Konturatu nintzen zerrendak egiten hasten nintzenean joera nuela ingelesez egiten zuten gizonezko artista zuriak jartzeko. Injustua eta aspergarria. Beraz, horri kontra egiten saiatzen naiz». Zer egin liteke euskal taldeek hedabide publikoetan erreferentzialtasuna izan dezaten? Basaguren: «Frantziako irratiei kuota nahiko handiak ezartzen zaizkie frantsesez kantauriko musikari dagokionez; hizkuntza horretan kantu ugari jartzera behartuta daude, nolabait. Hausnarketa sakonago bat behar da, musikak indar handia baitu hizkuntzaren eta hainbat ideiaren transmisioan».

Gogoetaren beharraz gogoeta egin du Aranzabalek ere, fokua musikariengan jarriz: «Musikagintza batu behar da kolektiboetan, halako ahuldadeei aurre egiteko. Erreferentzialtasuna berreskuratu eta, ahal den heinean, alternatibak topatzeko».

(Berria egunkarian, 2017ko uztailaren 29an argitaratutako artikulua, Egungo euskal musikaren erradiografia bat seriearen barruan)

ETIKETAK:AmoranteIhintza OrbegozoImanol UbedaJon BasagurenKoldo OtamendiOier Aranzabal