2017.11.10
Izena: Hiri kristalezkoa. Egilea: Rafa Rueda. Biztanleria: hamar pertsona. Hiri baten deskribapenaren pare egin liteke Rafa Rueda musikariaren bakarkako bosgarren lanaren deskribapena. Hiria hartu du ardatz abesti guztiak sortzeko orduan, eta hiri horren biztanle banaren izen propioa darama horregatik diskoa osatzen duten hamar kantetariko bakoitzak: Angel, Jon, Nahikari, Roy Batty, Little Cowboy, Eleonora, Maryana, Ainara, Oroitz eta Irina. «Hiriari buruzko monografiko bat da», aitortu du musikariak. «Kantak sortzen ari nintzela lagun batzuei erakutsi nizkien, eta haietako batek esan zidan oso kutsu urbanoa zutela guztiek, eta horrek eman zidan diskoaren haria garatzeko pista». Jauzi artistiko bat emateko beharra ere sentitzen zuen, eta 1980ko hamarkada bukaerako eta 1990eko hamarkada hasierako musikan topatu du horretarako haria.
Inertziak apurtzea izan da musikariaren asmoa. Sei urte eman ditu bakarkako diskorik kaleratu gabe, eta eten horren beharrean zela azaldu du. «Urte batzuk bakarka ibili ostean, batzuetan inertzia batzuetan sartzen zara, eta egiten duzunari buruz ez duzu horrenbeste hausnartzen. Gero eta biziagoa da abiadura. Hasten zara bakarkako diskoak kaleratzen, eta konturatzen zarenerako hiru edo lau disko dituzu kalean. Zergatik? Kontzertuak behar dituzulako, hala egin ezean jendea ahaztu egiten delako zutaz, eta merkatuak jan egiten zaitu erabat. Inertziaz lan egitera behartuta zaude. Horrekin apurtu nahi nuen». Alor artistikoan jarri nahi zuen berak erronka, eta hiria baliatu du horretarako. «Estetikoki jauzi bat eman nahi nuen».
Inspirazio iturri suertatu zaio ideia. «Kontraesan handiko gune bat da, non pertsonek beren onena eta txarrena ematen duten. Asko joaten gara hirira taldearen babes bila, baina hantxe topa dezakegu bakardaderik krudelena ere. Oso gune konbultsoa da, eta gaur egungo gizartearen argazkia egiteko oso gune egokia». Hiriaren ideia argi izanik, hainbat idazle eta bertsolarirengana jo zuen hitz eske. Harkaitz Canok, Leire Bilbaok, Gotzon Barandiaranek, Unai Iturriagak, Miren Amurizak eta Arkaitz Estiballesek sortu dituzte diskoan bizi diren pertsonaien kontakizunak, eta Ruedak berak idatzi du azken abestikoa. «Ikusi nuen diskoari agurra nik eman behar niola», adierazi du.
Bakardadea eta bakarkeria
«Kantautorearen bakardadea, bakartasuna eta bakarkeria horretatik atera naiz». Ruedak azaldu duenez, argi izan du oraingoan «kanpoko belarri bat» ere behar zuela diskoa osatzeko. Ekoizle bat hartzeko beharra igarri zuen, eta W.A.S. taldeko Jon Agirrezabalagak egin du lan hori, azkenean. Urte bete eman dute horretan, eta oso esperientzia aberasgarria izan dela zehaztu du musikariak. «Asko lagundu dit nik nahi nuen eremuetara heltzen».
Aritz Aranburu Split 77ko kidea eta Pi L.T. taldearen itzulera bira laburra ere lagungarri izan zaizkio. Dioenez, bakarrik aritu beharrean, taldean sentitze horrek bultzatu du diskoarekin aurrera egiterakoan.
Taldearekin grabatu du diskoa ere, Elkar estudioan; El Tigre estudioan egin ditu nahasketak; eta Jonan Ordorikak egin ditu masterizazio lanak, Mamia estudioan. Jaime Nieto baxu jotzailea (Atom Rhumba, W.A.S., Joseba Irazoki eta lagunak), Txus Aranburu teklatu jotzailea (Tapia eta Leturia, Arkaitz Miner, Eñaut Elorrieta, Duncan Dhu, Alex Ubago) eta Ander Zulaika bateria jotzailea (Lou Topet, TikTara, Serious Business) izan ditu lagun, Aitziber Omagogeaskoak grabatu ditu koruak, eta Jone Ibarretxek ere ahotsak sartu ditu “Little Cowboy” abestian. Malen Amenabar irudigile eta diseinatzaileak sortu ditu diskoko irudiak. Hiriaren ideia izan du berak ere ardatz.
“Kontraesan handiko guneak dira hiriak, non pertsonek beren onena eta txarrena ematen duten”
Gitarra jotzailea da Rueda nagusiki, eta maiz deitzen dute beste musikariek ere haiekin jotzeko. Oraingoan, ordea, gitarrak ohi baino gehiago isildu ditu, kanten mesedetan. «Hainbat kantaren konposizioa teklatuetatik abiatu dudalako da, eta horrek eraman nau askotan erabili ez ditudan sonoritate batzuetara».
Zuzenekoetan hainbat formatu frogatuko dituela ere aurreratu du. Taldean arituko da batzuetan, bakarka besteetan, eta hirukote edo bikote modura ere bai tarteka. «Asmoa da kanta hauek ahalik eta leku gehienetara helaraztea». Donostiako Viktoria Eugenia antzokian emango du lehen zuzenekoa taldearekin, baina solasaldi musikatu bira txiki bat ere egingo du aurrez bakarka, Elkar aretoetan. Gaur izango da Donostian, 16an Gasteizen, eta 17an Baionan.
Aldaketa gehiago ere izan dira. Esaterako, bere kabuz kaleratu zituen bere azkeneko bi diskoak, baina Elkar diskoetxearengana jo du oraingoan Ruedak. Esparru artistikoan jarri nahi zuen indarra. Elkarri aurkeztu zion bere proiektua, haiek tratua onartu, eta haiekin kaleratu du diskoa. Pozik azaldu da musikaria diskoetxearekin izandako harremanarekin, eta pozik azaldu da Anjel Valdes diskoetxeko ordezkaria ere musikariarekin izandako hartu-emanarekin. «Iruditu zaigu oso disko ona», laburbildu du.
KONTZERTUAK