Musika

badok

2017.04.20

badok

Fermin Muguruzak jasoko du 2017ko Adarra Saria

Iñaki Zarata kazetariak, Anjel Valdes musika ekoizleak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako musika teknikariak osatutako epaimahaiak erabaki duenez, Fermin Muguruzak jasoko du aurtengo Adarra saria: “Berak beste inork ez bezala erakutsi du beste jatorri batzuetako doinuak eta eraginak bereganatzeko gaitasuna, eta gure kulturara ekarri ditu, euskararen baitara”. Gaur 54 urte egin ditu Muguruzak.

jarraia133914

Fermin Muguruza, Kortxoenea gaztetxearen aldeko kontzertuan, Donostian, 2015eko irailean. (Jon Urbe / Argazki Press)

Donostia Kulturak ematen du saria, eta, erakundeak adierazi duenez, Muguruza “etengabe ari da estilo ezberdineko han-hemengo talde eta musikariekin elkarlanean, nekaezin, eta, musikaren bidez, munduko bazter guztietako artistekin partekatzen ditu esperientziak; bestalde, berebiziko gaitasuna du publiko gaztearekin komunikatzeko, eta, euskal musikari gutxik bezala, bere kezka eta interesak haiei transmititzea lortzen du. Horrek guztiak artista aparta bihurtzen du. Fermin Muguruzak bide berriak urratzen ditu, eta beti dabil bidelagun berrien bila, bidea elkarrekin egiteko”.

Muguruzak jasoko duen saria Marijose Rekalde (Iruñea, 1964) artista nafarraren eskultura bat da (garaikur baten tamainakoa). Lana brontzezko irudi neutro bat da, adar bat duena, musikaren jatorria iradoki nahian, adarrak naturarekin eta jatorrizkoarekin duen zerikusia dela medio. Sariaren emate ekitaldia ekainaren 21ean izango da, eta ohikoa denez, sarituak kontzertua eskainiko du. Kasu honetan, kontzertu berezia prestatu du Muguruzak, lehen aldiz bere errepertorioko kanta ezagunenak abestuko baititu Micaela Chalmeta Big Band – Taller de Musics de Barcelonak lagunduta.

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko. Lehen edizioan, sari hori Mikel Laboaren sorkuntza-lanari eman zioten. Bigarrenean, Ruper Ordorikari. Eta iaz, Benito Lertxundik eskuratu zuen.

ETIKETAK:Benito LertxundiFermin MuguruzaMikel LaboaRuper Ordorika