2017.03.28
Asmo argi batekin taularatu zen Lou Topet igande iluntzean Arriaga antzokian: entzuleak kantari jartzea. Eta horretan ahalegindu zen lehen kantutik azkenera arte. “Zertara etorri gara bestela?”, galdetu zuen Oier Aranzabal abeslariak, emanaldia bukatzen ari zelarik. Pete Seegerren abestiak —eta Lou Topetek haien gainean egindako moldaketak— elkarrekin ahoz gora abestuak izateko oso egokiak izan arren, ez zuten helburua guztiz lortu, antzokia ia lepo bete genuen entzuleok nagikeriaz edo lotsaz jokatu baikenuen kasu gehienetan, baina horrek ez zuen emanaldiaren arrakasta inolaz ere apaldu.
Loraldia jaialdiaren barruan Eutsiko diogu, Pete! The Basque Seeger Sessions emanaldia eskaini zuen Lou Topetek. Jaialdiak berak egin zion enkargua taldeari, Abesti bat gutxiago disko-liburuan egindako “Where have all the flowers gone” kantuaren moldaketa entzun ondoren, Seegerren omenezko kontzertua prestatzeko. New Yorkeko folk kantariak abesten zituen hainbat kantu euskarara ekarri ditu Harkaitz Canok, eta bere erara moldatu ditu laukoteak, Joserra Senperenak (Hammond organoa eta teklatuak) lagunduta. Aranzabalek zehaztu zuenez, “moldaketen moldaketak” egin dituzte, kantuak sortu baino gehiago besteenak abesten baitzituen Seegerrek. Hala ere, haren errepertoriotik kanpoko hiru kantarekin osatu zuten ordu eta erdiko saioa.
Gospel aire batekin hasi zuten emanaldia —“Mikel, ibai ertza harrapatu” (“Michael, row the boat ashore”)—, Rafa Rueda eta Oier Aranzabal gitarretan eta gainerako hiru taldekideak —Ander Zulaika (bateria), Oihan Larrañaga (baxua) eta Joserra Senperena— koruak eginez. Ondoren “Ardoa baino hobe zenbait muxu daude” (“Kisses sweeter than wine”) aletu zuten, Lou Topetek denbora gutxian lortu duen pop-rock soinu sendo eta gardena erakutsiz, eta Abesti bat gutxiago diskotik “Ingrid Bergman” berreskuratu ondoren, “Buztan urdindun eulia” (“Blue tailed fly”) folkiaren leloa itsatsi ziguten ezpainetan: “orain artoa ehotzen gaituzte zigortzen…”.
Aiora Renteria (Zea Mays) izan zen lehen gonbidatua oholtzara igotzen. Seegerrek idatzi baina The Byrds taldeak ezagun egindako “Turn, turn, turn” (“Gaur, gaur, gaur”) abestu zuen bals erritmoan. “Su hau” da emanaldiaren lekuko gisa taldeak grabatu duen Pete Seeger gogoan EPan jasotako abestietako bat. Zuzenekoan ez zuen grabazioaren distira bera agertu. Tamalez, diskotik kanpo geratu da moldaketa ederrenetariko bat, erritmo jostariko “Kutxa ttipia” (“Little boxes”). Joseba Irazokik slide gitarrarekin lagundu zion taldeari abesti horretan. King Konsul reggae abeslariak (12 Tribu, Revolutionary Brothers…) belztasuna kutsatu zion “Loreak non dira” jada ezagunari, eta ondoren, Izarok duetoa osatu zuen Aranzabalekin Bob Dylanen abesti klasikoenetako batean, “Don’t think twice it’s all right” (“Ez pentsatu horretan”).
Gaueko une berezienetako bat Eñaut Elorrietaren bidez heldu zen, Pete Seeger hil zenean haren omenez idatzitako kantua, oraindik izenbururik ez duena, jo baitzuen lehen aldiz. “We shall overcome” abestiaren estiloko kantua da, soila baina hunkigarria. Inoiz grabatzen badu, ereserki bihur liteke.
Joseba Irazoki oholtzara itzuli zen banjoarekin laguntzeko taldeari azken hiru kantuetan: “Norekin hago?” (“Which side are you on”), “Lur hau zurea” (Woody Guthrieren “This land is your land” mitikoa) —Anje Duhaldek ahotsean eta gitarra akustikoan lagunduta— eta “Gabon Ailin” (“Good night Irene”), gaueko momenturik zaratatsu (seguru) eta borobilena (seguru asko).
Estreinaldietan ohikoak diren nerbioak, zalantzak eta akatsak izan baziren ere, alderdi musikaletik aise gainditu zuen erronka taldeak. Faltan bota genituen baina, kantuen testuinguruari buruzko azalpen osatuagoak edota Seegerrek Ez Dok Amairuren bidez Euskal Herrira egindako bisitari buruzko aipamenen bat. Hurrengo emanaldiren batean —espero dezagun Bilbokoa ez izatea bakarra, asmo horrekin sortu bada ere— konpontzerik ez dagoen ezer ez…