2017.10.16
“Euskal Pop Erradikala”. Beste inork egin baino lehen jarri zion bere buruari etiketa Zazkel taldeak lehen diskoa kaleratu berritan, eta, bigarren diskoa kaleratu ostean ere, aldarrikapen horrekin jarraitzen dutela diote Etxahun Arregi eta Irati Arregi abeslariek. Aurreko lanean ere igartzen ziren funk eta disco doinuak sumatu daitezke oraindik ere beren abestietan, baina, horiez gain, 1980ko hamarkadako musika ingelesaren eragina ere antzematen zaie orain. «Niri freskoagoa iruditzen zait», dio Etxahunek lehenik. «Niri helduagoa», Iratik gero. Eta Etxahunek, azkenik, sintesia: «Bueno, ba, freskoagoa eta helduagoa, biak batera». Azkue Fundazioak antolatutako Banden Lehia lehiaketa irabazi zuen taldeak iaz, eta laguntza horrekin grabatu ahal izan dute beren bigarren lana. Eta umore tanta bat ere badu tituluak: Ez entzun.
Erlojuaren kontra aritu direla onartu dute Zazkel taldekoek. Banden Lehia irabazi zutela jakin, eta sei hilabete izan dituzte diskorako zazpi kantak osatu, eta Andoaingo Garate estudioan grabatzeko. Kaki Arkarazo aritu da teknikari lanetan bertan, eta, horrez gain, abestien aurreprodukzioarekin ere lagundu ditu. Aurreko diskoa ere Arkarazorekin grabatu zuten, eta estudioan gustura egon direla esan dute. Etxahun eta Irati Arregi abeslariek azaldu dutenez, gainera, estudioan bertan bukatu dituzte kantuetako batzuk. «Ahotsa grabatzera sartu baino ordubete lehenago idatzi genituen hitz batzuk».
Baga Biga etxeak kaleratu du lana, eta taldearen dantzagarritasuna eta uztartze musikala nabarmendu ditu Ritxi Aizpuruk, diskoetxeko kideak. «Gero eta indartsuago egingo den talde bat da hau», azaldu du. Nahasian eman ditu taldearen erreferentzia musikalak ere, Euskal Herrikoak eta atzerrikoak tartekatuz: Rick James, Itoiz, Jackson 5, Hertzainak, Talking Heads, M-ak, David Bowie, Negu Gorriak eta The Clash. Eta, itxuraz, konforme zerrendarekin taldekoak, baina Chic, Kool & The Gang, The Smiths eta The Cure ere aipatu nahi izan ditu Etxahun Arregi abeslariak.
Kritika sozialarekin batera, umorea da Zazkelen diskoaren osagaietariko bat. «Aurrekoan baino punkiagoak izan garela uste dut», dio Etxahun Arregik. Guggenheim museoaren eta Eusko Alderdi Jeltzalearen aurka mintzo da, esaterako, “Titaniozko sudurrak” abestia. «Euskal logiak eraiki zuen salbazioaren ikurra,/ abizen oneko beste hainbaten antzera,/ Platillosen semeari egin zioten harrera / ustelkeriaz boterea lortzea,/ hau da jeltzaleen afera». Bada jendearen aholkuei kasurik ez egitea proposatzen duen abesti bat ere “Ez entzun”, eta bada taldekideek Zazkel otartekoa izendatu duten ogitartekoa egiteko errezeta ematen duen abesti bat ere —“Bazka ederra”—: «Txerri solomoaren burualdean dago koxka,/ labean errea piperraz ondua,/ etxeko ogia osoa edo zuria,/ eskubete errukula/, ez ezazu esan beldurra diozula».
“Afera ustela” abestia hautatu du taldeak single modura. Pop leloko abesti dantzagarria da, eta musika industriari kritika egiten diote hitzek.
Badira abesti ilunagoak ere, ordea. Ertzainek botatako pilotakada baten ondorioz hil zen Iñigo Cabacasen kasua du gogoan, esaterako, “Apirilak 5″ abestiak, eta kutsu existentzialista du “Eremu mortua” kantak. Hertzainak taldearen “Infernuko atean” abestiaren bertsio bat ere prestatu dute diskorako, bestalde, eta Dr. Krzyceri musikariak taldearen lehen lan luzeko “ZTD” abestiaren remix batek ixten du diskoa.
Abestiak zuzenekoetarako moldatzeko lanetan dabil orain taldea. Seikotea izango dira oholtzan: Etxahun Arregi gitarra jotzaile eta abeslaria, Irati Arregi abeslaria, Asier Martinez baxu jotzailea, Jon Tolosa gitarra jotzailea, Oscar Rodriguez teklatu jotzailea, eta txandaka arituko diren Asier Vilan eta Piarres Arregi bateria jotzaileak.
Hurrengo Banden Lehia
Bestetik, Azkue Fundazioak martxan jarri du jadanik Banden Lehia lehiaketaren hurrengo edizioa. Taldeek lehiaketako webgunean eman beharko dute izena, eta lau kide izango ditu epaimahaiak: Ritxi Aizpuru Baga Biga diskoetxeko ordezkaria, Maia Muruaga kazetaria, Xabi Hoo Enkore taldeko abeslaria, eta Last Tour International enpresako ordezkari bat. Azaroaren 24an izango da finala Bilborock aretoan, eta disko bat grabatzea izango da lehiaketako saria. Horrez gain, BBK Live eta Euskal Herria Sona jaialdietan kontzertu bana eskainiko du irabazleak.
Urriaren 19an egile eskubideei buruzko jardunaldi bat ere antolatu du Azkue Fundazioak, EKKI Euskal Kulturgileen Kidegoarekin batera. Bilboko Euskararen Etxean izango da saioa.
(Berria egunkarian 2017ko urriaren 14an argitaratutako artikulua)