2018.09.27
“Bestelako” musika proposamena egiten du Ane San Miguel Crespo Aneguria abeslariak. Hala azpimarratu du Ritxi Aizpuru Baga-Baga diskoetxeko kideak. “Ausarta eta indartsua da”. Aneguria abeslariak kaleratu berri duen Percebe, dana edo ezebez diskoa du eskutan. Biluzik eta lanpernaz josita agertzen da Aneguria; musika entzun baino lehenago ere, argi geratzen da beste mota bateko artista dela, inor epel uzten ez duenetarikoa. “Euskal Herrian azal gutxi ikusi ditugu halakoak; harrotasuna izan behar da horrela agertzeko”. 2017ko Banden Lehia irabazi zuen abeslariak eta sari gisa, diskoa grabatu du Baga Biga diskoetxearekin.
Diskoa “oso potentea” dela adierazi du eta estilo eta melodia anitzak barnebiltzen dituela: “Ez dago rap askorik, oinarrietan bai. Reggae pixka bat ere du, baina, batez ere, Aneguria dago, rap modura abesten dituen abesti horiek pop mundura ekarriz”. Rap zalea edo bat-batekotasunean aritzetik oso bestelako diskoa da kaleratu berri duena. “Niretzat politena berak egin dituen melodiak dira, letrak aztertu behar dira, sexuaren gainean hitz egiteko duen naturaltasuna itzela da. Batek baino gehiagok eskuak burura eramango ditu”, erantsi du Aizpuruk. Abestiak Aneguriaren bizitzatik sortutakoak direla aipatu du, “nolabait bere bizitzaren pasarteak daude kantetan”.
Hiru oinarritatik abiatuta, estilo anitzak biltzen dituen diskoa da Percebe, dena edo ezebez. “Nire musika aldatu da nire erreferentziak aldatu direlako. Nik ekoizleak bilatzen ditut, eta haiek oso soinu konkretuak dituzte, beraz, haien soinua plazaratzen dut nirearekin nahasita; hau da, nire melodia eta letrekin batera”, azaldu du Aneguriak. Zortzi abestirekin osatu du diskoa, eta hiru ekoizlerekin egin du lan: doinuen araberako ekoizleak izan ditu aldamenean. Berak sortutako hitz eta ahotsekin nahastu ditu ekoizleek sortutako musika oinarriak. “Lehenengo ekoizlearen kutsua oso elegantea da, baina ezin dut esan bera nor den. Hurrengo hiru abestiak Ikki-k egin ditu, egun artista onenei abestien oinarriak egiten dizkion ekoizlea eta, beraz, honen kutsu komertziala ere badu diskoak. Azkenik, Axular Arizmendik txeratutako oinarri elektronikoa dago”.
Diskoaren helburuak argi ditu abeslariak. Lau zerrendatu ditu: elektronikoa eta potentea izatea, musika komertziala biltzea, dantzatzeko baliagarria izatea, eta berbenen giroarekin apurtzea” . Emaitzarekin harro, zuzenekoetan berebiziko ikuskizuna eskainiko du Aneguriak, diskoari bere bat-batekotasuna txertatuz.
Banden Lehiak 10 urte
Gaur bertan eman zaio hasiera Azkue Fundazioak antolatzen duen musika-lehiaketaren hamargarren edizioari. Euskal musika sustatzen duen lehiaketak, musika talde amateurrik onena aukeratzen du; euskara eta teknologia uztartuz. Ospea lortu du edizioz edizio, eta Aneguriaz gain, beste hainbat artistek irabazi dute lehiaketa, besteak beste, Eskean Kristö, Enkore edota Zazkel.
Taldeek gaurtik urriaren 26ra bitarte eman ahalko dute izena internet bidez, euren kantak Banden Lehiako webgunean argitaratuz. Publikoak Twitter bidez eman ahalko du botoa eta ondoren epaimahaiak hori kontuan izango du lau finalistak aukeratzeko. Behin finalistak aukeratuta, Azaroaren 17an zuzeneko kontzertua eskainiko dute Bilborocken eta prozedura bera jarraituz erabakiko dute irabazlea.
Aurten hamargarren edizioa izanik, sari kopurua handitu dute. Hortaz, lehenengoak jasoko duen sariaz gain –bi jaialditan jotzeko aukera eta Baga Bigarekin diskoa kaleratzea– beste hiru finalistek ere sariak jasoko dituzte. Bigarrenak bere kanta baten bideoklipa grabatuko du, hirugarrenak datorren urteko Mundaka jaialdian hartuko du parte eta laugarrenak 500 euroko saria jasoko du.