2016.11.08
Zerikusi gutxi du gaur egungo Begiz Begi taldeak orain bederatzi urte sortutako enbrioiarekin: 2007. urtea zen Patxi Amulet eta Xabi Etxeberri musikariek Baionan bat egin zutenean. Kantaldietarako bikotea sortu zuten orduan, eta sortu zituzten kantu batzuk ere, 17 urte zituztela. Gaur, ordea, boskotea da taldea, 2010ean Sebastien Luc, Nicolas Armendariz eta Peio Lambert batu zirenetik, eta «arrunt aldatu da estiloa», Etxeberriren arabera. Hark azaldu du mutazioaren zergatia: «Gure musika aberastu nahi genuen, eta maite genituen estiloetara joan, eta estilo horiek bateria, baxua eta bigarren gitarra bat sartzea agintzen zuten». Eta hortik bikotetik boskoterako jauzia, formazioan, eta ondorioz, musika estiloan ere bai. «Gure lehen lana izan zen binaka genituen kantuak moldatzea. Folk eta pop estilokoak ziren, baina hasi ginelarik bosnaka konposatzen, rock progresibo hori, alde psikodeliko eta esperimentala garatzen hasi ginen». Horregatik daude bi Begiz begi, edo gehiago, bilakaera horren barruan.
Edonola, badira honezkero zazpi urte taldea, boskote gisara, lanean denetik. Tarte horretan, hiru disko kaleratu dituzte; azkena, Hatsa (Baga Biga), berriki argitaratu dute, eta Azkue Fundazioak antolatutako Banden Lehia irabazi izanaren ondorio da. Sari gisara, sei piezako lana grabatu dute Kaki Arkarazok lagunduta, haren Garate estudioan, Andoainen (Gipuzkoa). Modu analogikoan eta ia zuzenean grabatu dute. «Kristoren xantza izan da».
Ez dago Begiz Begiren errepertorioan estilo bat eta bakarra, edo ez behintzat estilo pururik. Post-rock motakoa da oro har musika, aldaera progresibo askokoa, eta musika instrumentalera jotzen dute sarri. Azken batean, esperimentazioa oinarrizko elementua da haien jardunean, eta gauza ezberdinak frogatuz joan dira taldearen estiloa fintzen. Azken diskoan, gehiegi obsesionatu gabe, lortu dute oreka puntu bat, Etxeberrik dioenez: «Uste dut beste diskoetan denbora gehiago pasa dugula [estiloa] bilatzen aurkitu gabe. Oraingoan ere bilatu dugu, baina aski fite jarri gara ados gauza batzuen inguruan, eta hori gauza berria da. Azkenean, sortzen duzularik diskoa, diskoaren argazki bat sortzen duzu hasieran, eta, abestiak biziki goiz sortzen hasten bazara, azkeneko argazkiak ez du hainbeste irudikatuko abiapuntuan egin nahi zenuen musika». Oraingoan, ordea, denbora gutxiago izan dute lana ontzeko, eta, nonbait, egiten ari zirenaren gaineko kontzientzia argiagoa eman die horrek. Eta pozik geratu dira.
Ertz askotakoa da emaitza, Ritxi Aizpuru Baga Bigako arduradunak nabarmendu duenez: «Biolinak ikuspegi berritzailea ematen dio post-rockari, tarteka uztartuta ditu ukitu sasi edo post-progresiboak, malenkoniatsuak, lasaiak, pisu handiko pasarte indartsuak eta euskal tradiziozko doinu usaiak zortziko itxurarekin». Azken horren adibiderako, “Barealdia” kantua: sonoritate handiko musika instrumentalaren azpian igarri daiteke euskal dantzetako erritmoen zantzuak.
Ez da kasualitatea: izan ere, Etxeberrik dioenez, taldearen estiloan euskal sustraiak mantentzea dute xede. «Mundu herrikoitik» iritsiak dira bera eta Patxi Amulet, eta «gaurko musikaren mundutik» gainerako taldekideak. Bi munduak uztartuta sortzen dute, euskal musika herrikoiaren oihartzunak bilduz erritmo garaikideagoen aterkian. Alde horretatik, Errobi eta Itoiz bezalako taldeen estilotik edaten dute, Etxeberrik dioenez. Eta bereziki sentitzen da identifikatua Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk sortutako taldearekin: «Errobik bazuen desmartxa hori, erritmo herrikoiak hartzekoa».
Edonola, ikusten du aldea orduko talde horien eta gaur egungo panoramaren artean: «Publikoak, beharbada, naturalago hartzen eta onartzen zituen». Gaur egun, ordea, publikoaren belarria formatu komertzialetarako hezia dela uste du, eta zailagoa izaten dela hortik kanpora nabarmendu, eta aintzat hartua izatea: «Ez dakit publiko heziketa den, baina iruditzen zait gure gurasoek errazki onartzen zituztela musika estilo batzuk».
Mitologia, gaurko bizitzan
2015ean Joan ihes egin baino lehen diskoa autoekoiztu zutenean, gai bat bilatu zuten lana goitik behera ardazteko, eta kameren gizarteaz aritu ziren, egungo kontrol soziala salatzeko. Oraingoan, antzera, hari batez josi dituzte diskoko sei kantak, eta euskal mitologian bilatu dute horretarako inspirazioa. «Talde guztiek bezala, gure eguneroko bizia eta kezkak nahi genituen adierazi, baina, aldi berean, paralelismo bat egin nahi genuen euskal mitologiarekin, erremedio bat balitz bezala gure eguneroko kezkei erantzuteko». Horregatik, Claude Labaten Libre parcous de la Mythologie basque liburua ardatz, antropologoarekin bildu ziren taldekoak, gaia lantzeko. Ondotik, Odei Barroso bertsolariak osatu ditu letrak, eta Maiana Agorrodi marrazkilariak egin du diskoaren azala, euskal etxe irudikatuz egungo gizartearen bihotz gisara.
“Gure eguneroko bizia eta kezkak nahi genituen adierazi, baina, aldi berean, paralelismo bat egin nahi genuen euskal mitologiarekin, erremedio bat balitz bezala gure eguneroko kezkei erantzuteko”
Azkue Fundazioaren Banden Lehia txapelketak bultzada berria eman zion taldeari, iaz. Ez zuten espero irabaztea, eta are, ez zuten argi ikusten lehiaketa sistema ere: «Taldearen hastapenetan hautu berezia izan zen: ez genuen parte hartzen lehiaketetan, eta ez genuen sobera parte hartu nahi gauza instituzionaletan. Autoekoizpenean lan egiten genuen, eta leku alternatiboetan jo nahi genuen. Baina lehiaketa horrek [Bande Lehia] euskaraz kantatzen duten taldeei ikusgarritasun bat ematen die, eta biziki inportantea da hori. Horregatik nahi genuen parte hartu, eta sailkatuak izan ginen finalera joateko. Kontent ginen bakarrik Bilborocken jotzearekin, eta azkenean irabaztea ikaragarria izan zen. Eta ondotik etorri dena ere biziki ona izan da».
Aurrerantzean, lana publiko aurrean defendatzea egokituko zaie Begiz Begi taldekoei. Azaroaren 19an Bartzelonan ariko dira, Willis Drummond-ekin batera, EH Sona jaialdiaren barruan. Eta «ohorea» izango da Etxeberrirentzat oholtza Ipar Euskal Herriko kideekin partekatzea. Dioenez, «eredua» baita Willis Drummond harentzat: «Kontzertuekin egin dute haien ibilbidea, ez dute lortu nolabaiteko ospea publizitateari esker. Proposamenei beti baietz erranez, publikoa fidelizatu dute pixkanaka. Gaur egun, gizartean komunikazioa inportantea da, baina ez da bakarrik hori. Sare sozialetan gehienetan nahi izaten dugu ahal bezainbeste komunikatu, baina ezin da proiektua zein den eta musika zer den entzun gabe». Horregatik, Willis Drummondekoek bezala, oholtza gainetik gerturatu nahi dute publikoa, eta parez pare jardun. Begiz begi. Izango dute horretarako aukerarik.