2017.02.10
“Mugikorra eskegi,/telebista itzali,/ ekipoa martxan jarri,/ bueltan nator, adi». Hainbat urtez Fenomenos de la Naturaleza taldean aritu ostean, bere bakarkako lehen lana kaleratu du Unai Unda Xatiro rap abeslariak, eta errima horiekin eman du bere itzuleraren berri. Bere kasa kaleratu du Xatirokeriak, azaldu duenez, beharra zeukalako bere sentitzen zuen zerbait egiteko, eta baita euskaraz gehiago aritzeko ere. Eta bi behar nagusi horiei emandako erantzuna da diskoa. «Bila ezazu hiztegian/ termino libre hau: xatirokeria./ Burua ez leherrarazteko/ metodo hutsezina, xatirokeria/ koloreko gama guztia ikusteko,/ xuri, beltza eta zuria,/ adieraz zaitez, izan irekia/ atera buruan duzun guztia».
11 pista ditu diskoak, guztira, baina bederatzi dira abestiak, baldin eta diskoaren hitzaurrea eta epilogoa kontatu gabe utziz gero. Bada, euskaraz dira bederatzi kanta horietariko sei, eta gazteleraz beste hiru. Dioenez, betidanik izan du gogoa euskaraz gehiago abesteko. «Fenomenos de la Naturaleza taldean egiten genituen abesti gehienak erdaraz izaten ziren. Ni beti nengoen ostiaka euskarazko abestiak egiteko, eta beti izan dut buruan neure kasa zerbait egiten banuen euskaraz izango zela, edo, behintzat, %80 euskaraz. Behar nuen hori»
Euskal rapean igartzen zuen hutsune bat ere bete nahi izan du, gainera. «Oso jende gutxi aritzen da rapean euskaraz barne gatazkei buruz edo sentimenduez. Ez dut hori askorik entzuten. Badirudi beti dagoela lotuta tonu borrokalari batekin, eta niri ere gustatzen zait Los Chikos del Maiz taldeko Negak nola egiten duen, baina, ostia, badirudi euskaraz egiten baldin baduzu nahitaez egin behar duzula gauza borrokalari bat». Horregatik hartu ditu barne gatazkak gaitzat. «Gai batzuk atera behar nituen». Eta halaxe ematen dio ongietorria entzuleari diskoa zabaltzen duen Irteera bakarra abestiko lehen esaldiarekin. «Izan zaitezte ongi etorriak neure burura, neure psikera!».
Euskal Rock Erradikalaren itzala igartzen du Xatirok euskal rapean gai mota bakar bat jorratzeko joeraren atzean. «Madrilgo movidak izan duen iraupenarekin konparatuta, adibidez, Euskal Rock Erradikalak asko iraun du, eta nik uste dut oso ondo zegoela, gazteei beste ikuspuntu sozial eta borrokalaria ematen baitzien, baina, bestalde, nire ustez, mugatu egin gaitu bai estiloetan eta bai hitzak idazteko eran». Eta hori gainditzen saiatzea izan da haren erronka.
«Zerbait egin nahi nuen denaz hitz egiteko eta adar asko lantzeko, eta, bestalde, rapa lehiaketa jolas bat da askotan, eta nahi nuen hori ere landu». Berea euskaraz egindako rapik onena dela dio horregatik “Irteera bakarra” abestian, esaterako, eta jarrera bera mantentzen du diskoa ixten duen “Hurrengo mugimendua”-n ere. «Asmatu egia/, gara lau katu,/ eta euskal rapan nik daramat abantaila,/ barkatu. Bazkaldu, dastatu,/nire bertso fina, hausnartu:/ jada ez daramat zirikina». Onartzen du kantariak. «Bai, harrokeria da, besterik gabe; badakizu nolakoa den raparen jokoa».
Euskal rap eszenarik gabe
Kantuetan etengabeak dira zinemari, telebistari, komikiei eta literaturari egindako erreferentziak: James Joyce, Noam Chomsky, Michael Haneke, The Punisher super heroia, David Cronenbergen Crash filma… «Arte Ederrak ikasi nituen, eta ikus-entzunezko adarra egin nuen. Film laburrak egiten hasi nintzen, eta gaur egun ere ikus-entzunezko arloan egiten dut lan. Eta musikan ere, komikia, literatura eta zinema ere hor dago. Gainera, asko gustatzen zait pop kulturako izenak aipatzea».
Badira erritmo moteleko abestiak (“Xatirokeriak”), badira abesti azkarragoak, tarteka —“MAT”, esaterako—, eta badira ia-ia a capella sortutakoak diruditenak ere —gaztelerazko “Vacileo”, esaterako—. Aitortu du musikariak: «Bere nortasuna eman nahi nion kanta bakoitzari erritmoaren eta musikaren bidez». Benetako instrumentuak grabatuz sortu ditu musika oinarriak gehien-gehienetan, eta, zuzeneko emanaldietan, DJ batekin eta gitarra jotzaile batekin joaten da horregatik.
Lagunak ere gonbidatu ditu diskora. Kolaborazio bana egin dute La Basu, Shintoma eta Manugaitz —lehen Wanker deitua— abeslariek. Xatiro: «Nire ustez Wanker izan da euskal raparen oinarririk onena edo aipagarriena. Tipo hori oso ona da».
Zaplazteko bat baino gehiago ere bada diskoan; “Irteera bakarra” abestian, esaterako. «Espainiar rap gehienak ematen dit logura,/ letren egitura, ibilera eta itxura,/ imitazio zantar bat,/ yankien karikatura txar bat». Hori Espainiako rapari buruz kantatutakoa, baina zer uste duen euskal rapari buruz? Kritiko mintzo da horri buruz ere. «Ikusten dudana da ez dagoela eszena bat. Denak gara, eta neu barne, pixka bat hasiberriak. Beti egon da euskal rapa, baina badirudi beti hasten dagoela, beti egon garela bata bestearengandik aldenduta, eta ez da egon euskal rap eszena bat. Eta egin dena ere izan da soilik rap borrokalari hori. Ez dira jorratu beste gai batzuk. Nik neuk ere multzo horretan sartuko nuke neure burua. Logurarik ez dit ematen euskal rapak, baina hasi berriak garela iruditzen zait».
HURRENGO KONTZERTUAK