2020.02.14
Hilero abesti bat, ekaina bitartean. Hori da Sara Zozayak EP berria osatzen duten bost abestiak plazaratzeko aukeratu duen modua. “(I)” izenburua du abeslari donostiarraren lan berriak, eta hasiera ematen dion “Bat” abestia izan da jendaurrean aurkezten lehenengoa. Abesti horren bideoklipa ere zabaldu du Zozayak, Bermeko Arriguri ekoiztetxeak egindakoa.
Basauriko Rockein lehiaketa irabazteari esker lortutako sariaren diruarekin grabatu du Zozayak bere bigarren disko laburra —2018an beste EP bat kaleratu zuen, “III”—, Bilboko El Tigre estudioan. Jon Agirrezabalaga soinu teknikari eta ekoizlea arduratu da soinua zizelkatzeaz, indie-pop eta elektronikaren artean. Bost kantuetatik hiru euskaraz dira —”Bat”, “Benetan” eta “Lili”—, bat gaztelaniaz —”Alien”— eta beste bat ingelesez —”Owltro”—. Diskoan kolaboratu dute Benito Lertxundik (ahotsa) eta Itxaso Navarrok (biolontxeloa).
Diskoa zuzeneko emanaldietan erosi ahal izango da, baita gaurtik aurrera sarearen bidez ere. Donostiako Kutxa Kultur Kluba aretoan aurkeztu zuen diskoa atzo lehen aldiz, eta oraingoz beste lau emanaldi iragarri ditu Zozayak: martxoaren 6an, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian; martxoaren 13an, Basauriko Social antzokian; apirilaren 10ean, Bilboko Bilborock aretoan; eta apirilaren 30ean, Hernaniko Biteri kultur etxean.
Bere bakarkako ibilbidea aurrera eramateaz gain, Nerabe taldeko abeslaria ere bada Zozaya eta aurten bigarren diskoa kaleratuko du.