Musika

Iñaki Lasa Etura

2016.12.29

Iñaki Lasa Etura

Energiak ez baitu mugarik

“Berri Txarrak, Nafarroatik» izan da Lekunberriko taldearen guda oihua 22 urteotan, oholtza gainera igo direnero Gorka Urbizuk erabilitako aurkezpena. Gutxi izango dira Euskal Herrian hitzok entzun ez dituzten gaztetxeak eta aretoak. Baina, badira, oraindik ere, estreinakoz bisitatu beharreko plazak, bi hamarkadako bidean lehen aldiz ezagututako hiriak. Hego Amerikatik itzuli berri da Urbizuk, David Gonzalezek eta Galder Izagirrek osatutako hirukotea, bi asteko bira Bogotan jotako kontzertuarekin burutu ostean.

MUSIKA___BERRI_TXARRAK

Galder Izagirre, Gorka Urbizu eta David Gonzalez, Berri Txarrak hirukotea. (Galder Izagirre)

Bost herrialdetan izan da Berri Txarrak: Brasilen, Argentinan, Txilen, Perun eta Kolonbian; eta aho zapore gozoarekin gelditu dira. «Agian, atzerrian egin dugun birarik onena izan da», aitortu zuen Urbizuk birako —eta urteko— azken emanaldiaren aurretik. Kolonbian eta Perun estreinakoz aritu arren, egonak ziren Hego Amerikan, hainbat kontzertu egin baitzituzten 2011n, Haria diskoa aurkeztu zuten urte berean.

Hainbat antzekotasun dituzte 2011ko eta aurtengo birek. AEBetako talde entzutetsu baten gonbidatu gisa jo dituzte lehen kontzertuak. Duela bost urte Tim McIlrathen Rise Against zena Bill Stevensonen Descendents bihurtu da; garai ezberdinetakoak izanagatik ere, biak ala biak sona handiko punk-rock taldeak nazioartean. Berri Txarrak-ekin lotura berezia dute McIlrathek eta Stevensonek: Denak ez du balio”, Achtung!” eta Folklore” kantuetan parte hartu du McIlrathek, eta Denbora da poligrafo bakarra disko hirukoitzeko Xake-mate kultural bat atalaren ekoizlea da Stevenson.

Hura grabatu zutenetik elkar ikusi gabe zeuden. Sao Pauloko (Brasil) eta Buenos Airesko kontzertuetan ez zuten eduki Stevensonekin egoteko aukerarik; zaila izaten baita, askotan, talde baten eta bestearen ordutegiek bat egitea. Bai, ordea, Santiagon, Descendentsekin batera jotako azkenekoan: «Izugarria izan zen. Kontzertuaren erdian biratu, eta han ikusi nuen Bill, Galderren atzean, kamera eskuan, argazkiak ateratzen eta gozatzen», azaldu du Gonzalezek. «Haiek agurtzeko aukera izan genuen amaieran, eta zuzenekoan dugun energiarekin txundituta geratu zela aitortu zigun, beste disko bat grabatu gura zuela gurekin».

Stevensonekin ez ezik, Karl Alvarez baxu jotzailearekin hitz egiteko aukera ere izan zuten. Urbizuk azaldu duenez, kontzertuaren aurretik ez zekien Stevensonek ekoitzi zituenik, baina ikusitakoa «asko gustatu» zitzaiola esan zien. Ez hori bakarrik, nolabaiteko lotura egin zuten segituan. Aitona euskal herritarra zuela azaldu zien Alvarezek; Ibarrakoa, zehazki. Gauzak zer diren, Berri Txarrak-en gidari eta merchandising-aren arduraduna ere Ibarrakoa da. «Flipatuta geratu ginen guztiak», aitortu du Izagirrek.

Txileko berotasuna
Kontzertu horren ostean hasi zen biraren bigarren zatia, talde erraldoiaren babesik gabe, areto txikiagoetan. Hor nabaritu dute, batez ere, ez direla alferrik pasatu bost urte. «Denbora da poligrafo bakarra» kantatzen du taldeak; eta, Hego Amerikako zaleen erantzunari erreparatuz gero, txukun erantzun diote denboraren joan-etorriari. «2011n ikusi gintuztenak etorri dira berriro, eta hitza zabaldu da; beste disko batzuk grabatu ditugu tartean, eta handitu egin da kontua», azaldu du abeslariak. Liman, adibidez, astearte buruzuri batean 200 lagun bildu ziren. Zaleengan ez ezik, «diskoetxeen eta antolatzaileen» aldetik ere nabaritu dute interes handiagoa, eta izan dute eskaintzaren bat.

Izan ere, Berri Txarrak-en gisako talde batentzat, ez da gauza bera Euskal Herrian edo atzerrian jotzea. Hasi eta buka, zaleen berotasuna nabari dute etxean, baina ez da beti hala izaten kanpoan. «Horrelako birek gure tokian jartzen gaituzte», azaldu du Gonzalezek. «Nabaritzen duzu Euskal Herrian handia zarela, zure lekua egin duzula; baina mundua oso handia dela eta zu inurri bat zarela. Hego Amerikara etortzea, eta ikustea ez zaituztela hainbeste ezagutzen; borroka hori nahiko garrantzitsua da guretzat». Urbizuren ustez, bi aldeak ikusi ahal izan dituzte, «batzuek ezagutzen gintuzten, baina beste askok ez, eta horien aldetik ere harrera ona izan dugu. Mezu pila bat jaso ditugu sare sozialetan; gainera, orain, Spotify eta halakoetan ikus dezakezu zenbat entzule zenituen, esaterako, Txilen, eta zenbat dituzun kontzertuaren ondoren; eta jendea gu entzuten hasi dela ikusi dugu».

“Agian, atzerrian egin dugun birarik onena izan da. 2011n ikusi gintuztenak etorri dira berriro, eta hitza zabaldu da. Handitu egin da kontua”

Atzerrian aritzearen harira, eta taldeak Euskal Herrian izandako bilakaerari buruz hausnartu du: «Borroka horretan daramatzagu urte dezente. Atzerrira ateratzen garen aldiro konturatzen gara asko dugula egiteko. Bestalde, hor ere badago arriskua: Euskal Herrian lokartzearena. Euskal Herrian areto handietan jotzea suertatzen zaigu, eta gu gatozen lekutik gatoz; hori ere ikasi behar dugu. Oraindik ere trukoa hartzen ari gara horrelako areto handietan eta festibaletan aritzeari. Errazena da esatea gusturago gabiltzala areto txikietan; bai, baina orain ez dugu areto txikietan jotzen, baldin eta ez badugu gaztetxe bira bat egiten, egin izan dugun bezala. Ikasi behar da audientzia handien aurrean kontzertu onak egiten ere; ‘nahiago txikian’ ezin da aitzakia gisa erabili».

Areto txikiak, ertainak eta handiak tartekatu dituzte Hego Amerikako biran; eta baita ia kiskalitakoak ere. Descendentsekin jotako azken emanaldiaren ondoren, Txileko Fiskales Ad Hok taldearekin bi kontzertu segidan egitekoak ziren, Santiagoko Kmasu Premiere aretoan; baina leku hura erre egin zen bezperan. «Sekulako aukera zen, Txileko talde mitiko baten 30. urteurreneko azken kontzertuak; 2.000 pertsonarentzako areto bat, sarrera guztiak salduta… Ez dakigu ondo zer gertatu zen; nahiko arrazoi ilunak eman zizkiguten», azaldu du Urbizuk, erdi irribarrez. Atea itxita, leihoa ireki zitzaien; han jo beharrean, Euskadi Bicicletas izeneko leku batean aritu ziren. «Kasualitatea izan zen izenarena. Bizikletak konpontzeko tailer txiki bat zen, eta kontzertu bat antolatua zegoen lau punk talderekin, arrazismoaren aurkako jardunaldi bat. Gu ere hor sartu gintuzten, eta, egia esan, kristoren kontzertua izan zen», adierazi du Izagirrek.

MUSIKA___BERRI_TXARRAK-2

Bi astetan Hego Amerikako bost herrialde zapaldu ditu taldeak. (Galder Izagirre)

Anekdoten hariari jarraika, Fermin Muguruzarekin egin zuten topo Santiagon. Irundarra Nola? Irun meets New Orleans dokumentala Inedit jaialdian aurkezten zegoen, eta harekin egoteko aukera izan zuten. Txiletar bat txistuarekin eta danbolinarekin eta beste bat euskal dantzariz jantzita azaldu ziren Muguruzaren hitzaldira, omenaldi moduko bat egiteko. Haietako batek Txileko lehenengo herriko taberna ireki berri du, hiriburuan. Txileko zaleen berotasunarekin gelditu dira «harrituta», bereziki. Muguruzaren hitzaldira joan zen bikoteaz gain, hainbat pertsona hurbildu zitzaizkien, euskal abizenak zituztela, euskara ikasten ari zirela… «Izugarri estimatzen duzu norbaitek esaten dizunean ‘zuengatik hasi nintzen euskara ikasten, zuen musikagatik’».

Tatuajeak eta ‘power’-a
Berri Txarrak-ek atzerrian jotzean, ohikoa izaten da ikusleen artean euskal herritarren bat baino gehiago egotea. Azken biran, baina, ez dute nabaritu hainbeste zeudenik. «Ondo dago etxeko zaleen berotasuna sentitzea, noski; baina, beste alde batetik, hori ez edukitzeak eta halere jendea zure kontzertuari so dagoela nabaritzeak esan nahi du zu ikustera etorri direla. Hori oso garrantzitsua da guretzat», azaldu du Izagirrek. Gehiago zehaztu du: «Gure jarraitzaileek sobera ezagutzen gaituzte; baina bertako jendeak —Txilekoek, Brasilekoek…— ez gaitu ezagutzen. Nabaritu dugu haien beroa bira honetan».

Adierazpen horiek Bogotako kontzertua hasi aurretik egindakoak badira ere, ezin hobeto islatzen dute ordubete geroago Lumiere aretoan gertatutakoa. Ia ehun bat pertsonaren aurrean —tartean, hiruzpalau euskal herritar soilik— azaldu zen hirukotea, haur txiroen aldeko jaialdi bateko kartelburu gisa. Gainontzeko taldeak kolonbiarrak izanik ere, Lekunberriko taldeak piztu zuen interes handiena; haiek izan ziren ikusleak oholtzara gehien gerturatu zituztenak. Hamabi abesti jo zituzten ordubete eskasean, “Folklore”-rekin hasi eta Berba eta irudia”-rekin amaituta. Kanta gehienak azken diskokoak izan arren, zaharragoek ere izan zuten lekua.

Gehienek taldea ezagutzen ez zuten arren, bazegoen euskaraz jakin gabe letrak primeran ahoskatzen zituenik. Haietako batek Donostian ezagutu zuen Berri Txarrak: Aste Nagusian, Saguesen, euripean egindako kontzertuan. Beste batek, berriz, elastikoa erantzi eta bere tatuajea erakutsi zien: Iraultza txikien asanblada” abestiaren hitz guzti-guztiak saihetsetan; goitik behera, ezkerrean zein eskuinean. Kolonbiako bi berriever peto-peto Bogotan. Hezur, haragi eta tinta.

Bogotan emandako birako azken kontzertuan, Berri Txarrak ezagutzen ez zutenak zur eta lur geratu ziren taldearen energiarekin

Berri Txarrak ezagutzen ez zutenak zur eta lur geratu ziren taldearen energiarekin. «A ze talde puskak dituzuen Euskal Herrian! Izugarrizko energia dute. Areto handiagoetan joko dute Euskal Herrian, ezta?», galdetu zuen Danny Baquerok, kontzertua amaitu berritan. Pepe Bocadillo taldeko baxu jotzailea —haiek hasi zuten jaialdia— zegoen haren ondoan, eta bat egin zuen Baquerok esandakoarekin. «Esango nuke! Txundituta utzi nau haien power-ak; aspaldi ez dut ikusi halako indarra duen talderik. Gauza bat esango dizut: talde hau Rock al Parquen jarri [Bogotako doako musika jaialdi bat, Hego Amerikako handiena eta munduko hirugarrena], eta zerbait handia egin dezakete. Begira: nik antolatzailea ezagutzen dut, eta harekin hitz egingo dut, bai horixe». Izan ere, musikak hitz egiten duenean, desagertu egiten dira bestelako mugak.

ETIKETAK:Berri TxarrakDavid GonzalezFermin MuguruzaGalder IzagirreGorka Urbizu