2017.08.23
Elektronika —baliabide elektronikoz sortutako musika abstraktua— beste inor ez bezalako lilura sorrarazteko gai da. Dantzagarria edo estatikoa, ziztagarria ala atsegina, trumoitsua eta isila, milaka aurpegi eta ehundura ezberdinetan mutatzen den izaki baten modukoa da musika elektronikoa. Kazetariak etengabe azpietiketa berriak asmatzen saiatu arren, alferrikako ahalegina da, elektronikak ez baitu muga estetikorik onartzen, eta, berehala, forma ezezagun berri bat hartzen du. Ondorioz, beste edozein musika estilo baino errazago moldatzen da edozein espazio eta unean uneko baldintzetara, eta, aldi berean, orain dela 60 urte sortutako hainbat pieza elektroniko aitzindari lehen eguneko harridura, arroztasun eta misterio erakargarri berbera iradokitzeko gai dira gaur ere. Hor datza musika mota honen erakarpen boterea, eta, aldi berean, horrek eragotzi dio beste estilo batzuei eman zaien narratiba historiko egituratu eta «ofizial» bat edukitzea.
Eremu mugagabe horretan, norberak sailkatu eta eratzen du bere «elektronika»; bere izaera pertsonalari moldatutakoa, alegia. Beraz, eta hala onartuta, euskal musika elektronikoa oso egoera osasuntsuan eta bere historiako unerik onenean dagoela esan daiteke. Agian, dantzarako DJ mundutik datorren Aitor Etxebarria El_Txef_A-k Markak dokumentalarentzat sortu duen instrumentu akustikoen eta elektronikaren arteko uztarketa dotore bezain hunkigarria eta eskuratzen ari den oihartzun mediatiko merezia izan daiteke une horren adierazle ederrena, eta bere atzean ezkutatzen den ekosistema harrigarriaren isla.
Pixkanaka, bakaladero edota taberna ultramodernoen terrazetarako DJ izatera murriztu dituzten aurreiritzi eta estigma mingarriak gaindituz, musikari, entzule eta era guztietako eragileak batzen dituen sarea eta komunitatea baita egungo euskal elektronika. Hor da Gasteizko III. Mugako festibala, urrian ospatuko dena, aurrekoetan erakutsitako giro eta kalitate apartari eusteko asmoz. Hor da Dantz, Donostian aurkeztu berri den jaialdia, asmo onez betea eta kartel interesgarria besapean duela. Hor daude Dabadaba aretoa, Kafe Antzokia eta Paraleloan plataformaren apustu ausarta, eta jarrera nekaezin miragarria; gaurkotasun osoz eta joera berriei beti adi, hango eta hemengo DJ eta ekoizleen saio zirraragarriak etengabe eskainiz. Bilbon Larraskito Kluba dago, proposamen aurrerakoienak dagokien arretaz entzun ahal izateko gune autokudeatu itzela eta horren inguruan eratu den sortzaile talde txundigarria (Xedh, Oier IA, Eclectic Reactions zigilua…). Hor dira herri mailako jaialdi ttikiak, Bergarako Elektronika Topaketak eta Haus Of Beats irratsaioa. Eta, noski, hor izan da, eta oraindik hor da, Ertz, Berako kultur etxetik bidea erakutsiz eta jende askoren inspirazio iturri. Artistak ez dira falta, eta espazio mugak direla-eta hainbat artista estimagarri kanpoan utzi behar izan arren, bereziki harrigarri diren bi aipa daitezke hemen. Bata, Itziar Markiegi edo Jana Jan, bere diskurtso zaratatsu, ziztagarri, zirraragarri eta queer jarrera erabat koherenteaz, eta, bestetik, Santurtzi aldeko Rrucculla, 22 urte besterik ez izan arren jakituriaz eta irudimenez betetako beatzoragarrien egile misteriotsua.
Beste edozein musika jarduerak dituen oztopo berberak gainditu behar ditu elektronikak Euskal Herrian, eta, jakina, beste askok egindako oker berberak errepikatzeko arrisku berbera du. Baina, horiek beste une baterako utzi, eta oraingoan gure artean sortu den kimu hau gogo biziz ureztatu eta ezagutzera emateko sasoia da.
(Berria egunkarian, 2017ko uztailaren 28an argitaratutako artikulua, Egungo euskal musikaren erradiografia bat seriearen barruan)