2017.06.28
Zea Mays, Pi.L.T., Huntza edo Gatibu, aurkezpenik behar ez duten talde hauen ondoan, eszena berri bat ere agertuko da Lekornen asteburu honetan. Zoo, Kuartz, Zezenaren Taldea edo Frikun taldeen bidez, hip hop, stoner rock, post punk galaktikoa eta afrobeat estiloen munduetan sartzera gonbidatuko du Euskal Herria Zuzenean jaialdiak.
ZEZENAREN TALDEA
Zezenaren Taldeak bere disko berria ekarriko du EHZra. Patatra diskoa bigarrena du, eta zuzenean lehen aldiz EHZn du joko. Disko fisikoa bera labetik ateratzear, ez dakite segur ea jaialdirako prest izanen den. Baina jadanik aitzin dasta bat sartua dute BADOK atarian. Badamum Badamum! lehen diskotik doi bat urruntzen da bigarren hau. Lehenarekin “punk boltxebikea” egiten bazuten, orain “post-punk galaktikoa” egitera pasatu dira, Xabi Etxeberri biolin jotzailearen hitzetan. Edo beste gisa batez erranik, lehen diskoan Balkanetako soinuekin josi musika baldin bazuten oinarri nagusia, orain, oinarri horretatik baztertu dira. Biolina, gaita eta tronpetarekin segitzen du seikoteak, baina Balkanetako soinu pixka bat gutxiago dute orain. Kantu batzuk pop haize batek harrapatu ditu, disco doinuek besteak. Hori bai, lehen diskoaren hari beretik, umoretsu segitzen dute. Emir Kusturicaren filmetako iruditegia dute inspirazio iturri: “besta giro hori, ideia ero horiek”, dio Etxeberrik. Kantuei dagokienez, haiek berek idatziak dituzte, taldean. Eta hor ere umorerik ez da eskas. Lehenik musika dute aurkitu eta gero hitzei dira lotu.
Garazi, Itsasu eta Baiona arteko sei musikari ditu elkartzen taldeak. Proiektu bat baino gehiagotan ari dira hauetako zenbait, Xabi Etxeberri bera eta Paxkal Irigoien bereziki. Biak ala biak Bilau eta Bilaka taldeetako kide izateaz gain, Etxeberrik Begiz Begin jotzen du eta Irigoienek bere diskoa kaleratu berri du. Zezenaren Taldearen kontzertua ostiralean izango da, Garroa gunean, 19:00etan.
FRIKUN
Dantzatzeko gogoa pizteko nahia dauka xede nagusietako bat Frikun taldeak. Joxe Replay taldeko Txomin Dhers (teklatuak, perkusioak, ahotsak) eta Nicolas Perret (gitarra apala, perkusioak eta ahots nagusia) bi kideen burmuinetik sortu zen Frikunen ideia. Joxe Replay taldearekin cumbia eta Karibeko soinuekin ari baziren bereziki, aldi honetan Karibe aldean segitzen dute, baina beguine estiloa dute berenganatua. Zouk-aren arbasotzat den estiloa da, eta hortik Afrikako bidea hartu eta afrobeatarekin ere bustitzen dute Frikunen.
Joan den mendeko 60ko eta 70 hamarkadetako musika zatiak dituzte batzuk, ezezagunak ala ahantziak. Georges Plunket eta Edwige Rechal artisten bi kantu, adibidez, kreoleraz kantatuak dira. Beste kasu batzuetan musikak hartu eta haiek berek idatzitako hitzak jarri dizkiete. “Buhamia baten gisara” kantuarentzat, adibidez, Gardner Lalannen musika dute oinarri.
Laukotea osatzeko, Stephane Pollux Paulini (The Sparteens, Polygorn…) gitarran ari da eta Cedric Ilhardoi dute bateria jotzaile berria (The Sparteens, Roots System…). Frikunen kontzertua igande arratsaldean izango da, Basoita gunean, 18:00etan.
ZOO
Ahotsa, gitarra apala, bateria eta animaliak. Horra Beskoitzeko (Lapurdi) Zoo taldea laburbildua. Gitarra elektrikorik ez hemen. Sinple, argi, zuzen, zorrotz, gordin. Taldearen musikak rapa du oinarri, rockaz bustitzen duena. Ahots nagusia Jon Eiherabide da, M.A.K. rap taldekoa izana, besteak beste. Ondoan ditu Peio Hirigoien gitarra apala jotzen (Islaia, 430) eta Bixente Eiherabide baterian (Izate). “Hiru nortasun” elkar osatzen dutenak, Bixente Eiherabideren hitzetan, zuzenekoetan ere “dena ematen” dutenak. Lehen disko bat plazaratu zuten joan den neguan, Zoo izenekoa, eta geroztik hasiak dira han eta hemen zuzenekoak ematen eta mundua animalien begietatik begiratzera gonbidatzen.
Animaliak metafora iturri agortu ezintzat ditu taldeak. “Gure zirtzil jokoa” garatzeko aitzaki. “Trufaka, gure espantukerietan” aritzeko. Gizartearen kritika zorrotz eta gordin baten egiteko bide bat zaizkie. “Hiltegirat” kantua horren adibide izan daiteke. Artxiboko irudiekin josi bideoan, banku kutxak, bozka kutxak, telebista edo metroa, hiltegietako giroarekin parekatzen dituzte. Kantu horrentzat bezala, bideo andana bat ekoitzi ditu taldeak. Kantu bakoitzak badu berea. Batzuetan artxiboetan han eta hemen hartu irudiak dituzte, bestetan haiek berek egin filmak. Guztiak Jon Eiherabidek muntatuak.
Kantuetako hitzen aldetik, Jon Eiherabidek ditu idatziak zenbait, baina badute ere txikitoez osatu “Axeria” edo “Xikito kantua”. Zuberoako artzainek asmatu bertso erotiko edo berdeak dira txikitoak, Patri Urkizuk apailatu Bertso zahar eta berri zenbaiten bilduma (Durangoko Udala) liburuan aurkituak dituztenak. Beste kantu batean, “Harrak”, Assata Shaku Pantera Beltzetako kideak idatzi Maitasuna poema musikatu dute. Zooren kontzertua ostiralean izango da, Gerezieta gunean, 18:00etan.
KUARTZ
Ibes Mongabure eta Oihan Delavigne musikariek dute osatzen Bastidako (Baxenabarre) Kuartz talde gaztea. Mongabure gitarran eta Delavigne baterian. Mementoko kantu bakarra dute hedatua sarean, “Suntsitu”, baina ekaina bukaeran hastekoak dira grabatzen lehen EPa. Duela urte bat hasi ziren zuzenekoekin.
Erreferentzien artean, Niña Coyote eta Chico Tornado, The White Stripes edo Black Keys bikoteak dituzte. Beti gustukoak ukan ditu bikote taldeak Mongaburek berak, eta behin errepikatzen hasi zirela eta oraindik ez zutela argi ea beste musikari batzuekin osatuko ote zuten taldea, azkenean ez zela “beharrik” argi gelditu zitzaien. Konposatzeko orduan ere, “entseatzen gara konposaketa aski lodia sortzen, ez dadin faltarik senti”. Octaver oinpekoa daukate lagun. “Ez duzu sentitzen gitarra apalaren falta”. Stoner rock deitu estiloan murgildua da taldea, blues puntu batekin.
Sumendi bat, horrela irudikatzen du taldearen nortasuna bikoteak. Eta hitzak ere hortik doazela dio Mongaburek. Mongabure berak ditu idazten. Sentimenduak ditu jorratzen. Atera beharreko kontuak, “sumenditik ateratzen den labaren” gisan, hain zuzen. Kuartzen kontzertua larunbatean izango da, Gerezieta gunean, 18:30ean.
MOMO KORALA
Donibane Lohizuneko Moï Moï kolektiboa dago korala horren oinarrian. Musikari, artista plastiko eta ekoizleak biltzen dituen kolektiboa da Moï Moï. Sarako bestetan elkartua zela, bazkalondo batean, kantatzeko gogoarekin zeudela, korala bat zergatik ez muntatu ideia hazten hasi zitzaien. Txiste moduan. Eta txistea gauzatu zen. Geroztik erregularki biltzen dira kantatzeko. Itoiz, David Bowie, Les Rita Mitsouko ala Elvis, hauek dira beren kantuen erreferentzietako batzuk. Berez, ez dira baitezpada elkartuak publiko aitzinean aritzeko. Helburua “gure artean ongi pasatzea da”, koraleko zuzendari den Nahia Zubeldiak zehazturik. Publiko baten aitzinean aritzekotan, “etxean bezala” sentitzen diren lekuetan dira aritzen. Eta hauetako bat, beraz, EHZ jaialdia. Momo Koralaren emanaldia larunbatean izango da, Zelaian, 11:30ean.