Musika

“Doluak beste begi batzuk ere ematen ditu; hortik idatzi dut”

Badago gurutzatze bat, kontraste bat, Mikel Urdangarinen (Zornotza, Bizkaia, 1971) lan berriaren sakonean. Agertzearen eta desagertzearen indarrek bat egiten dute, eta badirudi talka horren emaritik onduak direla diskoa osatzen duten kantak. Izurdeen lekua jarri dio izena, eta apirila-maiatza bitartean, konfinamendu betean, euskal kostaldean agertzen hasi ziren izurdeak ekarri nahi ditu gogora; nola agertu ziren inoiz baino bistarago ezkutuan bizi direnak. «Izurdeek, basurdeek, oreinek, parkeak eta kaleak hartu zituztenean, gogorarazi ziguten zer galdu genuen, osasunaren truke askatasuna, oraindik berreskuratu nahian gabiltzana». Agerpenen ondoan, baina, desagerpenak. Gertuko norbait hiltzean hura «ukigarrien mundutik» nola joaten den ere bizi izan du azken hiletan, amaren heriotza tarteko, eta horrek ekarri dion egoteko modu berritik ere sortu du disko berria.

10488229

Mikel Urdangarin, Gasteizko kaleetan. (Jaizki Fontaneda / Foku)

«Amaren heriotzak doluaren talaia ekarri zidan», abiapuntua kantariak. «Ama behin galtzen duzu bizitzan, eta horrek dakarren lurrikara emozionalaz gain, dolua deitzen den hori dator, nik orain arte ezagutzen ez nuena. Gehien maite zenuen hori galtzen denean fisikoki, biderkatuta agertzen zaizu beste mila lekutan, batez ere, buruan eta bihotzean». Mundu paralelo batean sartzeraino, Urdangarinen esanetan. «Eta han egoten zara mundu honetan baino gehiago: oroitzapenen, ametsen, ebokazioen munduan». Ez da amaren heriotza izan disko berria ontzeko bulkada bakarra; izan ditu «iturri eta inspirazio gehiago», baina gertaera hark eman zion sarbidea kantu hauek eskatzen zuten aldarteari. «Doluak, minetik harago, beste begi batzuk ere ematen ditu bizitzari begiratzeko, eta hori baliatu dut hemen; hortik idatzi dut».

Diskoaren izen bereko kantuak ematen dio hasiera lanari, eta 11 abesti dira denera. Kantu bainoago, kasik «paisaia bisual» dira musikariarentzat. «Oroitzapenez eta ebokazioez baliatu naiz; beti dira gauza lainotsu bat. Amaren eta bion unibertsoan asko pentsatu dut, eta arrantzatutako irudi eta bizipenak daude; diskoa oso-oso bisuala da nire buruan. Konposatu ahala, nik beti neukan irudi bat, tonu bat, eszena bat, paisaia bat». Musikan ere saiatu dira bisualtasuna jasotzen. «11 pieza ezberdin dira, baina nik unitate bakar baten parte ikusten ditut».

Uda honetan idatzi ditu kantu guztien hitzak kantariak; bereak dira denak, Harkaitz Canok idatzitako “Ura dakartzut” salbu. Badira hitzen aldetik bi kantu aipagarri ere, euren soiltasunagatik: “Oh” da bata, Kirmen Uriberen poema bateko lerro batez osatua —«Oh, goizero behatzen zaitut lo»— eta “Utziozu”, ama hil berritan lagun batek bidali zion mezu bat jasotzen duena —«Utziozu bizitzari kulunka zaitzan»—.

Kantu horiek erakusten dute, Urdangarinen ustez, lerro bakar bat aski izan daitekeela kantu batek «indarra» izateko. Eta, hain justu, soinuaren aldetik disko honetan jauzi bat egiteko gogoz aritu dela aipatu du, pianotik gertuago. «Ez disgustura nengoelako, baina hautsi nahi nuen Margolaria-ren [2017] soinuarekin, gure zuzeneko taldearen soinu horrekin. Beste zerbait behar nuen bizitzen ari nintzen garairako eta sortzen ari nintzen kantuentzako, beste jantzi molde bat, eta badakit pianoak asko eragin didala. Orain ere hemen nago [bizpahiru tekla jo ditu eten bat eginda]. Gitarra eskuan aritu izan banintz, kantu hauek, gehienak, ez lirateke jaioko. Ez dut uste ezer asmatu dugunik, baina uste dut suma daitekeela beste soinu baten bila joateko intentzio bat».

Gozamenaren gakoa
Estudioko hamalaugarren diskoa du hau Urdangarinek. Bideak emandako eskarmentuak grabazio lana «gozamenez» hartzera eraman duela azaldu du, hor topatu duela lanaren fase horretarako gakoa. «Estudioan sartzen garenean, askotan serioegi jartzen gara, eta asko sufritzen da gauzarik naturalena ere pila bat kostatzen denean. Orain, saiatzen naiz disfrutatzen, eta, horretarako, lasai hartu beharra dago; saiatu ahalik eta indartsuen heltzen momentu horri». Ohiko taldekideekin arituko da zuzenean hurrengo hiletan: Ander Hurtado de Saratxo, Jon Cañaveras, Koldo Uriarte, Rafa Rueda eta Nika Bitxiasvilirekin. Data nabarmenen artean, hilaren 26an eta 27an Bilboko Euskaldunan ariko dira lana osorik aurkezten.

ETIKETAK:Harkaitz CanoKirmen UribeMikel UrdangarinZART