Musika

Andoni Tolosa

2016.11.07

Andoni Tolosa

Disko kritika: “Zerbait ari da…” (Txuma Murugarren)

Txuma Murugarren azala.pdf

Lehenengo bakarkako diskoa Nire leihoak (2000) kaleratu zuenetik egiten ari den ibilbide sendoan, uztartu egin ditu Txuma Murugarrenek disko pop-rockeroak eta estilo aldetik disgresiboagoak gertatzen direnak. Kontuan hartuta aurrekoa Angel Unzurekin buruz buru egindako 14 abesti eta hamahiru istorio txiki (2013) zela, imajinatzen genuen disko rockeroa tokatzen zitzaigula, eta halaxe gertatu da; lana irekitzen duen Apurrak galtzetan” entzuten hasi bezain laster ohartuko zara. Gitarra elektriko zorrotzek, bateria eta baxuaren erritmo pisutsuek ongietorria emango dizute, eta Txumaren ahots kraskatuak ohikoak dituen istorio ilun horietako bat kontatuko dizu. Murugarrenek bere alderik indartsuena erakusten du disko honen hasieran, eta ez da kasualitatea; zorigaiztoaren aurrean zutitu eta ahotsa altxatzen duen horietakoa da, ez da zalantzarik.

Hurrengo kantuetan, diskoak ohikoagoak diren abiadura ertaineko kantu eta baladetara jotzen du, maila bikaineko sorta osatuz alez ale. Badakit hori ez dela berrikuntza Murugarrenen kasuan, espezialista dela kantu sendoak idazten, baina Zerbait ari da gertatzen, hor bakarkako bederatzigarrena entzun ahala, azken urteetako Txumarik inspiratuena itzuli dela irudikatu ahal izango duzu. Alferrik deitoratzea” balada ilunean, adibidez, edo ohikoan lantzen ez duen diskurtso kasik politikoa erakusten duen Zerbait ari da gertatzen, hor” alaiagoan, erritmoetan hainbeste maite dituen kabaret giroan murgilduta, eta gero datorren Bagoaz hemendik”, beste balada elektriko bat, eta berriro politika, kasik eremu intimora ekartzen duen Dirua falta bazaigu” countrya. Baina batez ere aipagarriak iruditu zaizkigu Uda usaina” eta diskoa ixten duen Poz biribila” akustiko eta freskoa. Disko osoko bi kanturik optimistenak, nolabait azaltzeko.

Ohiko musikariekin lan egiteak ongi egin die kantuei, eta hortxe doaz ongi koipeztatutako makina baten moduan, zoru ezin hobea jarriz kantuak haz daitezen. Aipagarriak dira Miguel Ramirezen gitarrak; presentzia izugarria dute disko osoan zehar, baina oso gutxitan hartzen dute protagonismoa, eta horrela inoiz ez dute oztopatzen Murugarrenen kantuetan hain garrantzitsua den giro horren garatzea. Eta, alor horri dagokionez, baxua eta bateria dira, kasik, zuzendari.

Disko osoa da, betelanik gabekoa, hasieratik bukaeraraino hari berak josia, hortxe baitago Txumaren ahots lakarra pertsonen gainbeheren kronikak aletzen, bata bestearen atzetik, geldo eta ongi ulertzeko moduan. Ohikoak dituen ezaugarriak dira, ados, baina bakarkako bederatzigarren honetan, uste dut ahalegin berezia egin duela bere melodia-erretolika horiei haizea ematen leloetan, kantuen intentsitatearekin gehiago jolasteko, eta lortu duela esango nuke, kantariaren azken urteetako diskorik borobilena iruditu baitzaigu. Musika heldua, entzule helduontzat, eta estimatzen zaio ahalegina.

(Berria egunkarian, 2016ko azaroaren 6an argitaratutako kritika)

ETIKETAK:Angel UnzuDisko KritikakDiskoakHemerotekaMiguel Ramireztxuma Murugarren