Musika

Jon Urzelai

2017.09.07

Jon Urzelai

Disko kritika: ‘Zandergraun’ (Meido)

Zandergraun

Zaldi talde bat galopan bailitzan hasten da Meido taldearen hirugarren disko luzea, Zandergraun. Indartsu eta tinko, hala aritu baitira bilbotarrak Cu-Kuprea lehen saiakeraren ostean Munduko kamioirik handiena izeneko diskoa argitaratu eta beraien ibilbidea abiatu zutenetik. Izenak berak ongi islatzen zuen disko hark ezkutatzen zuena: abesti pisutsuak bata bestearen gainean pilatuta, baina ez nolanahi, agian lehen begi kolpean asimilatzen ez den zehaztasun eta teknika handiz baizik. Gerora etorri zen Double Dragon jostalariagoa, taldearen soinuari erritmo gehiago eman ziona inongo irmotasunik kendu gabe.

Konturatu gabe 10 urte bete ditu taldeak horrela, euskal noise-rock talde bakanetako bat izanagatik beti itzalpean. Agian horrexegatik jarri diote Zandergraun izenburua diskoari, batetik, umore absurdoaren eta hitz jokoen zaleak direlako (“Jarrifon Sord” abestia adibide) eta bestetik, Espainiako estatu osoko ezkutuko zoko ezberdinetan behin eta berriz jotzen arituak direnez, haiei gorazarre egiteko-edo. Baina kontuz, hau ez baita inongo astunkeria ariketa erraza, bide markatuei muzin egin eta eraikitako lur zurruna zatikatu eta deseraikitzen aritu baitira berriz ere, forma berriak sortu nahian. Euskal Melvins batzuk bailiran, doinu astunak era oso zabal eta interesgarrian jorratzen dituzte bizkaitarrek: trantze etereotik rock zuzen eta indartsura salto egiten dute etengabe diskoko zortzi abestietan, era anitz eta adimentsuetan.

Meidokoek urteak daramatzate beraien formula konplexuarekin jolastu eta astinduak ematen, eta, bistan denez, dagoeneko ederki menderatu dituzte hanka-joko jolastia eta baita ezker-krotxeta ere. Belarriak ondo irekita eta mugimendu desberdinei adi, instrumentuen arteko elkarrizketek alde batetik bestera eraman zaitzaten utziz entzun beharreko diskoa da.

ETIKETAK:Disko KritikakDiskoakMeido