2017.05.29
Jose Mujicaren hausnarketa interesgarri batek ematen dio hasiera diskoari. Mezuaz harago, proposamenaren inguruan hausnartu du Leitzako Katez taldeak, eta pauso esanguratsua eman du Zain bigarren diskoarekin. Horrelako lanak behar ditu euskarazko metal alternatiboak. Bitxia bada ere, Gabezia talde gipuzkoarrak Jorge Oteizaren hitzak erabili zituen bigarren diskoa zabaltzeko. Paralelismo deigarria. Seikote nafarrari dagokionez, metal eta rock alternatiboaren osagai interesgarrienak hartu dituzte. Gordintasuna eta melodia. “Merkantzia” eta “Hegarriz” dira horren eredu. Joerei ez diete bizkarra ematen, eta metalcore zein posthardcore pieza laburra da “Gezurrekin jolasten”. Aldiz, “Legea vs justizia” danbateko deigarriena da. Gora gazte gaiztoak!
(Berria egunkarian, 2017ko maiatzaren 28an argitaratutako kritika)