2016.11.28
Jaiotza berri bat bezalakoa izan omen da Willis Drummond taldearen azken diskoa sortu eta argitaratzearen prozesua, eta egia esan, beren denbora behar izan dute horretarako. Duela bi urte agurtu zuten taldea, etorkizun lausotu bat ikusaraziz, eta iazko Herri Urratseko abestia sortu eta egunean bertan kontzertua eskaini bazuten ere, partaideak proiektu paraleloetan buru-belarri ari ziren taldearen itzuleraren inguruan isiltasuna nagusi zen bitartean, zaleak itzulerarik inoiz izango ote zen dudan jartzeraino.
Baina hala izaten dira sorpresak, eta apirilean itzuleraren berri eman zuten, udarako bost kontzertu eta urte amaierarako disko berria iragarriz. Bidehutsetik pasatutako asko bezala, kultuko talde bihurtu dela esan dezakegu, eta, kontzertuetan horrenbeste nabari ez bada ere —Donostiako Aste Nagusiko betekada vs. Arrigorriagako jaietako lau katuak—, sareek, komunikabideek eta zaleon entzuteko gogoak izugarrizko ikusmina sortu dute hilabeteotan. Eta iritsi da urte amaiera, eta iritsi da Tabula Rasa, taldearen bosgarren diskoa.
Hitz batez definitu beharko banu, disko elektrikoa dela esango nuke, rock klasikoa puri-purian ageri dena, lehen entzunaldietan euren hasierako diskoen itxura handiagoa hartuz. Hala ere, eta entzunaldiak aurrera joan ahala, azken lanetako heldutasuna ageri da, rock-and-roll disko bat detailerik txikiena ere zainduz egin daitekeela erakutsiz. Lan berri honetan aise nabaritu dut Neil Young edota Pearl Jam zaleak direla ez dutela soilik kamiseta eta eranskailuetan erakusten, eta gaur egungo taldeen musika ere entzuten dutela, Capsula eta Belako esaterako. Joseba Baleztena taldean sartu eta Rafa Rodrigok utzi izanak ere izango du zerikusirik aurreko lanetik honakorako aldaketan, lehen aipatu abesti elektriko eta azkarrek haren gitarraren ukitua baitute, aurrerapen izan zen “Athabasca” eta “Orain” kantek, kasurako; era berean, Jurgik bakarka abiatu duen Ekiza proiektuaren arrastoak ere ageri zaizkigu “Hedea” eta “Hondamendi hontan” lakoetako ahots erregistro eta melodia apaletan. Ezin aipatu gabe utzi “Orain II”, aurreko kantuaren amaierako distortsio doinuak luzatuz sortutako hiru minutu pasako abestia, eta ziurrenik kasualitatea izango ez dena —edo bai—. Anabasa izugarria gerta zitekeen egin duten guztiarekin, baina heldutasuna horretan nabari zaie, betiere letra sozialek berebiziko garrantzia dutelarik, elementu bakoitzak non joan behar duen eta abesti bakoitza noraino hel daitekeen ongi neurtuta osatu baitute Tabula Rasa.
Jaiotza berri baten kronika izenburupean ikus-entzunezko erreportaje txiki bat argitaratu dute duela gutxi, eta Xan Bidegainek aipatutako esaldi batekin gelditzen naiz: «Gure bigarren lehen diskoa da hau». Jaioberri baten freskura dauka, baina urteetan bizitakoaren eskarmentua, eta betiko Willis Drummonden izaera eta doinua.
(Berria egunkarian, 2016ko azaroaren 27an argitaratutako kritika)