Musika

Ihintza Orbegozo

2017.05.29

Ihintza Orbegozo

Disko kritika: ‘Rodeo’ (Rodeo)

Rodeo azala

Badira herri batzuk, txikiak izanagatik, sormenerako gaitasun handiko pertsonaiak perretxikoak bezala ateratzen direna, herri horretako lurrek ongarri berezi bat balute bezala. Zestoa horietako bat dela iruditzen zait, musikaren munduan batez ere. Urte askotan, hainbat estilotako taldeak ezagutu ditugu, baina azkenaldian ezaguna egiten ari den Rodeo taldeak harrituta utzi nau. Jakina da Euskal Herrian rock doinu gogorren zale asko dagoela, bere aldaera guztiekin, baina funtsean gogor aritzen direnak. Stoner deritzonak ere horietako zale dezente batzen ditu, eta, oso musika amerikarra iruditu arren —desertuko irudiak datorzkigu gogora, Ford Falcon zahar bat Death Valleyko errepideetan barrena—, ari da gure paraje berdeetan ere zabaltzen. Ingelesez entzutera ohituta gauden estiloko euskarazko taldeak gero eta gehiago dira, eta Rodeo zestoarrak azken hilabeteotako adibide garbia ditugu.

Stoner purua jorratzen dute —beste euskal talde gehienek baino sakonago, nire ustez—, euren erreferente nagusia Kyuss dela harrotasunez azalduz eta agerian ipiniz. Hiru urte besterik ez duen taldeak lehen diskoa argitaratu du duela gutxi —lehen maketa bat zuen—, eta bai kritika eta bai publikoa bereganatzea lortu du. Gaztea-ko maketa lehiaketako finalera iritsi dira azkeneko aldian, eta hamaika kontzertu eman dituzte.

Esan beharrik ez dago doinu pisutsuak direla jaun eta jabe taldearen izen bereko lan osoan, eta tarte instrumental sakonei eta psikodelikoei berebiziko garrantzia ematen dietela. Lehen lana kolaborazio ugariz betea ekarri dute, Voltaia taldeko Unai Eizagirre, Grises-eko Eñaut Gaztañaga, Lin Ton Taun-eko Joseba Illarramendi, Ankhar-eko Jesus Perez eta Berriketan-eko Mikel Ibarguren eta Adrian Larrañaga ageri baitzaizkigu diskoan. Txontxongiloak”-en, hasiera-hasieratik argi uzten dute indartsu datozela, eta ondoren datozen Mugak” eta Itotzen”-en berretsi egiten dute. Fluxua” eta Gizon iluna”-n, berriz, lehen aipatu psikodelia momentu instrumental luzeak ditugu. Hitzak gizartean oinarrituak dira nagusiki, «badator piztia denbora lapurtuaz, badator piztia miseria zabalduaz» edo «Jainko iluna merkatuaren profeta, jauntxoen gaineko gobernu iluna» modukoetan nabari denez, nahiz eta «zulo sakonetan hondoratzen, esperantza dena hiltzen» edo «haizeak ihes egin zidan poltsikora sartu baino lehen, urrunegi joan nintzen atzera begiratu gabe»-k barnera begira sorturiko hitzak ere badaudela erakusten diguten.

Musika eta hitz ilunak nagusi hamar abestiz osatutako Rodeo-ren lehen lan luzean, baina entzuten hasi eta desertuko zurrunbilo batek harrapatzen zaituela dirudi, zentzumen guztiak musikan ipiniz, hipnotizatzeraino. Hau hasiera dela ikusita, denbora luzez gelditzeko intentzioz agertu izana espero dut.

(Berria egunkarian, 2017ko maiatzaren 28an argitaratutako kritika)

ETIKETAK:AnkharDisko KritikakDiskoakHemerotekaLin Ton TaunRodeoVoltaiaZestoa